steburuan hainbat lekutako udaletxek galarazi egin dute ohiko elikagai azokak eta feriak ospatzea (Bilbon eta Durangon, esaterako). Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak koronabirusari aurre egiteko abian jarritako larrialdirako legedi bereziak, hala ere, estrategikotzat jotzen du elikadura eta beraz, legez bermatzen dute elikagai dendak zabalik mantentzea eta baita saltokietarako elikagai horniketa ere.

Horregatik, asteburuan hainbat udalerritan azokak ixteko egon den aginduaren aurrean, ENBA nekazal elkartetik dei berezia luzatu zieten atzo azoka eta feriak antolatzen dituzten udaletxeei, zabalik mantendu ditzaten. "Urduritasun eta alarma egoera honetan neurri batean elikagaien salmenta bermatuta dagoela ematen du; baina baserritarrek beraien azokak irekita manten-tzea ere garrantzitsua da", azaldu zion atzo egunkari honi Xabier Iraola ENBAko koordina-tzailea.

Izan ere, zenbait baserritarrek euren produktuak supermerkatuetara bideratzen dituzte, kooperatiba baten bidez, esaterako. Baina badaude beste batzuk euren ekoizkinak oso leku desberdinetan saltzen dituztenak. "Batzuetan, pertsona berdinak aldi berean saltzen ditu produktuak supermerkatu batean edo bi edo hiru denda txikitan; baina baita azoka batean edo kontsumo talde batean ere", zehaztu zuen Iraolak.

Beraz, ENBAren iritziz orain ez da azokak ixteko momentua, erregulatzekoa baizik. Azpeitian eta Tolosan esaterako, azokak zabalik mantentzeko erabakia hartu dute, osasun-neurriak hartuta. Horrela funtzionatzen jarraitzen dute, baita ere, Donostiako Bretxa eta San Martin azoketan ere.

Azken horretan egiten du lan Hernaniko Altzueta Baserriko Irune Berakoetxeak eta astelehenetik larunbatera barazkiak saltzen ditu. "Ostiralean eta larunbatean jende gehiago etorri zen eta gaur, aldiz, gutxiago", azaldu zuen Berakoetxeak. Hala ere, egoerak koronabirusa iritsi baino lehen bezala jarraitzen duela uste du: "Supermerkatuan, lehen bezala, jende gehiago ibiltzen da orain ere. Baina uste dut supermerkatuek ez diotela merkatuari tokia kendu eta jendeak ez diola utzi azokara joateari", esan zuen.

Oraindik eraginik nabari ez badu ere, etorkizunean izan dezakeela uste du Berakoetxeak, batez ere, jendeak "beste ohitura batzuk hartzen baditu". Bestalde, azoketan lan egitea debekaturik ez dagoenez, San Martin merkatuak ziurtagiri bat eman die bertako langileei ertzainek edo udaltzaingoek lanera bidean nora doazen galdetzen badiete, bertan lan egiten dutela frogatzeko.

Udaletxe batzuk jende pilaketak ekiditeko ezarri zuten azokak galarazteko neurria. Baina Iraolaren ustez jende pilaketak, egotekotan, asteburuko azoketan bakarrik egoten dira. "Asteburuei begira zerbait antolatu behar bada, antolatuko da. Baina egunerokotasunean ez dira jende pilaketak izaten azoketan eta baserritarrei euren lekua bermatzea nahi dugu, horietako batzuk azoketan bakarrik egiten dutelako lan", nabarmendu zuen.

ENBAren iri-tziz tokiko elikagaiak sustatzeko unea da orain. Horregatik, baserritarrek euren ekoizpena merkaturatzeko arazoren bat baldin badute, nekazal elkarteak 699 467 686 zenbakia jarri du eskuragarri "bitartekari lana" egiteko. "Deitzen duen baserritarrari laguntzeko, adibidez Eibarko azokan egiten badu lan, bertako elkarteei edo udalari deituko diegu ikusteko ea egoera nola konpondu daitekeen. Partikular bat alde batetik bestera ez ibiltzeko eta bitartekari lana egiteko erabiliko dugu zenbaki hori", azaldu zuen Iraolak.

Elikagaien saltokiak irekita mantendu daitezkeenez, azokak ere baserritarrentzat eta bezeroentzat zabalik egotea "bermatu" behar dela aldarrikatu du ENBAk.

"Baserritarrei euren lekua bermatzea nahi dugu, batzuk azoketan bakarrik egiten dutelako lan"

ENBAko koordinatzailea

"Uste dut supermerkatuek ez diotela merkatuari tokia kendu"

Hernaniko Altzueta baserriko senidea