zaldibar - Erreskateaz arduratzen ari diren beharginek oraindik ez dute jo desagertutako bi pertsonekin. Gauzak horrela, arazoari irtenbideren bat aurkitzeko bidean, bilaketa-operatiboak miaketa-pala berezi berri bat izango du, materiala intentsitate handiagoz mugitu eta bahetu ahal izateko.

Erabaki hori atzo goizean iragarri zen Txurdinagako Larrialdiak Koordinatzeko zentroan, Zaldibarko zabortegiko bilaketa koordinatzeko batzorde teknikoan. Josu Zubiaga Segurtasuneko sailbu-rurordea izan zen bilera horren burua, eta berarekin batera, Ingurumen Saileko teknikariek, obra zibileko zuzendaritza teknikoko teknikariek, Bizkaiko Aldundiko ordezkariek eta Eusko Jaurlaritzako Larrialdietako langileek hartu zuten parte.

Batzordean azkenaldiko aurrerapenak ebaluatu ziren, hala nola, obra zibila egitea zein erauzitako materialak arakatu eta bahetzeko lanak. Halaber, plangintza neurri batzuk hartu ziren alderdi operatiboan aurrera egiteko. Hartara, azken orduetan sartzeko pista berri bat irekitzeko lanak burutu dira, B1-3 bilaketa eremuan materiala kendu eta bahetzeko; astebeteko epean egingo dira lan horiek asko jota.

Horrez gainera, aste honetan Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomi eta Lurralde Garapenerako Sustapena Sailari atxikitutako Interbiakekin elkarlanean hastea espero da, B3 bilaketa eremutik materiala kanporatu ahal izateko. Bien bitartean, egonkortzeko eremuan aurrera pausuak ematen ari direla helarazi du Jaurlaritzak. Izan ere, makineria berria sartu da, eta, era berean, hondakinak aldi baterako metatzeko espazio bat egokitu da B4 eremuan.

Aipatutako aurrerapen guztien harira, hasieran azaldutako miaketa-pala espezifiko bat egiteko erabakia hartu da, B-4 eremuan baliatzen ari denaren antzerakoa. Zabortegiaren goialdeko gainzalean errekuntza fokuren bat berriz ere aktibatzeko aukerari dagokionez, egoera kontrolpean manten-tzeko, suhiltzaile talde finko bat dago, ur putzu iraunkor batekin eta lursailean aparra aplikatzeko paradarekin.

EUSTE-HORMA Garabi handi bat kokatu da Zaldibarko zabortegiaren erdigunean, euste horma erraldoi bat eraikitzeko asmoz. Horma horrek 42 harrobi bloke ditu, eta bakoitzak 45 tonako pisua dauka; itsas dikeen antza dute. Honen bidez, irristatze berriak ekidin nahi dira, AP-8 autobidea babestuta egon dadin otsailaren 6koa errepikatzekotan.

Horrekin batera, mendiaren goiko aldean 75 metro karratuko pantaila dinamiko bat jarriko da, lurrari eusteko gaitasuna izango duena. Modu honetan, 7.700 metro kubiko material baliatzeko aukera izango dute garabiak zein pantailak berak, edo berdina dena, ezbeharraren egunean erori zen materialaren bikoitza baino gehiago izango dute erabilgai. Imanol Paredes Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak joan den astean jakinarazi zuen bezala, aste honetan amaituta egongo dira bi dispositiboak.

Hori posible izateko, 10.000 metro kubiko lur kendu behar izan dira. Hedadura hori, Ermuko ordainleku zaharraren ingurutik utzi zen atzo, eta, momentura arte, ez da amiantorik aurkitu hondarretan.

Miaketa-pala. Zaldibarren desagertutako bi pertsonak topatzeko bidean, bilaketa-operatiboak miaketa-pala berezia baliatuko du, modu honetan, materiala intentsitate handiagoz mugitu eta bahetu ahal izateko. Erabakia atzo goizean iragarri zen Zaldibarko zabortegiko bilaketa koordinatzeko ba-tzorde teknikoan.

Horma. Zabortegiaren erdigunean garabi handi bat kokatu da, euste-horma erraldoi bat eraikitzeko intentzioarekin. Horma horrek 42 harrobi bloke ditu, eta horietako bakoitzak 45 tonako pisua dauka. Honen bidez, irristatze berriak ekidin nahi dira.