donostia - Euskara ikastea denboran zehar atzeratu daitekeen asmoa dela uste dutenentzat aitzakiak agortzen ari dira . Izan ere, dagoeneko doakoa da B2 mailara arteko ikaskuntza Euskal Autonomia Erkidegoko 103 euskaltegietan. Elkarlanaren emaitza izan den lorpen bezala iragarri zuten atzo 3.928.000 euro jarriko dituzten erakunde ezberdinek, besteak beste Eusko Jaurlaritzak. Honen bidez, ikasleen %70ak B2 mailan edo beherakoetan izena ematen dutela kontuan izanik, gaur egun EAEn euskara ikasten ari diren 35.000 ikasleetatik, gutxi gorabehera, 24.500 ikaslek jaso ahalko dute dirulaguntza. Horretarako, bi baldintza baino ez dituzte bete beharko: eskoletara %75eko asisten-tzia bermatu eta dagokien maila gainditu ikasprozesuan aurrera eginez.

Modu honetan, eskakizun historiko bati erantzuteaz gain, legegintzaldian zehar hartutako konpromiso bat betetzen du Eusko Jaurlaritzak, diru kopuru handiena jarri duen erakundeak. Bingen Zupiriak Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gogoratu zuenez, "urteak dira erakundeetatik dirulaguntza ezberdinak bideratzen direla euskara ikasteko, euskaltegietako ikasleek egin behar duten ahalegin ekonomikoa txikiagoa izan dadin". Bere esanetan, horrela egin da "euskararen ikasprozesua lagundu behar den zerbait dela" uste delako. Izan ere, "edozein hizkuntza berri ikasteko eta menperatzeko bidea ez da erraza, baina erraztasunak emanda bide hori egingarriago eta bermegarriagoa egin daiteke". Ildo beretik doaz, era berean, euskaltegiek duten malgutasuna ordutegi ezberdinak eskaintzeko orduan edota ikasteko metodo alternatiboak eskura jartzeko.

Zupiriaren esanetan, "Euskadiko hainbat tokitan euskaraz hitz egiteko gai direnen kopurua txikia da oraindik eta euskararen ezagutza susta-tzen eta indartzen jarraitu behar da hurrengo pausoa emateko: ikaskun-tzatik erabilerarako pausoa". Horrela, azken urteetan adostasunak bilatu dituzte elkarlanean dauden erakunde ezberdinek "dirulaguntza lerro ezberdinak osagarriak izan daitezen". Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak argitu zuenez, B2 mailara arteko doakotasuna hitzartu da "eraginkortasunez komunikatzeko gaitasuna" bermatzen duelako. Gainera, Derrigorrezko Hezkuntza bukatzerakoan eskatzen den maila bera dela azaldu zuen, eta, horrekin, "sistemaren koherentzia" bilatzen dutela. Era berean, Zupiriak adierazi zuen garrantzitsua dela dirulaguntzak ikasleen ardura eta konpromisoarekin lotzea.

Erakunde bakoitzak ekarpen ezberdinak egingo ditu B2 mailara arteko doakotasuna lortu ahal izateko. Guztira ia lau milioi euro jarriko dira, 3.928.000 euro zehatz-mehatz. Horietatik, Eusko Jaurlaritzak hiru milioi euro bideratuko ditu aurten (iaz baino 525.000 euro gehiago; 2018an baino 1,2 milioi euro gehiago); Bizkaiko Foru Aldundiak, 480.000 euro; Arabako Foru Aldundiak, 185.000 euro; Gipuzkoako Foru Aldundiak. 42.000 euro, eta, azkenik, EAEko udal ezberdinek 221.000 euro. Ekarpen horiez gain, erakundeek bestelako dirulaguntzak eskainiko dituzte C1 eta C2 mailetako ikasleentzat (Eusko Jaurlaritzak, esate baterako, 150.000 euro), baina kasu horietan ez da erabateko doakotasuna bermatuko.

dirulaguntzak dirulaguntzak emateko prozedurari dagokionez, 2020ko irailera arte bi bide egongo dira. Alde batetik, A1, A2 eta B1 mailen kasuan, euskaltegien bidez maila egiaztatzen duten guztiek diru-lagun-tzak jaso ahal izango dituzte, beti ere asistentzia baldintzak betetzen badituzte. Bestetik, B2 mailako ikasleen kasuan, HABEk kudeatutako B2 azterketa gainditu beharko dute dirulaguntza jaso ahal izateko. Hala ere, irailetik aurrera, maila guztietako ikasleentzat, B2koentzat barne, nahikoa izango da euskaltegiko maila gainditzea. Halaber, epeari dagokionez, 2020ko urtarriletik irailera arte A1, A2, B1 eta B2 maila gainditzen dutenek, abenduan jasoko dute laguntza. Zenbatekoari erreparatuz gero, ikasleak maila hori gainditzeko jarritako diru kopurua itzultzera joko da, beti ere ikasprozesuaren kostuen baitan.

Elkarlana Sailburuarekin batera, elkarlanean aritu diren beste erakundeen ordezkariek ere parte hartu zuten egitasmoaren aurkezpenean. Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudeleko presidenteak adierazi zuen 39 udal euskaltegi dituztela. "Udal gehienek ekarpen ekonomikoak egin dituzte eta saiatu gara B2 mailara arteko doakotasuna eskaintzen", azaldu zuen. "Euskara ikasteko bidea erraztu behar dugu, bazter guztietara eramaten saiatu behar gara", gaineratu zuen.

Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara eta Kultura diputatuaren esanetan, "Bizkaiko herritarrentzat karga ekonomikoa ezin da oztopo izan euskara ikasteko orduan". Gainera, bere ustez, "ezagutzan aurrera egin behar dugu nahiz eta erabileran dagoen erronka". Bestalde, Garbiñe Mendizabalek, Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasunaren zuzendariak, adierazi zuenez, "euskara ikasteko ahalegina eta pausoa ematen duten horiek guztiek merezi dute gizartearen esker ona eta Administrazioaren babes osoa, hizkuntza berdintasuna lortzeko bidean egiten duten ekarpenagatik". Azkenik, Lexuri Ugarte Arabako Euskara zuzendariak ordezkatzen duen lurraldeak 15 euskaltegi dituela adierazi zuen, non 5.000 ikasle dauden. Bere esanetan, doakotasuna bultzatzeko erakundeen "elkarlana eta lankidetza" azpimarragarriak izan dira.

Euskaltegi. Euskal Autonomia Erkidegoan 103 euskaltegi daude. Gehienak Bizkaian eta Gipuzkoan; eta 15 soilik Araban. 39 udal euskaltegiak dira.

Ikasle. EAEko euskaltegietan 35.000 ikasle daude: horietako 20.000, Bizkaian; 10.000, Gipuzkoan, eta 5.000, Araban. Ikasleen %70 inguruk B2 mailan edo beherakoetan ematen dute izena. Beraz, gutxi gorabehera 24.500 ikaslek jaso ahalko dute dirulaguntza.

euro. Guztira, 3.928.000 euro jarriko dituzte erakundeek: Eusko Jaurlari-tzak, 3 milioi euro; Bizkaiko Aldundiak, 480.000 euro; Arabako Aldundiak, 185.000 euro; Gipuzkoako Aldundiak, 42.000 euro, eta, azkenik, udalek 221.000 euro.

Asistentzia. Dirulaguntzak jaso-tzeko ezinbestekoa izango da ikasleentzat bi baldintza betetzea: eskoletara %75eko asistentzia bermatzea eta, B2 mailara arte dagokien maila gainditzea ikasprozesuan aurrera eginez.