donostia - Mondragon Unibertsitateko ikasle talde batek diseinu desberdineko hiru surf-ohol egin ditu. Taula hauei poliuretanozko nukleoaren ordez kartoi korrugatua jarri diote atmosferara karbono dioxidoa isurtzea saihestu asmoz.

Mondragon Unibertsitateko Ekoteknologia Industrialen Ingeniari-tzako hirugarren mailako hamahiru ikasleko talde batek oholek flotatzen dutela eta uretan egonkorrak direla erakutsi zuen atzo Kontxako hondartzan.

Olatz Ruiz de Galarreta ikasleak adierazi zuenez, talde bakoitzak froga egiteko hamar minutu izan zituen "edozein dendatan eros daitezkeen taulekin bezala surfean egin daitekeela" egiaztatzeko.

Taula hauek, euskal unibertsitate honetako lauzpabost ikasleko taldeek egindako seihilekoaren amaierako proiektua osatzen dute; ikasketa eredu honetan benetako arazoen irtenbide-bilaketan oinarritzen dira.

Ingurumenaren ikuspegitik produktu jasangarria diseinatzea zen ikasle hauen erronka; izan ere, munduan urtero ekoizten diren milioi bat surfeko oholek 200.000 tona karbono dioxido isurtzea eragiten baitute.

Oholez aparte, herdoilgaitza eta jarri eta kentzen oso erraza den parrila arina ere diseinatu dute ikasleek, bizikletan eroso garraiatu ahal izateko. - M. Tolosa