Matematikak ederrak eta dibertigarriak dira. Abiapuntu horretatik, Leire Arana Arizmendi Ikastolako irakasleak matematiketan.eus bloga sor-tzea erabaki zuen, bizitzari "betaurreko matematikoekin" begiratzeko orduan lagungarri izateko asmoz.

Zer dela eta bururatu zitzaizun bloga sortzea?

Matematika manipulatiboaren ildoa publikoki eta debalde zabaltzeko aukera ematen duelako. Gaiarekiko interesa izatea da blogak eskatzen duen kondizio bakarra. Euskaraz dago, izan ere, hori oso gai garrantzitsua baita niretzako, alegia, matematikak euskaraz ikastea. Blogaren formatua gustatzen zait, itxoiteko aukera ematen duelako; dagokion momentuan konektatzeko gaitasuna, hain zuzen. Idatzitakoak hor geratzen dira norbaitek noiz irakurriko zain. Ikuskera poetiko xamarra da, ezta?

Arkatza eta borragomaz gainera, matematikak ikasteko beste modu batzuk daude, ezta?

Bai horixe! Arkatzak eta borragomak egotea beharrezkoa da, baina lehenago beste bide batzuk urratu behar dira eduki eta kontzeptuen sakoneko ulermena sustatzeko. Hori, LHn bereziki, lehentasunezko kontua da. Egoera matematikoak umearentzako esanguratsuak diren testuinguruetan kokatzea eta egoera horiei zuku matematikoa ateratzea eta lantzea da irakasleak egin behar duen magia. Eta kontzeptuak eskuekin erabiltzeko moduan jartzea, eta prozesu berdina egiteko bide anitzak aprobetxatzea, beti ere edukien ulermena sustatzeko, jolasaren bitartez matematika aberastea, inguruko matematikaren behaketa sustatzea, egin edo ikasitakoak hitzetara ekartzea, esperimentazio eta ikerketarako sena martxan jartzea€ Horiek denak dira irakasleak dinamizatzeko geratzen diren esparruak. Magia asko, ezta? Ez da lan erraza, ez. Polita bai, baina ondo prestatuta egotea eskatzen duten gauzak dira.

Puzleak, hiru dimentsioetako materialak, eta abar, erabiltzen dituzu.

Askotariko materialak proposatzen ditut. Batzuk erostekoak, beste asko eskulan eran eraikitzekoak, desafioak, plantilla sinple bat inprimatuta jarduteko moduko jolasak, karta edo dadoekin egitekoak... Modu honetan jardun nahi izanez gero, ezinbestekoak diren materialen zerrenda ere badago. Azken hauek aukeratzen ditut LH guztirako erabilgarriak diren materialak direlako. Ezinbestekoen artean azpimarragarrienak Cuisenairen erregletak izango lirateke, erabilera anitzena eskaintzen dutelako. Kontua izaten da erosi eta gero benetan daukaten erabilera guztiak aprobetxatzen jakin behar dela.

Musika ere bai baliagarri izan daiteke matematikak ikasteko.

Matematika mundu honetan pasatzen diren prozesuak deskribatzeko beste hizkuntza bat den heinean, ia denarekin lotu daiteke. Musikarekin ere bai, noski. Webguneko proposamen bat, esate baterako, multiplo komunetako txikienak txaloka azaleratzea da. Edo hizkuntza musikalean bai erritmoa eta bai nota aldaketak zenbakitara eta zatikitara eramatea.

Hezkuntzak oro har salto handi bat eman du, irakasteko metodo tradizionaletik harago. Nola izan behar du, zure ustez, matematika klase bat?

Hasteko irakasleak ahaldunduta egon behar du gaiarekin. Horren bila ari gara azken urteotan gure ikastolan eta orohar Ikastolen Elkartean. Eta, hortik, betaurreko matematikoak jantzi eta egunero gelan gertatzen diren gauzen matematikatik abiatuz, dagozkion abstrakziorako urratsak zainduz, lehenengo urteetako eduki gehienak landu ahal izango genituzke. Desafio giroa, erabaki matematikoak hitzez adosteko asanbladak, jolaserako tarteak, arrazonamendu prozesuei protagonismoa emateko momentuak... Horrelakoak behar dira gelan.

Nola lortu matematikak ulertezin eta aspergarri ez izatea? Nola lortu, azken finean, ikasleak motibatzea? Matematikaren mekanizazio hutsetik, instrukzio itxi eta itsuetatik, bide bakarretatik alde egin beharra daukagu. Hortik nahikoa izan dugu! Matematika ederra da eta eguneroko gauzekin berehala lotu daiteke LHn. Hortik tiratu beharra daukagu.

Gurasook ere askotan ez dakigu nola landu matematikak gure semealabekin, nola lagundu. Jokorik edo gomendatuko zenidake?

Hor ere gako garrantzitsua aipatu duzu. Izan ere, gurasook geureganatuta izaten dugu umeei hizkuntza kontuekin, irakurketan, ipuin eta abestiekin jardutea dagokigula. Matematikarekin lotutako kontuak, ordea, ikastetxearen esku uzten dira. Asko jota, bertako etxerako lanak egitera mugatzen gara kasurik gehienetan. Bada, hor ere, aldaketak behar dira. Eta hemendik berriz ere blogaren helburuetara iristen gara: Izan ere, bloga gurasoei begira egindakoa ere bada. Desafio giroa, jolas giroa eta betaurreko matematikoekin jarduteko giroa etxean ere behar baitira.