donostia - Udako Euskal Unibertsitateak, UPV/EHUrekin baterako argitalpenean, IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan liburua argitaratu du.

Bi erakunde hauek 2016-2017 ikasturtean martxan jarri zuten graduondokoan oinarritzen da liburua eta 32 adituen ekarpenekin osatu da.

Mikel Iruskieta, Montse Maritxalar, Amaia Arroyo-Sagasta eta Abel Camacho izan dira lan honen edizioaren arduradunak.

Atzoko prentsaurrekoan Maritxalarrek adierazi zuenez lan honen helburu nagusia "teknopedagogiaren ikuspuntutik, hezkuntza arloko adituen formakuntza eta inplikazioaren beharra areagotzea" da.

Ikaskuntza hobetzeko eta norberari "teknologiak ekar diezaiokeen balio erantsia" erakusteko balio beharko lukeela aipatu zuen Mikel Iruskietak.

Arlo honetan eta maila akademikoan "euskarazko argitalpen baten hutsunea" zegoela egiaztatu zuten liburuaren egileek, eta hutsune hori betetzen saiatu. Bestalde, "teknologiak eta hezkuntza, ikuspuntu kritiko batetik, bat egiteko unea" iritsi dela konturatu eta horretara jarri ziren.

Teknologiaren aukerak eta arriskuak aztertzen dituen atal oso bat ere jasotzen da liburu honetan, beti ere teknologiaren ikuspegi positiboa landuz.

Egileen esanetan "liburu mardula izan arren, irakurterraza egiten" saiatu dira. Horretarako bildutako artikulu guztiak gaika antolatu dituzte, irakurleari "hezkuntza eta teknologia arloko adituek idatzitako ideia interesgarri eta praktikoak" aurkitzeko aukera emanaz.

Ikerketa eta hezkuntza proiektuak garatzeko teknologiak eskaintzen dituen aukerak ere aztertzen dira lan honetan, irakurtzen duen edonori bere intereseko zerbait aurkitzeko aukera eskaini eta ikerketa digitalen inguruko lanak ere biltzen baititu.

Kepa Sarasola, UEUKo zuzendariak azaldu zuenez, Udako Unibertsitateak argitaletxe moduan egiten duen lanaren helburua bikoitza da: "Azpiegitura bibliografikoa sortu, eta arlo teknikoetan euskarazko terminologia eta sintaxia finkatzea"; eta lan hau ere helburu bikoitz horrekin bat dator bete-betean.