donostia - Aurten Biarritzeko aireportuan aparkaleku berria eraikiko dute eta prezio apalekoa izango da. Gainera, lanak nahi bezala igarotzen badira, gune hori datorren udarako prest izanen dela dio zuzendaritzak. Hamar mila metro karratuko aparkaleku berria gaur egun dauden bost guneak baino askoz merkeagoa izanen da. Denera, 450 ibilgailu hartuko ditu, baina erabiltzaileek asko ibili beharko dute oinez, terminaletik urrutien kokatzen den aparkalekua izango baita prezio apalekoa. Berritasun asko dago aurreikusita Biarritzeko aireportuan. 2012tik 2025era bitartean 60 milioi euroren inbertsioa eginen dute dena moldatzeko.

Laino lodia dela eta, abenduan ere Londres, Paris eta Lyonerako hainbat hegaldi bertan behera utzi zituzten Ipar Euskal Herriko aireportu bakarrean. Hegaldi batzuk hiru orduko berantarekin heldu ziren eta beste batzuk Pauera desbideratu behar izan zituzten. Lainoarekin lur hartu eta aireratzeko teknologiak hamabi milioi euroren inbertsioa eskatzen du eta zuzendaritzak dioenez, gehiegi da urtean hamar bat hegaldirentzat.

Urtean ia 1.200.000 bidaiari dabiltza Lapurdiko aireportuan eta %20 inguru hego Euskal Herrikoak dira. Gaur egun, bederatzi konpainiek 16 linea eskaintzen dituzte. Air Francek Niza eta Estraburgora doazen hegazkinak dauzka ere larunbatetan Gabon garaian eta otsailaren 2tik martxoaren 7ra arte. 2019an bi aldiz itxi ditu ateak, G-7 gailurra zela, abuztuan, eta hilabete bateko lanengatik, otsailean. Joan den udan, Emmanuel Macron presidenteak gonbidatuta, munduko agintari gorenak eta Irango atzerri ministroa bertatik igaro ziren. Aurreko neguan barruko harrera gelak, merkatal gunea eta 2.250 metroko luzaera eta 20 zentimetroko loditasuna duen pista osoki berritu zuten. Angeluko lurretan dagoen pistaren bi aldeetan euria biltzeko hodiak eta argiztapena berritu zituzten ere.

Autoak alokatzeko enpresak aireportutik kanpo daude orain, aparkalekuen ondoan hain zuzen. Azkenik, brexita dela eta, barnean ere aldaketak egin behar izan zituzten; hesi berria, adibidez. Lehen, kanpoan zeuden pertsonak hurbiltzen ziren maletak banatzen diren tokira baina segurtasun neurriak direla eta, orain hori ezinezkoa da. - F. Dolosor