Hernani - Errota Parkea, Hernaniko Karabel auzoko jolasgune natural berria, atzo inauguratu zen. 2012an onartutako Karabelgo Plan Berezian, urbanizazio lanak amai-tzerakoan ibaiaren inguruko gune horretan haurrentzako parke bat egitea aurreikusten zen.

“2016an, urbanizazio lanak aurreratuta zeudenean, zer-nolako parkea egingo zen erabaki behar genuen. Auzoan dagoeneko ezaugarri bereko parke bat zegoela kontuan hartuta, beste mota bateko parkea egitea pentsatu genuen”, esan zuen atzoko aurkezpenean Luis Intxauspek, Hernaniko alkateak.

Horretarako, erabiltzaileak izango diren haurrei galdetzea egokiena zela erabaki zuen Udalak. Garazi Etxarrik, Gazteria zinegotziak, azaldu zuen parte-hartze prozesua nola egin zen eta zein emaitza izan zuen: “2016. urtean Udalak Maushaus enpresa kontratatu zuen zortzi eta hamaika urte bitarteko haurrekin batera partaidetza prozesu bat egiteko eta parkea diseinatzeko. Bi tailer egin ziren eta, horien emaitza aintzat hartuta, egungo parkea diseinatu zuen arkitektura enpresak”. “Karabelgo urbanizazioa eta eraiki-tze-lanak egiten ari den Sukia enpresak egin du parkea eta gaurtik aurrera zabalik dago”, gaineratu zuen zinegotziak.

Parte-hartze prozesuan auzoko haurrek parte hartu zuten. “Naturarekin eta, bereziki, zuhaitzekin lotutako jolasak proposatu zituzten haiek. Han argi ikusi genuen haurren nahia zela naturaren barruko parke bat, ez ohiko hiri parke bat”, azaldu zuen Etxarrik.

Parkea eraikitzeko jolas bozkatuenak izan ziren tirolinak, zuhaitzetako etxea, saredun zabua eta txirristra, eta horiek aukeratu ziren parkea osatzeko. Lurzoruan ere osagai naturalak daude: pinu azalak, hondarra eta belarra. Landaretzari dagokionez, ibai ertzetan hazten diren zuhaitzak, lehendik zeudenak, errespetatu dira, adierazi zuten Hernaniko udaletxetik

izenaren aukeraketa Azkenik, jakitera eman zen, parte-hartzaileen proposamena jarraituta, Errota Parkea izena izango duela jolasgune berriak, lehen bertan egondako errotaren oroimenez.