"Guztia da ETA" teoriak indarrean jarraitzen duela uste du EH Bilduk

Julen Arzuaga legebiltzakidearentzat, 13/13 sumarioak baieztatzen du

06.07.2021 | 01:14
Iriarte eta Arzuaga, atzo Donostian egindako agerraldian.

donostia –Maddalen Iriarte eta Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideek atzo kritikatu zutenez, "Guztia da ETA" teoriak indarrean jarraitzen du 25 urteren buruan, erakunde terroristak jarduera utzi zuela hamar urte pasa direnean eta "behin betiko desagertu" zenetik hiru urtera.

EH bilduko ordezkariek agerraldia egin zuten atzo 13/13 sumarioko auzipetuei elkartasuna adierazteko, ETAren kartzelako frontearekin lotuta datorren astean epaituko baitituzte.

Arantza Zulueta, Iker sarriegi, Jon Enparantza, Julen Zelarain, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre, Nerea Redondo eta Juan Mari Jauregiri 77 urtetik gorako kartzela zigorra eskatzen diete, EH Bilduren arabera, "Motibazio politikoko presoei elkartasuna adierazi eta euren jarduera profesionala egin izanagatik ".

Arzuagak ETAren eta ezker abertzalearen inguruko erakundeen aurka "guztia da ETA" doktrinaren pean orain 25 urte hasitako ekintza judizialen baitan kokatu zuen sumarioa. "Harrez gero, eta gure kalkuluen arabera, 426 pertsona akusatu dituzte euren jarduera politikoagatik, euren ideiengatik, zirenak zirelako edota ordezkatzen zutena ordezkatzen zutelako", gaineratu zuen.

Bere ustez, "guztia da ETA" doktrina aitzakiatzat hartuta, "Estatuaren barru-barruko kontrolik gabeko botereek eremu politikoa lokaztu nahi dute", euskal herria "etengabeko xantaiaren pean, etengabeko errepresioaren eta kartzelaren mehatxupean" mantenduz.

EH Bildu kezkatuta agertu zen zortzi auzipetuekin, eta "pertsona horien osotasun fisikoa eta morala bezalako oinarrizko eskubideen abusu" horren aurrean "besoak gurutzatuta" ez geratzeko deia egin zuen; hori dela eta, larunbatean Bilbon eta Donostian egingo diren protesta ekitaldietan parte har-tzeko deia luzatu zien herritarrei.

"Konponbidearen garaia da, ez sufrimendu berriak sortzekoa. Bakerako garaia da, ez indarkeriak errepikatzekoa. Kartzelak husteko unea da, ez berriz betetzekoa ", gaineratuz amaitu zuen.

"Estatuaren barru-barruko kontrolik gabeko botereek eremu politikoa lokaztu nahi dute"

noticias de noticiasdegipuzkoa