- Donostiako Udaleko alderdi guztiek (EAJ, PSE, EH Bildu, Elkarrekin Donostia eta PP) Guardiako Epaitegiari eta Estatuko Fiskaltzari eskatu diete azter dezatela Mikel Zabalza auzia berriro irekitzea, argitara atera diren eta tortura-delitu baten berri eman lezaketen grabazioen edukia dela eta.

Testuan jasotzen denez, Mikel Zabalza duela 35 urte atxilotu zuten beste pertsona batzuekin batera ETAkoa zelakoan, eta Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelera eraman zuten; han, "bizirik sartu zen" eta, egun ba-tzuk geroago, "Bidasoa ibaian hilda agertu zen".

Ildo horretan aipatzen da, "gaur egun indarrean jarraitzen duen" bertsio ofizialaren arabera, inguru horretan ETAren zulo bat ote zegoen egiaztatzen ari zirela, Zabalzak guardia zibilengandik ihes egin zuela, ibaira erori eta itota hil zela. Berarekin batera atxilotutakoek torturak salatu zituzten eta "gizartearen zati handi batek ez zuen inoiz Guardia Zibilaren bertsioa sinetsi".

Mikel Zabalzaren desagerpen larriaren aurrean, 1985eko abenduaren 6an Donostiako Udaleko Osoko Bilkurak mozio bat onartu zuen, Donostiako Tranbiaren Konpainiako langile zen Zabalza non zegoen argitzeko ikerketa bultzatzeko konpromisoa hartuz. Horretarako, Donostiako 1 zenbakiko Instrukzio Epaitegian agertu, eta bertan irekitako eginbideetan parte hartu zuen, herri-ekintzaren bidez. Halaber, Udalak, 2015eko azaroaren 26an egindako osoko bilkuran, mozio hori berresteko konpromisoa hartu zuen.

Adostutako idatzian aipatzen denez, Público egunkariak otsailaren 22an argitaratu zituen grabaketetan argi an-tzematen da Mikel Zabalza (1952-1985) Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelean "jasandako torturengatik" hil zela. Grabazioa, Luis Alberto Perote Cesideko (Defentsaren Informazio Zentro Gorena) koronelaren, eta Enrique Rodríguez Galindo jeneralaren aginduetara zegoen Pedro Gómez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketa da.

Aipatutako grabazioan argi entzuten denez, Zabalzaren heriotza "poltsa buruan aplika-tzearen" ondorioz izan zen, eta Gomez Nietori garbi ulertzen zaio "eskuetatik joan zaie, galdeketan bertan geratu zaie".

Audio horien transkripzioa froga gisa erabili zuen familiak orain 25 urte egindako epaiketan. Hala ere, orain arte "ez dira baliagarriak izan proba horiek sakon aztertzeko familiak egindako ahalegin guztiak".

Donostiako udal taldeen ustez, audio hauek "kontuan hartzea merezi dute eta, zalantzarik gabe, Mikel Zabalzaren heriotza argi-tzeko baliagarri izan daitezke". Grabazio horiek agertu direnez, tinko exijitu dute, "Zabalzaren heriotzaren inguruko egia jakitearren, grabazio horien edukia sakon ikertzeko".

Donostiako Udalako alderdiek gertakarien argiketan laguntzeko konpromisoa berretsi dute, eta "kasua berriz aztertzeko eginbideak irekitzen badira, herri-akusazio gisa agertzeko konpromisoa" ere hartu du.