Euskaraz lan egingo duen administrazio bilakatzea. Aspalditik ari da Gipuzkoako Foru Aldundia helburu horretara gerturatzeko lanean. Lan asko eta jende askok egin du lan, norabide horretan. Diktadura osteko diputazio hark apenas langile elebidunik zuen eta ondorioz hutsaren hurrengokoak ziren bai herritarrek nahi zuten hizkuntzan aritzeko aukerak eta baita ere euskaraz lan egitekoak ere.
Gaur egun Gipuzkoako Foru Aldundian 10 langiletik 9k baino gehiagok ulertzen dute euskaraz –guztiek gaztelaniaz– eta 8k baino gehiagok dute euskaraz lan egiteko gaitasuna egiaztatuta.
Gipuzkoako Foru Aldundia harro dago 40 urte hauetan langileek eta izan dituen arduradunek egindako prozesuaz. Oso harro. Izan ere, aldaketa izugarri hori ez da egin kapritxoz edo itxura egiteagatik. Eta ezta ere, soilik herritarrek administrazioarekin harremanetan jartzen direnean nahi duten hizkuntza ofiziala aukera dezaten. Hori ere bai, noski, baina ez hori bakarrik. Urteak dira herritarrak aukeratzen duten hizkuntzan artatzen ditugula eta langile askok euren zeregin asko euskaraz egiten dituztela, eta baita arduradun politiko askok euren jarduna euskaraz egiten dutela ere, horrek eredugarritasunean dituen ondorio onuragarri guztiekin. Horren lekuko, badira dagoeneko agintaldi batzuk Diputatuen Kontseiluko bilerak euskaraz egiten direla.
Oraindik ere baditugu hutsuneak eta badugu zertan hobetua, zalantzarik gabe, baina norabide hori argia da eta horretan sakontzeko urratsak ematen jarraitzen dugu.
Legealdi hasieran onartu genuen 2023-2027 Plan Estrategikoan jasota dago Foru Aldundiaren jarduera euskaratik eta euskaraz izango dela; zeharkako politika nagusi moduan dago jasoa gainera. Eta hori horrela da, gipuzkoarren erakunde publikoa den horretan, lidergoa eta eredugarritasuna zor diegulako herritarrei. Horregatik, jarduera euskaraz izatetik haratago doan aldarria adierazten du zeharkako politika horrek. Anbizioz, euskara bera ardatz dela jarduten du Foru Aldundiak.
Oinarri horiek euskara indarberritzeko ikuspegi bat dute abiapuntuan. Zientzia soziolinguistikoak irakatsi digun logika bat. Ikuspegi hori abiatzen da munduan dagoen hizkuntzen aniztasuna aberastasun bat dela onartzetik eta hizkuntza (eta hizkuntza komunitate) guztiak, egoera ezberdinean egon arren, berdinak direla izaeraz eta bizitzeko eskubide berbera dutela onartzetik. Hori horrela dela onartuz gero, beste desberdintasun sozial askorekin egin ohi dugun modura, onartu behar dugu, besteak beste, botere publikoei dagokigula desberdintasun horiei aurre egitea; egoera gutxituan dagoen hizkuntzak hala egoteari utz diezaion neurriak hartzea, alegia, baldintza jasangarriak bideratzea.
Eta euskarak behar dituen baldintza jasangarri horien artean daude nagusiki euskaraz egingo duten pertsonak osatzea, nagusiki euskaraz egingo duten lurraldeak zaintzea eta zabaltzea eta nagusiki euskaraz egingo ditugun funtzio sozialak, izan familiak, eskolak, enpresak, futbol-taldeak edo administrazioak eraikitzea. Arnasgune soziofuntzionalak eta arnasgune geografikoak behar ditugu. Behar ditugu, euskaraz lasai arnastuko duten hiztunak osatzeko beharrezkoak direlako.
Behar hori ez da bereziki euskarak duen behar bat. Mundu honetan normal biziko den beste edozein hizkuntzak ere baldintza jasangarri berberak behar ditu. Nahikotasun funtzionalaren printzipioa deitzen zaio eta esan nahi du tokiko hizkuntza batek funtzio sozial multzo bat behar duela, zeinetan hizkuntza horren erabilera beharrezkoa izango den komunitate guztiarentzat.
Funtzio sozial horietako bat, eremu soziofuntzional bat, administrazioa da. Eta Gipuzkoako Foru Aldundia da horietako bat. Lurralde mailako erakunde nagusia izanik, ez edozein. Jabetuta gaude gure arduraz eta horregatik erabaki dugu Gipuzkoako Foru Aldundiaren lan-hizkuntza, gero eta gehiago, euskara izango dela. Lurzorua aurreko hamarkadetan egindako lana da eta jauzia, lurzoru horren gainean oin hartuta egingo dugu. Egingo dugu guztion hizkuntza eskubideak errespetatuz eta ondo egiteko hartu behar diren neurri guztiak hartuz. Jauzi hori egingo dugu Aldundiko atalak euskarazko administrazio atal bihurtuz, alegia, nagusiki euskaraz lan egingo duten atalak bilakatuz.
Gaur egun, Gipuzkoako Foru Aldundian ia 2.000 langilek lan egiten dute egungo antolamenduak dituen 84 zerbitzuetan. Zerbitzu horietatik ia hiru laurdenetan betetzen dira euskarazko atal izendatzeko baldintza hauek: langileen %85ak egiaztatuta dauka betetzen duen lanpostuak duen hizkuntza eskakizuna; zerbitzuburuak gutxienez 3. hizkuntza eskakizuna egiaztatuta dauka; langile guztiek ulertzen dute euskaraz eta arduradun politikoa elebiduna da. Oinarri horretatik abiatuta, beraz, 2025-2026 ikasturtean zerbitzuen laurdenak (21 zerbitzuk) egingo du nagusiki euskaraz lanean jarduteko bidea eta bi urtean aldundiaren zerbitzuen erdiak (42 zerbitzuk) lana nagusiki euskaraz egingo du.
Baina dena ez da urre. Lan erraldoi horren guztiaren tartean erabaki behar izan du Aldundiak, epaiek hala behartuta, lan-deialdiak egokitzea eta zenbait lanposturen hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun data atzeratzea, behin-behineko neurri gisa bada ere. Hala egin behar izan dugu, bide judizialaren aukera agortu delako eta administrazioaren funtzionamendua blokeatzeko arriskuan jarri digutelako. Aurrera begira, ezinbestekoa dugu euskara epaitegietatik ateratzea.
Euskarak eskatzen du guztion lankidetza, eskatzen du lehia politikotik eta epaitegietatik ateratzea. Eskatzen du alde batera uztea, modu traketsean, hizkuntza eskubideak eta lan eskubideak kontrajarri nahi dituzten posizioak.
Esperantza dugu Legebiltzarrean aztergai diren lege aldaketek emaitza ona izango dutela eta euskara indarberritzeko prozesuak, kasu honetan administrazioan, behar duen lege-babesa lortuko duela. Izan ere, oso gogoan dugu helburua ez direla hizkuntza eskakizunak eta horien derrigortasun datak. Ez eta ere soilik herritarrek nahi duten hizkuntzan artatuak izateko eskubidea bermatzea. Helburua da nagusiki euskaraz arituko diren eremuak, arnasgune soziofuntzionalak, tartean administrazioak, eraikitzea. Zergatik? Behar dituelako euskarak, behar ditugulako lurralde eta Herri bezala, behar ditugulako euskararen biziberritzean aurrerabidean jarraitzeko.