- Zure eskutatik pasa diren proiektuetatik zein dituzu bereziki gogoan?

-Badira zenbait proiektu estrategikoak izan direnak, esaterako, 1991 hasi zen gure lehen legealdian martxan jarri genuen kiroldegiaren proiektua. Udal gobernuan sartu ginenean ikusi genuen obrak geldirik zeudela eta Udala enpresarekin auzitan zegoela. Martxan jartzea erabaki genuen proiektuaren interes soziala garrantzitsuagoa zelako eta denborak arrazoia eman digu. Hurrengo legealdian aipatuko nituzte, alde batetik, Bastero Kulturgunearen aldeko apustua eta, bestetik, kiroldegiaren handitzea.

Andoaingo erraldoi eta buruhandien konpartsaren sorreran ere funtsezko pieza izan zinen.

-Kultur sailean nengoen eta beharrezkoa iruditzen zitzaidan Andoainek erraldoi eta buruhandiak izatea. Proiektu pertsonal bat izan zen. Urte askotan gaizki kontserbatuta egon dira, baina gabon hauetan Basteron erakusketa batean ikusteko aukera izaten ari gara.

Santa Krutz eguneko Ezpata-Dantza berreskuratzearen alde ere lan egin zenuen.

-Prozesioak udaletxetik Santa Krutz ermitara egiten zuen ibilbidea galtzear zegoela ikusten nuen eta pena handia ematen zidan. Iñaki Arregirekin hitz egin nuen tradizioa berpizteko zerbait egin behar zela. Ezpata-Dantza berreskuratzeko erabakia hartu genuen, eta galdu ez ezik, berpiztu ere egin genuen ekitaldia bera.

Nolako Andoain uzten duzu?

-Andoainek arazo argi bat du: urbanistikoki gaizki egituratuta dago eta auzotan bizi dira andoaindarrak. Jaietan asko antzematen da. Ez dago herria ba-tzen duen elementu amankomun bat. Bere garaian Basterok funtzio hori egin nahi zuen, eta pixkanaka lortzen ari da, baina urbanistikoki lagundu behar zaio, oinezkoen guneak sortuz eta abar. Orain liburutegi berria egiteko proiektua definitizen ari da Udala eta garrantzitsua izango da elkarbizitza hori lortzeko bidean.