- 2012az geroztik lehen aldiz ez da manifestazio jendetsurik izango kalean, independentismoa ere aurrekoetan baino zatituago, eta Generalitateko balkoian adierazpen askatasunaren aldeko pankarta bat jartzeagatik Quim Torra Presidenta ezgaituta geratzeko bezperatan.

Eztabaida izan da, pandemiaren inguruabarrak zirela eta, aurten ANCk mobilizaziorik deitu behar ote zuen -ezinbesteko mugekin, noski-, ala hobe ote zen jendea kalean bildu ez, eta ezohiko Diada etxetik egitea, zalantzaz beteriko ikasturtea ere hasi berri den une honetan.

Azkenik, mobilizazioei eusteko irizpidea nagusitu zen, nahiz eta modu deszentralizatuan izango diren Katalunia osoan zehar, edukiera mugak ezarrita, izen-emateak aurretiaz eginda, eta kutsatze-arriskua murrizteko osasun eta segurtasun neurri zorrozpean. ANCk 107 mobilizazio deitu ditu 82 udalerritan, eta guztira 48.000 pertsona bilduko dira gehienez.

Kataluniako Governa, ez da estreinako aldiz ANCren mobilizazioetan izango, osasun egoera dela eta. Torrak Rafael Casanovaren omenezko oroigarrian ohiko lore-eskaintza egingo du Bartzelonan, eta ekitaldi horretan ere, ez da aurten ohorezko guardiarik eta musika bandarik egongo.

Diadaren kontzentrazio gunetzat Estatuaren eraikinak aukeratu ditu ANCk, Gizarte Segurantzaren diruzaintzak eta Ogasunaren ordezkari-tzak, besteak beste. Ekitaldien aurkezpenean aste honetan Elisenda Paluzie ANCko presidenteak azaldu duenez, helburua "ordezkatu nahi dugun boterearen ordezkaritza-guneak seinala-tzea da, herritarren onurarako erabili ahal izateko". Ekitaldi politiko nagusia 17:00etan izango da Bartzelonako Letamendi plazan, Ogasunaren egoitza dagoen tokian, eta 200 lagunen-tzako edukiera izango du, bi metroko tartea zainduz.

Aurten kalean jendetza handirik bildu ezin denez, ANCk ostiraleko 17.14an balkoietara irtetera deitu ditu kataluniarrak, Diada ospatzeko.

Omnium Culturalek aldarrikapen ekintza bat prestatu du Garaipen Arkuaren ondoan, independentismoaren gaineko "errepresioa" sala-tzeko; CUPek, aldiz, ohiko duten arratsaldeko manifestazioa "mobilizazio estatiko" bihurtuko du Lluís Companys pasealekuan.

Justizia begira eta zain duela ospatuko da aurtengo Diada. Irailaren 17an egingo du Auzitegi Gorenak Torra urte eta erdiko gaitasungabetzearen aurka jarritako helegiteari buruzko bista, hauteskunde-garaian Generalitateko Jauregiko balkoitik preso independentisten aldeko pankarta bat kentzeko Hauteskunde Batzordeak emandako agindua ez betetzeagatik.

Gainera, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak irailaren 23rako deitu du Torra, bigarren auzi batean desobedientzia salaketapean ikertutzat, Generalitateko Jauregian presoen aldeko lazo horidun pankarta bat mantendu izanagatik.

Torraren balizko inhabilitazioak abiaraziko lukeen prozesua inbestidura berri batekin edota hauteskundeak aurreratzearekin amaitu liteke. Atzo, RAC-1i egindako adierazpenetan, Torra ezgaituz gero, Kataluniako Governeko presidentegai alternatiborik ez aurkeztearen alde egin zuen, Carles Puigdemontek

Azkenik, atzo jakin zenez, Bartzelonako 13. Instrukzio Epaitegiak amaitutzat eman du, Urriak-1ekoa antolatu izangatik, Kataluniako Gobernuaren 30 bat kargu ohien aurkako sumarioa. Autoak eta konbikzio-piezak Bartzelonako Entzutegira bidaltzea erabaki du, ahozko epaiketa egiteko.

Alabaina, data sinboliko honetara zeinen zatituta iritsi den ikustea da mingarriena nazionalismo katalanarentzat. Arraila oso agerikoa da, eta JxCat eta ERCren arteko etsaitasuna sarritan geratzen da agerian, baita publikoki ere. Torrak batasuna hautsitzat eman zuen urte hasieran, Roger Torrent Parlamentuko presidenteak diputatu izaera kentzeko erabaki judiziala onartu zuenean.

Une honetan, Gobernuko bi kideen arteko tirabira nagusia Torraren inhabilitazioari zer erantzun ematean datza: ERCk estrategia adostea eskatu du, baina JxCatek dio erabakia presidenteak soilik hartu behar duela.

Legealdia, berez, 2021eko abenduan amaituko bada ere, urtarrilean ERCrekin enegarren talka izan ondoren, Torrak amaitutzat eman zuen legealdia, eta 2020rako Generalitateko aurrekontuak onartu ondoren hauteskundeak deituko zituela iragarri zuen; konpromiso hori adierazpen hutsean geratu zen, ordea, COVID-19ren pandemia lehertu zenean.

Hauteskundeak urrirako deitzeko asmoa ere erakutsi zuen Torrak, ezgaituta geratu aurretik, alegia. Baina deialdia egiteko dekretua ez zen abuztuan sinatu -54 egun lehenago egin behar da-, eta joan den asteko gobernu birmoldaketaren ondoren -JxCateko hiru kontseilari ordezkatu zituen-, hauteskundeak urruntzen ari direla dirudi.

Torrak deialdia egiten ez badu eta gaitasungabetuko balute, automatikoki jarriko litzateke martxan Kataluniako Parlamentuak Generalitateko presidente berri bat izendatzeko prozedura; JxCatek karta hori joka lezake, baina Torrak berak aukera hori baztertzeko eskatu du.

Bitartean, Oriol Junqueras eta Marta Rovira ERCko buruzagi espetxeratu eta erbesteratuek liburu bat argitaratu dute aste honetan (Tornarem a vèncer). Bertan, akatsak eta okerrak aipatuz, prozesu osoan zehar egindako bidea aztertu dute. Argitalpen horretan, ERCk hemendik aurrera izango duen estrategia independentista ere zehaztu dute: helburua, "ondo eta guztiontzat gobernatzea" da, "gehiengo argi eta sendoak lortzeko" horrela lortuko baita epe luzera, oinarri independentista zabaltzea. Berme ukaezin hori erdietsita, autodeterminazio-erreferenduma eskatu, eta en-tzungor eginez gero soilik heldu aldebakarreko bideari.

Irailaren 17an egingo du Gorenak Torra urte eta erdiko gaitasungabetzearen aurka jarritako helegiteari buruzko bista