- Bidasoako Oroimen Historikoaren Kepa Ordoki elkarteak omenaldia egingo dio Lluís Companysi abuztuaren 29an. Ekitaldia, duela 80 urte Frantzian erbesteratuta zegoen eta Alemaniako Gestapoko agenteek agintari frankistei entregatu zieten Irungo mugan bertan izango da. Handik aste batzuetara fusilatu egin zuten.

Hori izango da erakunde horrek urteurrenaren inguruan antolatu duen programaren ekitaldi nagusia. Horretaz gain, Companysen irudiari lotutako gertaera historikoei buruzko hainbat material Internet bidez zabaltzeko asmoa ere badute. Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkartearen ordezkariek atzo aurkeztu zuten Irunen aurreikusitako ekin-tza-programa. Hilaren 29ko omenaldiarekin amaituko da egitaraua, eta eguerdian, Avenida zubian -gaur egun oinezkoentzat den mugako pasabide zaharra-, lore-eskaintza egingo dute, Errepublika garaian Generalitateko President izan zenaren argazki baten aurrean.

Aipatu dugunez, urteurrenari buruzko atal berezi bat ere argitaratuko da, astelehenetik aurrera, elkartearen web orrian. Atal horretan, Companysen bizitzari buruzko hainbat dokumentu eta xehetasun argitaratuko dituzte, baita Pedro Urraca agentearen espioitza-lanak ere. Francoren Gobernuko Segurtasun Zuzendaritza Nagusiko funtzionarioa zen Pedro Urraca, eta bera arduratu zen okupatutako Frantziako naziek egindako entregatzea antolatzeaz.

Elkarteak, gainera, bi bideo argitaratuko ditu datorren astean: lehenengoan, Toni Strubelli elkarrizketa grabatu diote, berak koordinatzen zuen batzordeak antolatu baitzuen, besteak beste, Joseba Tapiaren eta Lluís Llachen arteko kontzertua 2000. urtean, 60. urteurrena zela eta. Bigarren bideoa Gemma Aguilerarekin egin dute, berak idatzi baitzuen Pedro Urracari buruzko Agente 447, el hombre que detuvo a Lluís Companys liburua.

Alemaniar tropek 1940an Frantzia okupatu ondoren, Parisko enbaxada frankistak zuzeneko harremana ezarri zuen okupatzaileekin. Frankistek nazien erregimenarekin zuten harreman pribilegiatuak asko erraztu zuen Errepublikarekin bat zetozen gobernu eta alderdi politikoen egoitzak konfiskatu ahal izatea. Jabetze horiek eginda, erbesteratuak zigortzeko informazioa eskuratzeko aukera bikaina izan zuten. Pedro Urraca polizia agentea funtsezkoa izan zen erbesteratuak aurkitu eta espainiar estatuaren esku jartzerako orduan. Halaxe egin zuten Julián Zugazagoitia eta Cruz Salido sozialistekin, Joan Peiro zenetistarekin eta José Lecaroz jeltzalearekin. Lluís Companysen kasuan, 1940ko abuztuaren 13an amaitu zitzaion askatasuna. Ar Baolen atxilotu zuten Gestapoko sei agentek eta aipaturiko Pedro Urracak. Polizia horrek Presidentari buruzko hamabi txosten idatzi zituen 1940ko urtarrila eta 1941eko maiatza bitartean.

Atxiloketaren ondorengo lehen astean, abuztuaren 21ean, egin zioten Companyseri lehen galdeketa Parisko La Santé kartzelan. Abuztuaren 25ean, Companys Madrilera eramateko agindua jaso zuen Urracak. Kanpo-arazoetako zerbitzu frankistek jakinarazpen "ezkutu" batean bidali zuten agindua. Bertan zehazten zenez, "Companys goizean goiz irtengo da autoz, eta alboan izango ditu ofizial alemaniar bat, eta Segurtasun Zuzendaritza Nagusiko funtzionarioa eta enbaxadako albokoa den Urraca jauna". Agindu hura, Francoren kanpo-arazoetako ministro zen Ramón Serrano Súñerrek ida-tzi zuen. Estradizioa, okupatutako Frantziako agintari nazien baimenarekin eta onespenarekin egin zen. Abuztuaren 29an iritsi zen autoa Irungo Avenida zubira. Hendaian atera zion Urracak azken argazkia Companysi, eta Miarritzen erositako postal batere eman zion, President-ak Carme Ballester emazteari zerbait idazteko. Abuztuaren 29tik urriaren 3ra bitartean, Companys Madrilgo Segurtasun Zuzendaritza Nagusiko ziegetan egon zen, banakako gela batean. Urriaren 3an Montjuicera eraman, eta Gerra Kontseiluan hiltzera kondenatu zuten. Companys urriaren 15eko goizaldean fusilatu zuten.