- 1920. Urtea zen; urtebete lehenago, I. Mundu Gerraren amaieran Versaillesko Itunaren bidez sortutako eta Nazio Batuen Erakundearen (NBE) aitzindari izandako Nazio Elkarteak, Donostian biltzea erabaki zuen. Gipuzkoako hiriburua ez zuen gerrak ukitu, eta urte horretan bertan Suitzan egitekoa zen lehen Batzar Orokorra prestatzeko lanak antolatzeko gune aproposa iruditu zitzaien.

Kontseilu Exekutiboa zortzi herrialdek osatzen zuten: Frantzia, Erresuma Batua, Italia eta Japonia, kide iraunkor gisa; eta Belgika, Brasil, Grezia eta Espainia, ez-iraunkor gisa, eta azken horri egokitu zitzaion lehen bilkuraren buru izatea, anfitrioia zelako.

OrKonn Foru Jauregia aukeratu zuten. Atzo, berriro ere, orduan parte hartu zuten herrialde batzuetako ordezkariak bertan izan ziren, besteak beste, Belgika, Brasil, Frantzia, Italia eta Norvegiako kontsulak, Kulturako Foru Departamentuak topaketa historikoa gogoratzeko antolatutako ekitaldian. Markel Olano ahaldun nagusia eta Arancha Gonzalez Laya Kanpo Arazoetarako ministroa ere han izan ziren.

Biolontxelo jotzaile batek Alaitasunaren ereserkia interpretatuz hasi zen ekitaldia Foru Aldundiko Tronuaren Aretoan, eta Bigarren Mundu Gerra saihestea lortu ez arren, Nazioen Elkarteak ekarri zuen “aldeaniztasunaren” aldeko apustua goraipatu zuen ministroak. Gonzalez Layak azaldu zuenez, egungo COVID-19aren krisialdian murgilduta, “aldeaniztasunaren bidegurutze berri baten aurrean gaude”; baina, argi utzi zuen “Nazioen Elkartearen esperientzia kontuan izanik, badakigu ezin dugula porrot egin”, izan ere, “porrotaren kostua gaur egun ez litzatekeelako onargarria izango”.

Hori horrela, “COVID-ondorengo berreraikuntzarekin lotutako modernizazioari ekitearen” alde egin zuen, “Nazio Batuek ere gaur egun egin beharko duten ibilbidea baita”.

“Bere erreformak ezinbestekoa izaten jarraitzen du, baina egiteko horretan Europa indartsu eta konbentzituta senti daiteke. Horixe baita Europar Batasunetik zabaldu dugun mezua, joan den astean susperraldi funts erraldoia onartu ostean “, azpimarratu zuen.

Olanok, berriz, historian zehar “mundura irekitzea” Gipuzkoaren eta Euskadiren bereizgarrietako bat izan dela aldarrikatu zuen, eta tradizio horrekin lotu zuen orain ehun urte Nazioen Elkartearen Kontseilua Donostian egin izana.

Halaber, “aldeaniztasunetik eta elkarrizketatik” herrialdeen arteko “bakea eta lankidetza” bezalako printzipioak bermatzeko saiakera Gipuzkoako lurraldearen “sentsibilitatearekin” oso lotuta dagoela esan zuen. “Indarkeriaren eta giza eskubideen urraketaren ondorio suntsitzaileak ondo ezagutzen ditugu. Horregatik, bakearen eta giza eskubideen balioak aldarrikatzen ditugu beste behin ere, gure gizartearen funtsezko elementu ukaezin gisa “.

Juan Agirre Sorondo historialaria arduratu zen 1920ko uztailaren 30etik abuztuaren 5era bitartean egin zen bilera haren testuingurua azaltzeaz. Ekitaldiarekin batera Carlos Rilova historialariak dibulgaziozko erakusketa bat prestatu zuen, egun haietan Donostian gertatutakoaren berri ematen duten bost beira-arasa eta beste hainbeste panelekin osatua. Erakusketa San Inazio kaperaren parean dago eta, ondoren, Koldo Mitxelena Kulturunera eramango dute.

Kontseilu Exekutiboa zortzi herrialdek osatzen dute: Frantzia, Erresuma Batua, Italia, Japonia, Belgika, Brasil, Grezia eta Espainia