"Mundiala". "Epikoa". "Zoragarria". Halaxe deskribatu du Asier Amondok, Korrikaren arduradunak, euskararen aldeko ekimen honen 22. edizioa. Martxoaren 31 Amurrion hasi eta apirilaren 10ean Donostian amaitu zen martxa, hamaika egun eta hamar gautan 2.575 kilometroko ibilbidea egin ostean.

Astelehen honetan Donostiako Bulebarrean egindako prentsa agerraldian egin ditu adierazpenak Amondok, Alizia Iribarren, AEKren koordinatzailea nagusia, ondoan zuela. "Korrikak berebiziko indarra agertu" duela goraipatu du, Euskal Herriak "sostengua eman diolako", eta aurtengo edizioak "maila bat gora" ere egin duela baieztatu du.

Korrikaren arduradunaren ustetan, urtebeteko atzerapenak ez du jendarteko "gogo bizia" azaleratu baino egin eta hilabete horietan "prestakuntzan ibili garenean" jada sumatu zuten 22. edizioak "gora egingo zuela".

"Euskara sustatzea" eta alderdi "ekonomikoa", hau da, AEKren funtzionamendua ahalbidetuko duen dirua lortzea direla Korrikaren bi helburuak gogorarazi du Amondok. Bigarrenari dagokionez, "zoritxarrez" hurrengo edizioetan ere helburu ekonomikoari "eutsi beharko" zaiola aitortu du, baina "denon artean aurrera egingo dugula pentsatzen dugu".

Esan bezala, pasa den igandean, apirilak 10, amaitu zen 22. Korrika Donostiako Bulebarrean. Milaka herritarrek osaturiko jendetzak entzun zuen bertan, Karmele Jaiok, aurten lekukoaren barruan joan den mezu sekretuaren egileak, irakurritako hitzak. Ibilbideko azken kilometroetan kontzentratu eta parte harturiko pertsonen kopurua ere nabarmena izan zen. Emozioz beterikoa amaierako txanpa hura, eta halaxe sumatu zuten arduradunek ere. "Donostian ikusi genuenak gu guztiok hunkitu gintuen", Amondoren esanetan.

22. Korrika amaitu berri, baina jada 23. edizioan pentsatzen hasita daude arduradunak. "Bihartik aurrera" hasiko omen dira prestaketa lanetan, baina data behintzat aurreratu dute; 2024ko martxoaren 14tik 24ra bitarte izango da, ibilbidearen nondik norakoak zehaztu gabe dauden arren.

Bestalde, Iribarrenek, "Korrikatik haratago" AEKren lanak aurrera jarraitzen duela jakinarazi du, eta "gaur bertan", lasterketa amaitu eta ondorengo egunean, bai euskaltegiek eta bai "AEKk aurrera eramaten dituen bestelako jarduerek ere aktibo" dihartutela adierazi du.

Horrez gain, mezu ugari zabaldu nahi izan ditu AEKren koordinatzaile nagusiak. Alde batetik, herritarrei euskaltegietara gerturatzeko gonbita luzatu die, "euskara lantzeko, gaitasun egokia eskuratzeko edo gehiago erabiltzeko". Bestetik, euskara ulertu ez eta Korrikan parte hartu edo "miresmenez segitzen duten" pertsonei, eskerrak eman dizkie "zuen babesagatik" eta euskaltegietan ikastera animatu ditu. "Ezin duzue imajinatu zein esperientzia izango den Korrikaren hurrengo edizioan parte hartzea, dagoeneko euskara ezagututa", nabarmendu du.

Baina aldarrikapenenentzako txokoa ere topatu du Iribarrenek, administrazio nagusiei zuzenduriko mezuan. Bertan, "doako ezagutzaren" beharra azpimarratu du, eta instituzioei "erabaki ausartagoak" hartzeko eskatu die, "euskara ikasi nahi duten herritarrek dohainik jarduteko parada" izan dezaten.