DONOSTIA. "Kirol Balioen Deusto sariaren" 2020ko edizioko irabazleen izenak atzoko jakinarazi zituen Duestuko Unibertsitateak. Sariaren helburua da kirolaren jardunean giza balio unibertsalen defentsan nabarmendu diren pertsonak, erakunde eta ekimenak saritzea eta jendaurrean omentzea. Saria bi modalitatetan ematen da: "Kirol balioen defentsa eta sustapena maila globalean" eta "Kirol balioen defentsa eta sustapena euskal kirolean".

Aurtengo edizioan, epaimahaia honakoek osatu dute: José Mª Guibert (Deustuko Unibertsitateko Errektorea, eta epaimahaiburua), José Antonio Rodriguez Ranz (Deustuko Unibertsitateko Erakunde Harremanetako eta Donostiako campuseko errektoreordea), Josu Solabarrieta (Psikologia eta Hezkuntza Fakultateko dekanoa), Felix Arrieta (DeustoForum Gipuzkoako zuzendaria eta Deustuko irakaslea), Cristina de la Cruz (Filosofian doktorea Deustuko Unibertsitatean eta Etikan aditua) eta Eneko Goia (Donostiako alkatea). Horiez gainera, 2020ko sarien epaimahaian parte hartu dute Kathrine Switzer-ek (iazko sariduna, kirolean berdintasunaren aldeko borrokan ikur eta erreferente unibertsala) eta Edurne Pasaban eta Xabier Prietok (nazioartean izen handia duten eliteko bi kirolari ohi gipuzkoar). Eta erabaki dute, berdintasuna, ahalduntzea, zaurgarritasun egoeretan laguntzea, inklusioa, lidergoa eta irabazi asmorik gabeko jarduna balioetan oinarrituta, saiak aipatutako bi erakundeei ematea:

- Yuwa India Trust erakundeari (Kirol Balioen Deusto saria maila globalean) kirolaren bidez, neskak berdintasunean trebatzeko eta ahalduntzeko, zaurgarritasun bereziko ingurunean.

- Kemen (Kirol Balioen Deusto saria euskal kirolean), kirolaren bidez desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzearen alde erakutsi duen konpromisoarengatik.

Epaimahaiak, gainera, aitorpen eta aipamen berezia eman nahi izan die Aritz Aduriz eta Sandra Ramajori, beren berezko lidergoarengatik, bizikidetzaren eta errespetuaren balioei egin dieten ekarpenarengatik eta kirolari gazteentzako erreferentzia positiboa izateagatik.

Aitorpenak eta sariak emateko ekitaldia urrian izango da, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean.

Yuwa erakundeari buruz (Kirol Balioen Deusto saria maila globalean)

Yuwa Indiako Jharkhand inguruko landa eremuko familia pobretuetako neskekin lan egiten duen programa bat da, eta neskak ahalduntzea du helburu, kirolaz eta hezkuntzaz baliatuz, pobrezia, indarkeria eta haurren ezkontza gainditzeko aukera izan dezaten. Yuwak "gaztaroa" esan nahi du hindi hizkuntzan, eta 2009an sortu zuen Franz Gastler estatubatuarrak, negozioen aholkulari izanik, Delhitik Jharkhand-era bizitzera joan zenean. Jharkhanden harrigarria gertatu zitzaion zein desberdinak ziren nesken eta mutilen bizimoduak eta neskei desberdintasun hori gainditzeko laguntzen hasi zen, taldeko kirolez eta hezkuntzaz baliatuz. Talde txiki batekin hasi zena oso azkar hazi zen eta neska askotara zabaldu zen. Gaur egun, 300 neskak baino gehiagok jokatzen dute Yuwaren taldeetan, erabiltzen ez diren nekazaritza lurretan. Hala, Indiako emakumeen futboleko programa handienetako bat da (gainera, taldeen % 90 emakume gazteek entrenatzen dituzte). 2015ean, Rose Thomsonek (gaur egun Rose Gastler) Yuwa Schoolsortu zuen, lehen mailako eskola, neskei ahalduntzeko, beren nortasuna aurkitzeko eta Indiako edo atzerriko unibertsitateetan ikasteko prestatzeko behar dituzten tresnak emateko. 6 eta 18 urte bitarteko neskak hartzen ditu ikastetxe honek. Ingelesez izaten dituzte eskolak, hezitzaile bikainak dituzte eta boluntarioen talde zabalak laguntzen die. Yuwako 30 neska baino gehiagok hitz egin dute jada unibertsitateetan, TEDx-eko ekitaldietan eta beste hitzaldietan, bai Indian eta bai munduko beste herrialde batzuetan, beren erkidegoetako neskentzat eredu izango direlakoan.

Yuwak 2019an Laureus Sport for Good sari entzutetsua jaso zuen "gizarteari egiten dion ekarpen bikainarengatik, futbola nesken bizitza eraldatzeko tresna gisa erabiliz". 2013an eta 2016an, Donosti Cupen parte hartu zuten, eta horri esker ezagutu ahal izan genuen neskek Jharkhanden bizi duen egoera gogorra eta Yuwa School proiektuan oinarrian dauden balio sendoak.

KEMENi buruz (Kirol Balioen Deusto saria euskal kirolean)

KEMEN desgaitasuna duten pertsonen kirol kluba da, 1994an sortua. Gaur egun 150 bazkide ditu eta 200 boluntario baino gehiago, hainbat jarduera aurrera eramaten laguntzeko. Hauek dira bere helburu nagusiak: desgaitasuna duen pertsonaren autorrealizaziorik handiena eta gizarteratzea lortzea, kirol jardueren bidez, errehabilitazioa, osasuna zaintzea, aisia eta lehiaketa ikuspegietatik; kirola terapia psikologiko gisa erabiltzea desgaitasuna duten pertsonentzat; gizartean desgaitasuna duten pertsonen kirol integrazioaren aldeko kontzientzia lantzea; eta desgaitasunen bat duten pertsonei kirolean hasten laguntzea, materiala eta banakako aholkularitza teknikoa eskainiz.

Urtean zehar, Kemenek hainbat jarduera, jardunaldi eta sentiberatze hitzaldi antolatzen ditu. Elkartean lanak aitorpen ugari jaso izan ditu, horien artean aipatzekoak dira gizarte balioen DYAren saria (2016), Donostiako Udalaren Hiritar Merezimenduaren Domina (2017) edo ONCEren Urrezko Kaskabiloa (2017).

Aritz Aduriz eta Sandra Ramajo (Epaimahaiaren aipamen berezia)

Epaimahaiak "Kirol Balioen Deusto saria" eztabaidatu eta ebazten zuen astean bertan iragarri zuten futbol aktiboa utziko zutela Aritz Adurizek eta Sandra Ramajok. Testuinguru horretan, Epaimahaiak bi kirolariei Kirol Balioen Deusto sariaren Aipamen Berezia ematea erabaki zuen, beren kirol ibilbide bikainaz gainera, azpimarratuz biek ala biek duten berezko lidergoa, bizikidetzaren eta errespetuaren balioei egin dioten ekarpena, eta kirolari gazteentzat erreferentzia positiboa izatea.