DONOSTIA. Deustuko Unibertsitateak ateak zabaltzeko bigarren larunbata izango du hilaren 16an, 2019-20 ikasturteko eskaintza ezagutzera emateko. Informazio saioa Donostiako zein Bilboko campusetan izango da, 10:00etatik 14:00etara. Etorkizuneko ikasleek graduak, gradu bikoitzak, gradu eta ibilbide dualak, aipamenak eta titulu propioak ezagutu ahal izango dituzte, 40tik gora, baita unibertsitateko 22 titulazio elebidun eta hirueledunen eskaintza berria ere.

Nazioarteko titulu horien berrikuntza nagusia da ikasleek beren hizkuntza ibilbide elebiduna edo hirueleduna diseinatu ahal izango dutela, eta ibilbide horri lotutako ziurtagiria jasoko dutela ikasketak amaitzerakoan. Horretarako, kredituen % 40tik gora euskaraz edo ingelesez egiteaz gainera, hizkuntza horretan C1 maila dutela erakutsi beharko dute. Graduaren arabera, ikasleak lau modalitateren artean aukeratu beharko du: elebiduna, ingelesarekin; elebiduna, euskararekin; hirueleduna, ingelesarekin eta euskararekin; eta hirueleduna, euskararekin eta ingelesarekin. Hori guztia, ahantzi gabe karrera batzuetan kredituen % 80 baino gehiago egin daitezkeela euskaraz edo ingelesez. Hizkuntza eskaintza horrek Deustuk eleaniztasunarekin duen konpromisoa erakusten du eta urrats bat gehiago da gradudunen gaikuntzan eta titulazioen nazioartekotzean.

Helburu bera lortu nahi du datorren ikasturterako beste berrikuntzetako batek: graduak titulu propioekin konbinatzeko aukera da, espezializazio handiagoa lortzeko. Zehazki, Filosofia, Politika eta Ekonomiako graduan, Hizkuntza Modernoak eta Kudeaketakoan eta Turismoan nazioarteko profila indartu daiteke, graduarekin batera "International Trade Skills" titulu propioa eginda. Helburu hori bera du "Skills for International Lawyers" titulu propioak, Zuzenbideko ikasleei eskaintzen zaienak. Ingelesez egiten da, oso-osorik, nazioarteko esparru juridikoa lantzeko.

Zuzenbidearen arloan, azpimarratzekoa da, Donostiako campusean, Zuzenbideko eta Komunikazioko gradu bikoitza: orain dela gutxi sortutako programa berritzaile bat da, ikaslea gaitzen duena informazioa kudeatzeko, zuzenbideko jakite sendoak izanik. Etorkizuneko ikasleek hedabideetako aholkularitza juridikoan lan egin ahal izango dute; ikerketa kazetaritzan aritu ahal izango dira, gizartean oihartzuna duen delitu baten lege ondorioak ulertzeko gai izango baitira; IKTen erabileraren inguruko aholkularitza juridikoetan ere izan dezakete tokia, jabetza intelektualari eta industrialari lotuta; datuen kudeaketan eta babesean; merkataritza elektronikoko eta gizarte sareetako aholkularitzan, etab. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko gradu bikoitza ere oso erakargarria da: enpresek asko eskatzen dute zuzenbide eta enpresako profil bikoitz hori eta baliagarria da enpresen zerga, merkataritza eta lan aholkularitzan; marketin, merkataritza eta nazioarteko kontratazioko lege sailetan, eta abarretan.

Enpresa arloan, azpimarratzekoak dira, Donostiako campusari dagokionez, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako (EAZko) gradua, atzerriko unibertsitate batzuekin elkarlanean, nazioarteko titulazio bikoitz bat eskuratzeko aukera ere ematen duena; EAZ + Digital Business Skills, EAZko graduaren prestakuntzari enpresak aro digitalean kudeatzeko behar diren jakiteak eta zuzendaritzako trebetasunak garatzeko sakontzea; eta EAZ + International Management Skills, EAZko graduaren prestakuntzari enpresak eta erakundeak nazio eta kultura askotako ingurunean kudeatzeko behar diren zuzendaritzako trebetasunetan sakontzeko aukera eransten diona.

Azken urte hauetan abian jarri diren beste titulazio batzuen inguruko informazioa ere emango da saio horietan: Filosofia, Politika eta Ekonomiako gradua; Gizarte Hezkuntzako eta Gizarte Laneko gradu bikoitza, gure inguruan bakarra; Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako eta Lehen Hezkuntzako gradu bikoitza (Bizkaian eta Gipuzkoan ikasketa hori eskaintzen duen unibertsitate bakarra eta EAEko pribatu bakarra), eta Turismoa, Gizarte Lana eta Komunikazioa titulazioak. Azken arlo horretan, Komunikazioa + Ikus-entzunezko, Multimedia Komunikazioko Teknologien gradua aipatu behar da, teknologiek ikus-entzunezko eta multimedia edukiak ekoizteko, postproduzitzeko eta emateko eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatzeko gai izango diren komunikatzaile profesionalak prestatzea helburu duena.

Prestakuntza duala

Prestakuntza dualaren aldeko apustua gero eta nabarmenagoa da titulazioen eskaintzan. Aurten, Industria Digitaleko gradu duala jarri da abian, Egibiderekin elkarlanean, eta Arabako enpresa eta erakundeek babestuta. Datorren ikasturtean, hainbat gradutan, zati bat enpresetan egin ahal izango da, ibilbide dualei esker. Gradu horien artean daude Zuzenbidea + Lan Harremanak gradu bikoitza; Elektronika, Industria eta Automatikako Ingeniaritzako gradua; Industria Antolaketako gradua; eta Ingeniaritza Mekanikoko gradua.

Ingeniaritza arloan, beste titulu berri bat Informatika Ingeniaritzako + Industria Antolaketako Ingeniaritzako gradu bikoitza da. Iraultza digitalaren eta 4.0 industriaren erronkei erantzuteko, industria berrian prozesuak optimizatzeko gai izango diren adituak prestatzea du helburu. Berrikuntza horiek guztiak Deustuko Unibertsitateak eskaintzen dituen ohiko titulazioen mapari erantsi behar zaizkio. Erakundeak 130 urte baino gehiagoko ibilbidea du eta mundurako pertsonak hezi nahi ditu, gizartearen arazoei irtenbide sortzaileak emateko gai izango direnak.

Deustuko Unibertsitatea sailkapenean lehenengoa da irakaskuntzari begiratuta; 4.a, laneratzean; eta 7.a, ikerketan. Inguruneko enpresa eta erakundeekin lotura estua du. Unibertsitatearen eta enpresaren arteko harreman horri esker, doitutako enplegu tasa (ikasi duten horretan lan egitea) % 88 da, Lanbideko azken datuen arabera.

Berri on horiei erantsi behar zaie Deustuko Unibertsitateak 6 Global Teaching Excellence Award sarietako bat jaso duela, irakaskuntzaren bikaintasuna aitortzeko. Saria Erresuma Batuko Higher Education Academy/Advance HE eta Times Higher Education erakundeek ematen dute, eta, horri esker, Deustuko munduko 6 onenen artean sartu da.

Ateak zabaltzeko larunbatak otsailaren 16an eta maiatzaren 4an izango dira Donostiako eta Bilboko campusetan, eta otsailaren 23an eta apirilaren 6an, Gasteizko Egibide Deusto Arriaga egoitzan. Saio horiez gainera, aurkezpenak egiten dira hirietan, hezkuntza azoketan parte hartzen da eta Fakultateetako asteak antolatzen dira, etorkizuneko ikasleentzat.