DONOSTIA. Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko Turismoko graduko lehen mailako ikasleek, Donostiako campusean, Gipuzkoako "millennialek" turismoaren aurrean duten hautematea aztertu dute berriki. Azterketa "Informazio Sistemak eta Turismoko Ikerketa Teknikak" irakasgaian egin dute: galdeketa labur bat prestatu dute eta 18 eta 29 urte arteko 406 gazte gipuzkoarri egin diote, lurraldeko eskualde desberdinetan. Lagina lurraldean estratifikatua izan ez denez, erantzun gehien eskualde jakin batzuetan lortu dira: Donostia (% 41), Bidasoa-Txingudi (% 16), Urola Kosta (% 12) eta Donostialdea (% 10). Errealitate horretatik abiatuta, eta emaitza nagusiak erakusteko, lurraldea eskualde hauetan banatu dute: Donostia hiriburua, Bidasoa-Txingudi, Urola Kosta, Donostialdea (Oarsoaldearekin batera) eta gainerako eskualdeak.

Emaitza nagusiek erakusten dute Gipuzkoako gazteen erdiak baino gehiagok uste duela bere udalerria edo hiria ongi (% 37) edo oso ongi (% 22) ekipatuta dagoela turismo sektorearen garapenerako eta turismoa udalerriarentzat fenomeno positiboa dela.

Baina deigarria da gazteek turismoa batez ere probintzian ikusten dutela positiboa: elkarrizketatuen ia hiru laurdenak (% 73) uste du turismoa positiboa edo oso positiboa dela. Ehuneko hori norberaren udalerrian lortutakoaren gainetik dago. Izan ere, norberaren udalerriaz galdetuta, balorazio neutroak erantzun guztien herena dira; balorazio positiboak % 56ra jaisten dira eta negatiboak, berriz, % 10era igotzen.

Erantzun neutro eta negatibo gehien Donostiako eta Donostialdeko gazteek eman dituzte. Horien artean, gazte donostiarrek eman dituzte erantzun negatibo gehien. Gainerako eskualdeetan gehiengoak positibotzat du turismoa. Hala, Txingudiren kasuan eta "gainerako eskualdeen" multzoan, elkarrizketatutako bost gaztetik batek uste du turismoa "oso positiboa" dela.

Ildo beretik, eskualdeak bisitan jasotzen dituen turista kopuruaren eta motaren inguruan galdetuta, iritzi gehienak pozik egotearen eta berdin izatearen artean daude. Azpimarratzekoa da elkarrizketatutako lau pertsonatatik batek esaten duela ez dagoela gustura turismoarekin.

Azkenik, beren udalerrian turismofobiarik badagoen galdetuta, Gipuzkoako gazteen laginaren hautematea bi multzotan bana dezakegu: % 56k uste du turismofobia dagoela eta % 44, ordea, ezetz. Lurraldeak aztertuz, ikusten da Donostian bizi diren gazteen hautemateak (laginaren % 41) erabat baldintzatzen duela emaitza. Izan ere, inkestari erantzun dioten hiru gazte donostiarretatik bik uste du nolabaiteko ‘turismofobia' dagoela; gainerako lurraldeetan, ordea, gehienek uste dute ezetz. Urola Kostako datuak ere aipagarriak dira, elkarrizketatuen erdiak uste baitu turismofobia badagoela eta beste erdiak, berriz, ezetz.