Síguenos en redes sociales:

Euskara nagusi Tolosako Inauterietan: Udalak datuak plazaratu ditu

Kalean aztertutako ia 5.000 elkarrizketen ondorio nagusia: hirutik bik euskaraz egiten dute

Euskara nagusi Tolosako Inauterietan: Udalak datuak plazaratu dituJavi Colmenero

Euskara da nagusi Tolosako Inauterietan, ostiral honetan Udalak plazaratu duen ikerketa baten arabera. Azterketa 2025ean egin zen, eta ondorioak aurtengo Inauterien atarian aurkeztu dituzte. Guztien artean, lerroburu nagusia: hirutik bik euskaraz egiten dute kalean. Ondorio honen oinarrian badago joera oso argi bat: batez ere umeek eta gazteek erabiltzen dute.

Aurtengo Inauterietarako egun gutxi falta direnean, Udalak iaz egindako behaketak ekarritako emaitzak argitaratu ditu. Lanketa bost egunez egin zen (Ostegun Gizenean, Ostiral Mehean, Zaldunitan, Astelenitan eta Asteartitan), batik bat jende-bolumen handieneko eremuetan: guztira 11 orduz neurtuzen inauterietako kale-erabilera, denbora-tarte horretan 4.940 elkarrizketa eta 9.725 solaskide behatuz. 1985az geroztik, Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak urtero egiten du neurketa.

Euskararen erabilpena Tolosako Inauterietan

Lehen ondorio nabarmena pozgarria da euskaltzaleontzat: kalean dabiltzan hirutik bi euskaraz aritzen dira (%67, urtean zehar erabiltzen denaren 17 puntu gainetik, 2024ko azken azterketak erakutsi bezala). Arrakala hori azaltzerakoan, Udalaren aburuz, "kalean dabiltzan herritarren profila" kontuan hartu behar da.

"Kalean behatutako herritarren erdiak 25 urte baino gutxiagokoak dira, eta horrek badu eragina emaitzetan, adin-talde horiek egiten baitute euskaraz gehien", azaldu du Udalak. Hala ere, euskararen gorakada ez da adin tarte horietara mugatzen: "Adin-talde guztietan handitu da erabilera inauterietan, bestelako neurketekin konparatuta". Horrela, haurren %82 egiten du euskaraz; gazteen %71; heldu-gazteen %67; heldu-nagusien, %46 eta adinekoen %41.

Euskararen erabilpena Tolosako Inauterietan adinaren arabera

Erabilpena egunen arabera

Kontuan hartu behar den beste aldagaia behaketa egindako tokietan ez direla tolosarrak bakarrik: "Egun horietan Tolosan zebiltzanen jarduna jaso da. Nabarmena da bisitariek eragina dutela kaleko erabileran; kasu honetan, euskararen alde".

Te puede interesar:

Ikerketak generoaren ere jarri du begirada: gutxigatik, baina emakumezkoek gehiago jotzen dute euskarara: %68, eta gizonezkoak %66.

Azkenik, behaketa bost egunez eginda, euren artean alderik badagoen aztertu dute. Izatekotan, Astelenita litzateke egunik euskaldunena(%71 hizkuntza honetan mintzatzen da), eta Zaldunita (larunbata), euskara gutxien entzun zena (%63,5), nahiz eta euskara nagusi izan.