Hazkunde ekonomikoaren aurreikuspenek beherantz egin dute gerra komertzialaren ondorioz
Donald Trump AEBko presidenteak piztutako gerra komertzialaren eraginez, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak hazkunde ekonomikoaren aurreikuspenak beherantz berrikusi ditu. Itxura batean, dagoeneko iragarri dituen muga-zerga berriekin, kaltetuenak Kanada eta, batez ere, Mexiko izango dira, Estatu Batuez gain.
Atzo argitaratutako Ikuspegien behin-behineko txostenean, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (ELGA) dei argia egin dio AEBetako presidenteari –zuzenean izendatu gabe bada ere– dagoeneko ezarri dituen muga-zergak eta horiek eragindako tentsio komertzialak murrizteko, ekonomia globalaren mesedetan bere politika aurreikusgarriagoa izan dadin.
Europan, dagoeneko ofizial egin diren muga-zergen zuzeneko eragina txikia izango bada ere, ziurgabetasun horrek izango du eraginik jardueran, eta horrexegatik txostenaren egileek hiru hamarren jaitsi dute eurogunerako espero zuten hazkundea, bai urte honetarako (%1), bai datorren urterako (%1,2); bistakoa denez, horrek oso azelerazio eskasa erakutsiko luke 2024ko %0,7a kontuan izanda.
Espainia salbuespen
Alemaniako, Italiako eta Frantziako aurreikuspenak beherantz zuzenduko dituzten bitartean, Espainia izango da euroguneko bazkide handien artean bestelako joera izango duen bakarra, Estatuko BPGren hazkundeak bikoiztu egingo baititu aipaturiko hiru horienak, bai 2025ean (%2,6), baita 2026an ere (%2,1).
Ekonomia emergente handiei dagokienez, haien hazkundea, oro har, moteldu egingo da, bai aurten, bai datorren urtean ere, eta joera horren erakusgarri da, esate baterako, Txina erraldoia: 2024an %5 izatetik 2025ean %4,8 izatera pasako baita (ELGAk abenduan aurreikusten zuena baino hamarren bat gehiago), eta 2026an %4,4 izatera (orain hiru hilabete bezalakoxea).
ELGAk ondotxo daki Trumpen erabakiak aurreikustea oso zaila izango dela, bere bazkide komer-tzialak, eta bereziki europarrak, muga-zerga gehiagorekin mehatxatu dituelako. Horregatik, txostenean zuzenean haren izenik aipatu gabe, “egungo ziurgabetasun geopolitiko eta politikoak kinka larrian jartzen ditu proiekzio guztiak” azpimarratu du.
Hori hobeto irudikatzeko simulazio bat ere egin du, non aldebiko muga-zergak ehuneko hamar puntu gehiago igo dituzten.
Temas
Más en Actualidad
-
Trump dice que pedirá pena de muerte para quien cometa un asesinato en Washington
-
Apple anuncia un evento el 9 de septiembre y se espera la presentación del nuevo iPhone 17
-
Dos detenidos por agredir mortalmente a un gorrilla que intentó apresarles por atropellar a una mujer en Valencia
-
El PNV acusa a EH Bildu de doble rasero en el debate sobre los toros