Korrikaren aurtengo edizioa Donostian amaituko da igande honetan, hilak 10. Hamaika egun eta 2.500 kilometroko ibilbidearen ostean, euskararen aldeko lasterketa Boulevardeko Zumardira iritsiko da 12.30etan. Bertan amaierako ekitaldia gauzatu ostean, ekitaldi ezberdinak daude aurreikusita hirian zehar eta festa egun osoa zehar zabalduko da hiriko kaleetan barrena.

Astearte goizean ezagutarazi dute Korrikako arduradunek egitarau osoa prentsa-agerraldi batean. Luix Intxauspe, Korrikako Gipuzkoako koordinatzailearen esanetan, "dena prest" dago Donostiako jai egunerako eta festa "handia bezain berritzailea" prestatu dute.

Hasteko, Korrika, goiz osoan zehar Donostiako kaleetan ibili eta gero, Boulevardera iritsiko da eguerdiko 12.30etan "karabana koloretsua". Bertan, lekukoaren barnean dagoen mezuaren egilea nor den jakinaraziko da eta mezua bera irakurriko da. Amaierako ekitaldi honek aurkezleak ere izango ditu, Nerea Aranburu eta Ivan Aizpurua aktore donostiarrak, hain zuzen ere.

Ondorengo ekitaldiei dagokienez, zortzi gune desberdinetan banatu dituzte publiko anitzarentzat antolaturiko ekintzak eta hiriko kultur eragileen parte-hartzea lehenetsi nahi izan dute. Espazio hauek Boulevardean, Alderdi Ederren, kaian, Zuloaga plazan, Konstituzio plazan, Trinitate plazan, Gipuzkoa plazan eta Sarriegi plazan egongo dira kokatuta. Denetariko ekintzak izango dituzte, hala nola, musika kontzertuak, txarangak, emanaldiak, azokak, bertsolariak edota tailerrak.

Janari aukera zabala dastatzeko aukera ere izango da gune gehienetan. Trinitate plaza, adibidez, herri-bazkaria izango da eta menu orojale eta barazkijalearen arteko hautua egin ahal izango da.

Festa egun hau berdintasunean oinarrituta izatea nahi dute arduradunek, eraso edo jazarpen sexista, homofobo eta arrazistarik gabekoa. Hau ziurtatzeko, hiru puntu more ezarriko dituzte, Alderdi Ederren, kaian eta Zuloaga plazan, norbaitek erasoren bat ikusi edo jasaten badu, bertan sala dezan.

Donostiara bertaratzen direnek jasangarritasuna ere kontuan hartzea desio dute Korrikako arduradunek eta jendeak garraio publikoa erabiltzea komenigarria litzatekeela nabarmendu dute.