Zientziak eta teknologiak gizartearengan jakinmina pizteko Zien-tzia Astearen 19. edizioa egingo da Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Barakaldon, Euskal Herriko Unibertsitatearen eskutik. Donostian, Zientzia Astea Tabakaleran dago atzotik eta bihar amaituko da. Askotariko ekintzak antolatu dituzte: ikastetxeentzako bisitaldiak, txoko zientifikoak, tailerrak, irteera di-daktikoak eta baita lehiaketak ere.
Egitaraua publiko guztiei zuzenduta badago ere, gazteak erakarri nahi ditu EHUk. “Zientzia eta teknologia gizartearen eskura jartzeko antola-tzen dugu jarduera hau; batez ere haur, nerabeen eta gazteengan bokazio zientifiko berriak pizteko”, adierazi zuen atzo Agustín Erkizia, EHUren Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak Tabakaleran egin zuten aurkezpenean. Bertan robotikari, geometriari, astronomiari, nanozientziari eta energia berriztagarriei buruzko hamabost postu muntatu dituzte.
ikasleen bisitak Atzo bertan hasi ziren Euskal Herriko ikastetxeak Tabakalerako standak bisitatzen. Ikasleek arretaz begiratzen zituzten asmakizun berriak eta haiek proba-tzeko beta ere izan zuten. Lurraren tenperaturaren koloreak zituen hondarrezko paisaia baten aurrean adi-adi zeuden Elizondoko Lekaroz BHI institutuko ikasleak. “Erakusketako bereziena hondarrarekin paisaia moldatzea iruditu zait, eskua pasaz gero euria egiten du eta mendiak sor ditzakegu”, azaldu zuen Markel Adin izeneko ikasleak. “Niri gomazko eskuaren ilusioa gustatu zait. Esku bati arretaz begiratu eta kolpeak ematen ditu. Norberak igarri egiten du bere esku propioa balitz bezala”, nabarmendu zuen klasekide batek.
Zumaiako Zumaiena ikastetxeko ikasleak ere bertan zebiltzan. “Gehiena bigarren postuan ikusi duguna gustatu zait, nitrogeno likidoarekin eskularruak erabiliz gauzak nola izozten diren ikasi dugu”, azaldu zuen Mikel Alberdi ikasleak. “Galdera batzuk erantzuteko programatuta zegoen robota ere ikusi dugu. Esaldi bat esan eta erantzun egiten zuen”, adierazi zuen Maddi Etxabek, zientziarekin erlazionaturiko zerbait ikasi nahi duela gehituz.
bertsozientzia Aurtengo berrikuntza Jakinduriek mundue erreko dau izeneko BertsoZientzia ikuskizuna da. Gaur ospatuko da Tabakaleran 19.00etan eta bihar, Gasteizen. Kike Amonarriz gidari dutela, hainbat zientzialarik hitzaldi laburrak eskainiko dituzte gaurkotasuna duten gaiei buruz. Hitzaldi horiekin lotutako bertsoak abestuko dituzte ondoren bertsolariek. Bestalde, Zientzia Club ikuskizunaz goza-tzeko aukera egongo da aurten ere, zientziari buruzko bakarrizketekin, bihar Tabakaleran, 19.00etan.
Zientzia Asteak biltzen dituen jarduera guztiak doakoak dira eta tailerretarako, txangoetarako eta bisita gidatuetarako izena eman beharko da www.zientzia-astea.eus webgunean. Egitarau guztia ere bertan dago eskuragarri.
Iaz, 3.500 lagun inguruk hartu zuten parte Donostiako Zientzia Astean. Aurten ere horrelako ospea izatea espero dute antolatzaileek zientzia gazteengana heldu eta, ahal bada, haiengan geratzeko.