Síguenos en redes sociales:

Hamar urte eskualdean komikiari leihoa irekiz

APIRILEAN ZENDU ZEN | Juanba Berasategi zinema-zuzendaria omenduz beteko du aurten hamarkada Ibarra-Galtzakomik komiki lehiaketak

Hamar urte eskualdean komikiari leihoa irekiz

hamarkada beteko du aurten Ibarra-Galtzakomik komiki lehiaketak. Edizio berezi honetan apirilean zendu zen Juanba Berasategi zinema-zuzendariari omenaldia eta eskertza egingo zaio, euskarazko animaziozko film luzeetan aitzidari eta erreferente izateaz gain, Galtzaundi Euskara Taldeak Ibarrako Udalarekin batera antolatzen duen lehiaketako epaimahaiko kide ere izan zelako hainbat urtez.

“Berezia izango da aurtengo lehiaketa eta Juanba gogoan izan nahi dugu. Horregatik, aurten aurkeztuko diren lanen gaia librea izango bada ere, Juanba Berasategiren Kalabaza Tripontzia animaziozko film luzeari keinu egin beharko diote. Inplizituki eta esplizituki, lan honen erreferen-tziak ikusi nahi ditugu aurkeztuko diren komikietan”, azaldu zuen Idoia Lahidalga Galtzaundiko kideak Ibarran egindako aurkezpenean.

Kalabaza tripontziak protagonismo nabarmena izango du aurtengo edizioan eta Tolosako eta Ibarrako ikastetxeetako ikasleek filmaren proiekzioa ikusteko aukera izango dute bihar, urriak 18, Tolosako Leidor zineman.

Ibarra-Galtzakomik lehiaketaren bilakaerari buruzko balorazio baikorra egin du Galtzaundik: “urtetik urtera hazten joan den lehiaketa izan da, nahiz eta azken urteotan aurkeztutako lanen kopurua mantendu egin den eta maila ere bai”, esan zuen Lahidalgak.

Lanak bidaltzeko epea zabalik izango da azaroaren 20a arte. Galtzaundi Euskara Elkartean aurkeztu beharko dira edo postaz bidali (Nafarroa etorbidea 6, behea, 20400, Tolosa). Komikiek bete beharreko baldin-tza teknikoak eta lehiaketaren oinarriak www.galtzaundi.eus webgunean aurki daitezke.

Lehiaketara aurkeztutako lan guztiak ikusgai izango dira abenduaren 1etik 15era Ibarran egingo den erakusetan. Jesus Peñagarikano Ibarrako Euskara zinegotziak azaldu zuenez, kultur etxeko erakusketa gelan obrak egiten ari dira, baina bilatuko dute “erakusketarako egokia den lekua”. Sari banaketa abenduaren 1ean izango da, 19.00etan, Euskararen Eguneko egitarauarekin bat eginez.

12 urtetik behera. Lehenengo saria, 100 euro eta komiki bilduma; bigarren saria, komiki bilduma eta marrazketarako materiala; egingo diren bost aipamen berezientzat komiki bilduma bana izango da; Ibarrako komikirik onenak ere saria izango du, opari txekea eta komiki bilduma.

12 urtetik 16 urtera. Lehenengo saria, 200 euro, marrazketarako materiala eta komiki bilduma; bigarren saria, 100 euro eta komiki bilduma; egingo diren bi aipamen berezientzat, komiki bilduma bana; Ibarrako komikirik onenak opari txekea eta komiki bilduma jasoko ditu.

16 urtetik gora. Bi sari banatuko dira: lehenengo sariarentzat, 700 euro eta Ibarrako Eluska jatetxean bi lagunentzat afaria; eta bigarren sariarentzat, 300 euro eta Ibarrako Danon Txokoan bi lagunentzat afaria.