Síguenos en redes sociales:

Guiness World Recordsek Eibarko saiakera onartu du

2.500 LAGUNEK IRUDI ERRALDOIA OSATU ZUTEN EKAINAREN 22AN | Untzaga plazan

Guiness World Recordsek Eibarko saiakera onartu du

eibar - Eibarren Akebai plataformak deituta, 2.500 herritar elkartu ziren Untzaga Plazan joan den ekainaren 22an, beti ere, ordura arte Dubaik 2.223 lagunen partaidetzarekin zuen Largest transforming human image Guinnessliburuarenkategoriako errekorra gainditzeko helburuarekin.

Ekimenaren antolatzaileek bidalitako frogak (argazkiak, filmazioak, lekukoen eta kronometratzaileen deklarazioak?) aztertu ondoren, Guinness World Recordsek ontzat eman du eibartarrek egindako saiakera. Ondorioz, Eibarko hiriak Largest transforming human image errekorra lortu du ofizialki.

Akebai plataformatik gogorarazi dutenez, saiakera horretarako “2.500 lagunek baino gehiagok eman zuten izena, eta herriko 90 elkarte inguruk adierazi zuten atxikimendua ekimenarekin”. Era berean, 100 bat lagun aritu ziren saiakeraren prestaketarako lanean fin (lurrean irudia marrazten, materiala prestatzen eta banatzen, parte hartzaileei instrukzioak ematen, plazaren inguruko lau sarbideak zaintzen, sarrerak antolatzen, txipak kontrolatzen, jendea leku egokian kokatzen, jarraibideak ematen, kronometratzen?).

Antolatzaileen esanetan, dena “ondo baino hobeto” irten zen eta horregatik “eskerrak eta zorionak” eman nahi izan dizkiete eibartar guztiei.

Joan den ekainaren 22an “bizi izandako uneak gogoratzeko eta emozio hori berriz sentitzeko”, bideo eta argazki emanaldia izango da datorren ostiralean Untzagan (20.30ean).

Beraz, herritarrek “egun hartan egin ziren mugimendu sinkronizatuak eta azaleratu ziren irribarreak” ikusi ahalko dituzte berriro.