Oreinak oso garrantzitsuak izan ziren Ekaingo kobazuloan duela 14.000 urte, baita Ekaingo gizakien egunerokoan ere. Aurten, animalia berezi horiek berriro ikusteko aukera jarri dute Ekainberrin, eta duela 14.000 urte bezala, oreinak ikus daitezke zelaian; hain zuzen, lau orein daude Ekaingo kobazuloaren ondoan, eta iraila arte egongo dira ikusgai.
Lau orein horiei ongi-etorria emateko izan ziren Ekainberrin Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendari Nagusi berria den Maria Jose Telleria, eta Zestoako alkate berria den Josetxo Mendizabal. Horiekin batera egon zen Juanjo Aramburu Lasa, Ekainberriko zuzendaria, eta hirurek ingurua bisitatu zuten eta erreplikaren orain arteko ibilbideaz eta etorkizunaz hitz egin zuten.
Oreinak berriro Ekainberrin izateak, Historiaurrera gerturatzen ditu bisitariak; izan ere, berebiziko garrantzia izan zuten animalia horiek, Ekaingo gizakiekin batera bizi ziren eta Madeleine Aroan, kobazuloaren inguruko zelaietan. Oreinak, basahuntzarekin batera, Kantauriar kostaldeko Madeleine Aroan, biziraupenerako animalia nagusiak izan ziren. Ekaingo kobazuloko erregistro arkeologikoa begiratuta, bertan azaldu ziren apodunen %85,2 oreinak ziren, eta 0-3 bitarteko orein kumeen hortz asko dokumentatu dira. Oreinek udaberrian erditzen dutela jakinda, bere aldetik, Ekaingo biztanleak udaberri eta uda aldean bakarrik izaten zirela kobazuloan ondoriozta daiteke, eta udazkenaren hasieran neguko gordelekuetara itzultzen ziren. Naturaren zikloari jarraiki, gizakiak desagertzean, oreinak orroan sartzen ziren, hurrengo urteko Sastarrain bailarako orein belaunaldi berriaren lehen haziak ereinez.
oreina, elikagai nagusi Oreina garai hartako elikagai nagusia zen, Ekaingo gizakiaren biziraupenerako ezinbesteko baliabidea. Izan ere, oreinaren haragiak proteina asko eskaintzen zituen, eta oso haragi osasuntsua zen, koipe saturatu gutxi zituen eta. Gainera, emakume eta haurrentzat burdin osagarri itzela zen, batez ere, jaioberrientzat eta haurrentzat, baita haurdun zeuden emakumeentzat ere. Bestalde, gizakiek oreinen larrua erabiltzen zuten hainbat gauzetarako: mota guztietako jantziak egiteko, beroki sendoak egiteko, garraiatzeko eta gordetzeko zakuak egiteko... Horretaz gain, oreinen hezurrak eta adarrak oso erabiliak izan ziren Goi Paleolitoan.
ekain abentura Ekain Abentura programaren barruan dago oreinak ikusteko aukera, eta oreinak bezalako animalia bereziak ikusi ahal izateaz gain, Ekaingo gizakien egunerokoa gertuagotik ezagutu, ikusi eta sentitzeko aukera aparta eskaintzen du Ekainberrik. Bertan dagoen eskaintza guztiaz gozatzeko, aldez aurretik erreserba egitea gomenda-tzen da, bisita eta ekintza guztiak gida baten laguntzaz egiten baitira. Horretarako, 943 868 811 telefono-zenbakira deitu behar da.
Aurtengo udan, beraz, gain kosturik gabe, Ekainberrik historiaurreko esperientzia osoa eta integrala eskaintzen du: historiaurreko artelanak ezagutzea, sua egitea, pinta-tzea, ehizatzea, eta oreinak orain dela 14.000 urte bezala bailarara itzuli direla ikustea. Aukera paregabea Ekainberrik eskaintzen duena; izan ere, historian atzera egin, eta garai hartako bizimoduaren nondik norakoak hurbilagotik ezagutzea berezia bezain ahaztezina izango da.