Beasaingo Arrano Kultura Elkarteak urteak bete ditu. 40 urteko ibilbidea ospatzeko hainbat ekintza antolatu ditu apirilerako. Astearte honetan emango zaio hasiera egitarauari, pote filosofikoarekin. Idurre Eskisabelek eta Edurne Azkaratek parte hartuko dute, Zergatik eta zertarako euskaldun gaur? gaia hizpide izango duen saioan. Agora Elkartearekin elkarlanean antolatutako ekintza da honakoa. 19.00etan hasi eta 20.30ak aldera amaituko da. Beasaingo Arrano Tabernan egingo da.

Hitzaldia

40 urteko hegaldia, nondik gatoz? hitzaldia eskainiko dute Jone Goirizelaiak eta Tasio Erkiziak, apirilaren 16an. Arrano Elkartean izango da, arratsaldeko 19.00etan.

Sukaldaritza tailerra ere izango da urteurrena ospatzeko ekintzen artean. Iker Markinez sukaldariak gidatuko du, hilaren 17an. Arrano Elkartean egingo da, 19.00etatik aurrera. Parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman behar dute, arranokultura@gmail.com helbidera idatzita.

Hurrengo egunean, pilota partida jokatuko da, arratsaldeko 18.00etan, Gernika pasealekuko frontoian. Apirilaren 19an, aldiz, Bernedoeneara bideko tunelean murala margotuko da. Ekintza 18.00etan hasiko da.

Egun berezia

Apirilaren 20an egun osorako egitaraua prestatu dute. Herri kirol erronka izango da plazan, triki poteoa ondoren, bazkari musikatua plaza azpian eta pilota partidak arratsaldean zehar.

Bazkarirako tiketak salgai daude Arrano, Basakana, Irizar eta Antzizar tabernetan, 20 euroan. Apirilaren 16ra arte erosi ahal izango dira txartelak.