918 Gau aurkeztuko du lehiaketaz kanpo Arantza Santesteban iruindarrak, euskal zinemari berariaz eskainitako Zinemira sailean. Filma gaur proiektatuko da Antiguo Berri zinema-aretoetan, ondoren solasaldi eta guzti. Emanaldi horiek “ziklo bat ixtera” datoz; izan ere, Tabakaleran egin zuen egoitzan hasi baitzen zinemagilea proiektua taxutzen, Zinemaldiak, Tabakalerak eta Elias Querejeta Zine Eskolak antolatzen duten Ikusmira Berriak programaren 2018ko edizioaren baitan. Berak aipatu duenez, ideia 2016an sortu omen zitzaion “desioa baili-tzan”. “Pultsio” hori, “deserosotasun” batetik sortu zitzaion, “zalantzazko sentsazio erratiko batetik”, eta galdera asko egiten dituen zinta batean gauzatu da, “batzuk deserosotasuna eragiten dute, beste batzuk lasaitasuna, pentsarazi egingo dizute…”.

Euskaraz filmatua eta 65 minutuko iraupena duen 918 Gau, 2007ko urriaren 4ko Arantzaren atxiloketatik abiatzen da. Egun haietako oroi-tzapenak oso gogoan ditu: patioko joan-etorri amaigabeak, igeriketa txapelketak, Rasharen kartzela arteko ibilerak… Behin 918 gau giltzapean eman ondoren, aske geratuko da. Une horretatik aurrera, grabagailu batean jasoko ditu bere oroi-tzapenak eta zalantzak, filmean zehar memoria zatikatua bailiran zabalduko direlarik. “Badakit pelikulak lantzen duen gaia oso sentibera dela, une eta testuinguru politiko bat islatzen dituela, eta badakit harrera desberdina izan duela batzuen eta besteengan, baina ondo iruditzen zait”, azaldu du Santestebanek, eta aitortu duenez, “bakean nago egindako ariketarekin”. “Pultsioa oso indartsua zen; “isolatu beharrean, beste pertsonei begiratzen dien lehen pertsona batetik artikulatu behar nuen esperientzia hori. Bota dudala sentitzen dut orain, eta beste galdera batzuk ere utzi ditudala”.

Arrakasta nazioarte mailan 918 Gau, 2021eko urrian estreinatu zen DocLisboan, eta nazioarteko film onenaren saria jaso zuen. Torino Film Festivalen ere nazioarteko dokumentalik onena izendatu zuten, Pontevedrako Novos Cinemas Nazioarteko Jaialdian Latexos saria, eta Nafarroako Punto de Vista Nazioarteko Jaialdiaren 16. edizioan Film Onenaren Publikoaren Sari Berezia eta epaimahaiaren aipamen berezia ere eskuratu ditu.

Orain, filma Donostiara iristearekin batera, sortzailea gustura dago “amaiera” hurbil ikusten duelako. “Beste leku batzuetara begiratu premia dut, beste proiektu batzuetara”, dio. Hori bai, horren aurretik, filma zenbait hiritan estreinatuko irailaren 30ean, Bartzelonan, Santiago de Compostelan edo Madrilen, besteak beste. Santesteban pozik azaldu da, Zinemaldian parte hartuko duten Maddi Barber, Marina Lameiro edo Irati Gorostidi bezalako nafar zinemagileekin partekatu ahal izan duelako bidaia eder hori.