Oiartzun inor baino lehenago hasi da inauteriak ospatzen. Intxixu, basandere eta sorginak herrira jaitsi dira hiru egunez mitologiaz eta festaz gozatzeko. Ihoteei egiten zaien deiarekin hasten dira prestaketa lanak. Ostiral honetan erlojuak arratsaldeko 16.46ak jo dituenean hasi dira izaki mitologikoei deika, ondoren oiartzuarrek txokolatadaz gozatu dute. Herri dantza, azeri dantza eta sorgin dantza ostean, hasi dira Intxixuak, sorginak eta basandereak herrira iristen. Sua piztu ondoren, auzoetako zapiekin egindako kanabera Udaletxeko balkoian jarri dute, momentu horretan hasi dira festak.

Orain gozatzeko aste-bukaera osoa dute aurretik oiartzuarrek. Larunbatean, goizean goizetik prestatuta daude ekintzak, 9.00etan poxpolinez jantzitako herritarrek diru bilduko dute, 14.30etako herri bazkarian, oiartzuarrek indarrak hartuko dituzte, eta 18.00etatik aurrera koadrilak herriko plazan elkartuko dira musikarekin dantzatzeko Kataxuloko txozna inguruan.

Igandean agur esan beharko zaie hiru egunez herria apaindu duten izaki mitologikoei, 9.00etan txistulariek goiza girotuko dute dianarekin. 11.00etan Beheko Plazatik hasi eta herri osoa igaroko duen kalejira eta karrozak aterako dira. Ordu bat geroago dantza gidatua egongo da herriko plazan, eta festak amaitzeko, 19.00etan Intxixu, basandere eta sorginek suzko akerra piztuko dute Oiartzungo plaza nagusian.