Ohikoa ez den elkarretaratze indartsu bat ikusi dugu aste honetan: hainbat eta hainbat alkatek agerraldia egin zuten Bilbon –besteak beste, EAJ-PNVko alkateek–, Auzitegi Nagusiaren aurrean aginte makilak eta zumeak eskuetan, aurreko astean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak euskararen aurka emandako epaia salatzeko.
Azken urte hauetan ohikoa egiten ari zaizkigu maila ezberdineko epaile eta epaitegien sententziak euskararen normalizazioaren aurka. Finean, euskaldunok gure administrazioekin geure hizkuntzan jarduteko dugun eskubidearen aurka lotsagabeki egiten duten ebazpenak.
Lotsagabe hitza apropos darabilt, izan ere horixe baita: frankismoak euskara betirako isilarazteko asmoz larderiaz inposatutako gehiegikerien ondoren diktaduraren amaierak ekarritako askatasun arnasak, neurri batean behintzat, lotsarazi egin zituen gure Herria eta gure hizkuntza inoiz errespetatu ez zutenen benetako jarrera. Baina urte asko igaro da jada eta, beste gauza askotan bezala, badirudi lotsa eta erreparoak galtzen joan direla honetan ere.
Euskararen kontrako erasoaldi judiziala Hego Euskadi osoan gertatzen ari da. 2019an, Nafarroan hasi zen, bertako Auzitegi Nagusiak erabaki zuenean eremu mistoan ez ezik ez-euskaldunean ere langile publiko kontratazioetan ezin dela euskara meritu bezala eskatu. Alegia: ingelesa bai, euskara ez. Bertako “ley del vascuence” delakoaren eremu zatiketa aitzakiatzat erabiliz, Nafarroako hizkuntza propioa erabat baztertuz eta, orain arte, Ansoain, Berrioplano, Huarte, Berriozar, Lizarra, Zizur Nagusia edo Orkoienen, guztietan, debeku ebazpenak emanez, bertako udalen borondate demokratikoaren aurka. Geroa Bairen aldetik etengabekoa izan da PSNren jarrera aldarazteko saiakera, egoera zuzendu nahian, arrakastarik gabe.
Nafarroan auzitegien aitzakia indarrean dagoen legea izan bada, Euskal Erkidegoan zuzen-zuzenean Euskararen Legeak berak agintzen duena zapuztu dute euskararen normalizaziorako 40 urteko bidea hankaz gora jarriz: batzuetan euskara eskakizunak “neurrigabeak” iritzita, besteetan “diskriminatzaileak”.
Hori horrela, 2021ean Irungo epaia, 2022an Laudiokoa –“euskara munduko hirugarren hizkuntzarik zailena dela” argudiatzen zuen ebazpen xelebrea– eta, aurten bertan, Barakaldo, Ondarru edo Gipuzkoako Foru Aldundiarena den Uliazpi Fundazioaren kontrakoa.
Azkena, VOXek Udal Legearen aurka ezarritako demanda baten eskutik, Auzitegi Konstituzionalak erabaki du Espainiako Konstituzioaren aurkakoa dela euskal udalek beraien aktak eta barne dokumentuak euskaraz soilik jasotzea.
Jakina da auzitegietako kontuak lehorrak eta aspergarriak direla, zaila dela herritarrengan horrelakoekin iristea. Baina larria, oso larria da gertatzen ari zaiguna. Larria, euskaldunok bigarren mailako herritar bihurtzen gaituelako geure Herrian eta geure hizkuntzan. Larria, euskararen alde emandako aurrerapausoak ezbaian jartzen dituztelako. Eta larria benetan, gure autogobernuaren ardatza bera kolpatzen dutelako. Izan ere, zein berme dute gure Legebiltzarrak emandako legeek baldin eta epaileek edozein bidetatik baliogabetu baldin badi- tzakete? Agerikoa da autogobernu osoa lor- tzeko euskal Botere Judiziala ezinbestekoa dela.
Ez da gaur goizekoa Espainiak euskarari azaldu dion mespretxua. Eta interesgarria da oso Joan Mari Torrealdairen “Asedio al euskera. Más allá del libro negro” liburua. Bertan ondo azaltzen da zein izan den, mendeetan zehar, Espainiaren eta Frantziaren jarrera euskarari dagokionez. Errege absolutuen garaietatik hasi eta ondorengo erregimen politiko guztietan.
Ipar Euskadin, jazarpen nagusia Frantziako Iraultzarekin hasi zen. Bereziki ankerra “terreur” delakoaren iraultza jakobinoaren garaietan, non, Torrealdaik jaso bezala, erdeinuzko “patois” hitzarekin izendatzen ziren frantsesa ez bestelako hizkuntzak “iraultzaren aurkakotzat” hartuak izan ziren, zentsura eta errepresioa gogor erabiliaz haien hiztunen aurka. 1794an Salbazio Publikoaren Komiteak zioen “Fanatismoak euskara hitz egiten du” eta “frantsesa alde batera uztea aberriari traizioa egitea da”.
Iraultzaren garaietan Frantziako herritarren %11k besterik ez omen zuen frantsesa berezko hizkuntza. Agerikoa da XVIII mende bukaera hartatik gaurdainoko hizkuntza eta hezkuntza politikak oso eraginkorrak izan direla Frantziako Errepublikan frantsesaren mesedetan eta gainontzekoen, euskara barne, hondamendirako. 2016an, Ipar Euskadiko biztanleen %20k omen zekien euskaraz eta horietatik %77k “oso gutxi” egiten omen zuen.
Eta Espainian? Historian zehar etengabea izan da euskarari arnasa ukatzeko afana. 1766an, debekatu egin zuten euskarazko libururik argitaratzea. Urtebete geroago, eskoletan euskaraz aritzea debekatu zuten eta eraztuna ezarri zuten zigor modura. 1772an, kontularitza liburuetan debekatu; 1801ean, antzokietan; 1862an, eskritura publikoetan; 1915ean jabetza-erregistroan; 1923an akta ofizialetan; 1924ean poxpolo kaxetan! Eta Espainiako Errepublika iritsi zenean, ezkerreko diputatuen hitzak dira Kongresuan: “quisiéramos un Gobierno que acabara con todos las lenguas diferentes de la nacional” eta “la República solo puede admitir la enseñanza en castellano”. Errepublikarrak eta ezkerrekoak, hauentzat ere balio du Frantziako Errepublikaz egindako goiko oharrak. Azkenean, gerra garaian onartutako euskal Estatutuan, euskararen koofizialtasunari ozta-ozta eman zioten ameto, gogoz kontra. A ze borondatea Espainiako Errepublikarena!
Gerraz eta frankismoaz, berriz, zer esan, euskal izenak galarazi eta “agur” esatea debekatzeraino iritsi ziren eta. Torrealdaik jasotzen dituen makina bat jazarpenen artean hona batzuk: garaiko 500 pezetatako isuna jarri zioten Loiolako apaiza zen Feliciano Etxanizi otoitzak euskaraz esateagatik eta frantziskotar bat atxilo eraman Berrobin meza euskaraz emateagatik. Jose Mariscal Arana izeneko batek ere 500 pezetako isuna ordaindu behar izan zuen kalean semeari “Jontxu” deitzeagatik. 1940an euskarazko errotulazioak debekatu zituzten denda eta negozioetan. Eta 1949, hilobietan. 1969an, debekua diskoetara eta publizitatera zabaldu zuten. Diktadurak ezarritako egoera orokor itogarri eta nazkagarri baten adibideak dira.
Hau idazten ari ginela, Arnaldo Otegiren gogoeta bat EH Bilduren twitterren: “La patria en España ha sido expropiada por la ultraderecha. Esa patria tiene un rey y una bandera, que no es la republicana, y la defensa de la unidad de España con todos los elementos, incluida la utilización de la violencia si es necesario”. Hamaika ikusteko! Indarkeriaren aipamena alde batera utzita ere –Konstituzioaren 8. artikuluaz ari bada, aspaldi esan zuen Arzalluzek “besoa moztu nahiago turkiar erako konstituzio bat onartu baino”– zer esan nahi digu orain EH Bilduko buruak, bandera errepublikarra balu, agian Espainia “patria” onargarria izango litzatekeela? Majo ikusi dugu Frantzia errepublika izateak zer nolako zorigaitza ekarri digun euskaldunoi! Ez ote da Otegi Mario Onaindiaren tankera gehitxo har- tzen ari?
Auskalo, edonola ere, Otegi buru-belarri dabil bere kanpainako estrategian murgilduta eta EAJ-PNV Espainiako PP-Vox tandemarekin bat eginda dabilela esan eta esan, gezurretan. Bota duen azkena, Durangon: PNVren balizko “ekidistantzia” salatu du. Ez da egia ekidistantziarena. Izan ere, ahaztu egin ote zaigu nork erabaki zuen Rajoyren kontrako zentsura mozioa PSOEri gobernua emateko? Baina egia dena da Pedro Sanchezek kale egin diola EAJri, emandako hitza janez eta euskal autogobernua eten gabe higatuz.
Eta euskararen auziarekin gabiltzanez: Auzitegi Konstituzionalaren gehiengo zabal bat progresista da, hamaika kidetik, zazpi. Zertarako balio ote izan digu gehiengo “progresista” horrek, bi kidek izan ezik gainon- tzekoek Vox-en helegitea ontzat eman baitute. Garai batean erraz ulertzen zuten euskal herritar abertzaleek esaldi hau: “ez dago eskuineko espainiar baten antz handiagoa duenik ezkerreko espainiar bat baino”. Bai, alafede, gure erabakitze eskubidearen inguruan. Eta ikusten denez, baita euskarari mugak jartzerakoan ere.
Hau esatea “ekidistantzian” mugitzea da? Ez. Baina euskal politikaren egungo garai erdi surrealista hauetan, arrisku bat ikusten dut: Espainiako eskuina infernuko etsaiaren pareko jarri beharraren beharrez, ez ote gara ari iparra galtzen eta ahazten espainiarrak zer diren? Lehenik espainiar eta gero espainiar, eta ondoren eskuineko edo ezkerreko, mutur bateko zein besteko. Ez al zuten agerian jarri Ibarretxe Estatutu Berria defenda- tzera joan zenean? Ez al zuten nabarmen utzi Catalunyan 155a onartu zutenean? Nola batzuek hala besteek gure autogobernuaren kontra egin dutenean? Zertaz ari gara, bada?
Eta bukatzeko, Sabino Aranaren hitz batzuk: “Edozein arrazoirengatik herri bat ahulduta aurkitzen denean, eta, batez ere, arrazoi horiek bere historiaren erabateko ezjakintasuna eta barruko zatiketa direnean, erraza gertatzen da herri hori kateatzea eta menderatzea”.
Ez daukagu panorama erraza. Eskerrak Pello Bilbaok eta Ion Izagirrek Tourrean poza ekarri diguten. Beraz, Tourrean bezala, aurrera! Orain arte egin duguna egingo dugu Euskadin: euskaldun izan eta geureari eutsi, abertzale izan eta erasoei aurre eman eta irabazi, euskarak egiten gaituelako euskaldun eta Euskadik abertzale!.
EAJ-PNVren EBBko burukidea. Gipuzkoako BNetan bozeramaile