usko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bitartez, Zinemaldia Startup Challenge ekimena sustatzen du. Zinemaldia & Technology jardunaldiaren barruan egiten da, eta Donostia Zinemaldiak, Tecnaliak eta Tabakalerak antolatzen dute, Creative Europe Mediaren eta Vicomtech ikerketa aplikatuko zentroaren laguntzarekin. Tabakalerako 2deo ikus-entzunezko laborategiarekin elkarlanean, jarduera horri loturiko jardunaldi gehiago egin nahi dira urtean zehar.

Hautagaitzak aurkezteko azken eguna datorren ekainaren 1a izango da. Ikus-entzunezkoetan teknologia berriak aplikatzean oinarritutako enpresa-proiektu berriak proposatzen dituzten ekintzaileei eta startup sortu berriei -2015eko abenduaren 31tik aurrera eratuak- zuzenduta dago lehiaketa. Gainera, parte-hartzaileek Europako herrialde batean izan beharko dute legezko egoitza, eta enpresa-proiektua Euskal Autonomia Erkidegoan martxan jartzeko aukera aztertea.

Hautatutako proiektuak Zinemaldiaren egitarauaren barnean aurkeztuko dira, irailean, eta eskola magistral bat ere egongo da.

Aurreko edizioetan, teknologoen, zinemagileen eta zinemaren industriako profesionalen topagune bat izan zen Zinemaldia & Technology. 2018an, J.A. Bayona zinemagileak inauguratu zuen jardunaldia, eskola magistral bat eskainita; 2019an Lucía Peraltak hartu zuen parte, esaterako, Aquaman eta Game of Thrones produkzioetan Digital Matte Painter gisa izandako esperientzia azalduta, eta iaz Marc Ortsek soinu-teknologiaren bilakaerari eta soinu-banda bat sortzeko prozesuari buruz hitz egin zuen.

Izen-ematea Zinemaldiaren webgunean dagoen online formulario baten bidez egin daiteke. Adituen epaimahai batek bost finalista aukeratuko ditu eta horiek urtebetez Euskadiko Teknologia Parkeen Sareko BIC (Business Innovation Center) bateko inkubagailu baterako doako sarbidea, Zinemaldiko jarduera eta ekitaldi guztietarako sarbidea eta jardunaldira joateko bidaia- eta ostatu-gastuak ordainduta izango dituzte.

Aukeratutako proiektuak prentsa-ohar baten bidez ezagutaraziko dira, abuztuaren hasieran. Azkenik, irailean, Zinemaldian bertan, epaimahai independente batek hautatutako du proiektu irabazlea, hots, 10.000 euro jasoko dituena.

Irabazleak nahiz lau finalistek, gainera, 500.000 euro arteko finantzaketa jaso ahalko dute, euren proiektua EAEn garatzeko.