Euskararen eremu euskaldunenak legez babestu eta sendotzeko asmoz, UEMAk lurralde estrategia berri bat aurkeztu du. Erakundearen esanetan, hizkuntza politikek “norabide berria” behar dute, eta datozen urteei begira, jauzi kualitatiborik eman ezean, azken urteetako “geldialdi eta ahultze zantzuak areagotu egin daitezke”, baita arnasguneetan ere.
Mankomunitatearen ordezkarien helburua argia da: Lurgune euskaldunak babestea, sendotzea eta hedatzea, egungo egopera iraulita euskararen indarberritzearen motor bihur daitezen. UEMAren ustez, eremu horiek giltzarri dira euskararen biziraupenerako eta hedapenerako, eta bertan egindako ahaleginek lurralde osoan “eragin biderkatzailea” izan dezakete.
UEMAko lehendakari eta Ataungo alkate Martin Aramendik azpimarratu duenez, “lan handia egin da euskararen biziberritzean azken hamarkadetan”. “Hizkuntza gutxitua da oraindik euskara, eta gaur egungo joera soziolinguistikoak irauli ezean, geldialdi zantzuek galera aroari bide emango diote”, gehitu du. Bere esanetan, arnasguneen gainbeherak eta inguruko erdalguneen presioak arriskuan jar dezakete euskararen transmisioa.
‘Lurralde Estrategia’ berriak oinarrian bi ideia nagusi dituela nabarmendu du Aramendik. Batetik, arnasguneen eta lurgune euskaldunetan eragitea eta indartze bidean jartzea da lehentasuna. Bestetik, hizkuntza politika lurralde ikuspegitik planifikatzeak euskararen indarberritzea azkartu eta eraginkorragoa bihur dezake.
Bost irizpide eta mapa bat
Lege bihurtu nahi duten estrategiak bost irizpide orokor proposatzen ditu hizkuntza politika berritu horretarako. Leitzako alkate Dabid Anautek azaldu duenez, euskararen lurralde eremu guztietan eragin behar da, baina errealitate soziolinguistiko bakoitzera egokituz. “Lurgune euskaldunari motor eta lidergo rola aitortu behar zaio”, adierazi du, “zonalde euskaldunagoek euskara irradiatzen dutelako gainerakoetara”.
"Hizkuntza gutxitua da oraindik euskara, eta gaur egungo joera soziolinguistikoak irauli ezean, geldialdi zantzuek galera aroari bide emango diote"
Bestalde, arnasguneei arreta berezia eskaintzeko helburua ere azpimarratu du, “lege babesa emanez eta sendotze-bidean jarriz”. Hala, lurgune euskaldunak, euskalduntzeko baliabide estrategiko bihurtzea proposatzen du UEMAk.
Irizpide horiek aplikatzeko, berriz, babes eta sustapen bereziko eremu bat definitzea planteatzen du mankomunitateak. Bide horretan, Busturiko zinegotzi Maitane Zearretaren hitzetan, “babes eta sustapen eremu horrek lurgune euskalduna zehaztu beharko luke lehenik, epe ertain-luzera euskara nagusi izango den lurraldea geografikoki jarraitu, demografikoki oparoa eta soziolinguistikoki sendoa eraiki ahal izateko”. Halaber, eremu horren baitan egon daitezkeen tipologia ezberdinak zehaztea ere lagungarria izango litzatekeela gaineratu du.
Mapa hori osatzeko prozesua teknikoa eta adostua izatea nahi dute, aukera ezberdinak landu eta egokiena hitzartzeko.
Hiru norabide
Bost irizpideez gain, proposamenak hiru norabide estrategiko zehatz badituela azaldu dute agerraldian. Lehenik, politika integraletara jauzi egitea. Anauten esanetan, “hizkuntza politika ez da soilik euskara sailetan egiten”; aitzitik, demografia, ekonomia, lurralde antolaketa eta komunitate ikuspegiak txertatu behar dira politika publiko guztietan.
Bigarrenik, urte askotan hizkuntza politikek landu dituzten alorretan (hezkuntza, helduen euskalduntzea, kultura, hedabideak eta aisialdia), politika aurreratuak behar direla defendatu dute, betiere lurgune euskaldunen errealitate soziolinguistikoa oinarri hartuta.
Hirugarrenik, euskal hiztunen ahalduntzea eta kontzientzia linguistikoa indartzea jarri dute jomugan. “Herritar ahaldunek soilik bermatuko dute eusle papera betetzen jarraitzea”, azaldu du Anautek, eta lurgune euskalduneko herritar erdaldunen euskararekiko jarrera baikorrak indartzea ere ezinbestekotzat jo du.
Lege babesa eta plan integrala
Estrategia garatzeko, epe laburrean bi tresna nagusi bultzatuko ditu UEMAk. Batetik, lurgune euskalduna sendotzeko marko legal egokia garatzea. “Judizializazioaren ondorioz sortutako oztopoak gainditzeko eta politika ausartagoak egiteko, babes juridikoa bermatu behar da”, azaldu dute.
"bidea luzea du oraindik egiteko, eta eragile politiko, sindikal eta sozialekin partekatu eta aberastu nahi dugu, oinarrizko adostasun zabalera heltzeko helburuarekin"
Bestetik, erakunde publiko eta gizarte eragileekin elkarlanean, Lurgune Euskalduna Sendotzeko Plan Integrala diseinatzea ere aurreikusi dute. Behin diagnostikoa egindakoan, lehentasunak eta helburuak zehaztu, eta jarraipen eta ebaluazio mekanismoak adostea izango dira hurrengo urratsak.
Azkenik, UEMAk garbi utzi nahi izan du aurkeztutako dokumentua “proposamen irekia” dela. Aramendiren esanetan, “bidea luzea du oraindik egiteko, eta eragile politiko, sindikal eta sozialekin partekatu eta aberastu nahi dugu, oinarrizko adostasun zabalera heltzeko helburuarekin”. 120 udalerri euskaldun eta 350.000 bizilagun ordezkatzen dituen erakundea izanik, lurgune euskaldunen etorkizuna bermatzeko ardura bere gain hartzen duela azpimarratu dute.
Helburua, beraz, ez da soilik egungo eremu euskaldunak babestea, haiek indarberritze prozesuaren erdigune bihurtzea baizik, euskarak ezinbestekoa duen pizkunde berria hauspotzeko.
Proposamen berria asteazken honetan aurkeztu dute Hernanin, UEMAko zuzendaritza batzordeko kideek eskainitako agerraldian. Martin Aramendi, Dabid Anaut eta Maitane Zearretaz gain, Zarauzko zinegotzi Irune Urbieta, Hernaniko zinegotzi Axier Mingo, Markina-Xemeingo alkate Iratxe Lasa, Mallabiko alkate Igor Agirre, Asteasuko zinegotzi Larraitz Alkorta, Aulestiko alkate Irati Urberuaga, Lesakako zinegotzi Eneko Fernandez eta Azpeitiko zinegotzi Aitor Larrañaga ere presente izan dira aurkezpenean.