Síguenos en redes sociales:

Kilometroak 2025: euskararen eta euskaltzaleen bihotz bihurtu zen Elgoibar

Gipuzkoako Ikastolen festa aurreikusita bezalaxe ospatu zen, bisitari ugari hartuta

Kilometroak 2025: euskararen eta euskaltzaleen bihotz bihurtu zen ElgoibarArnaitz Rubio

Elgoibar izan zen atzo euskararen eta komunitatearen festa handiaren bihotza.Kilometroak 2025 jaiak kolore, musika eta elkarlan giroz bete zuen herria, eta horrenbestez, festaren antolatzaileek egindako balorazioa guztiz positiboa izan da: “Gure komunitatearen indarraren, festaren eta balioen adierazle izan da gaurkoa”, adierazi zuten jardunaldi amaieran.

Eguerdi parterako 10.000 lagun inguru baziren herriko kaleetan, eta eguneko unerik gorenean 15.000 pertsona inguru bildu ziren Elgoibarren, giro paregabean. Jaiegun osoan zehar jendetza ibili zen herriko guneetan, eta garraio publikoak, autobusak nahiz trenak, erabilera handia izan zuen. Antolakuntzaren esanetan, udalaren laguntza eta inplikazioa ere nabarmentzeko modukoa izan zen. Trafikoa bideratzeko eta aparkalekuen kudeaketa egokia bermatzeko “ahalegin berezia” egin zutela azpimarratu nahi izan dute.

Jai giro “jator eta lasaia” izan zen nagusi, eta antolatzaileek adierazi zutenez, bisitari guztiek errespetuz eta askatasunez gozatu omen zuten festa eguna.Garbitasunabera ere jendearen kontzientzia eta arduraren isla izan zen, eta lantaldeak ez zuen arlo horretan esfortzu berezirik egin behar izan. Segurtasunari dagokionez ere, ez zen gorabehera nabarmenik izan, eta protokolo guztiak behar bezala bete ziren.

[Fotos] Kilometroak 2025 pone a saltar al euskera en ElgoibarArnaitz Rubio

88

Herrian zehar kokatutako postu gastronomikoen artean, taloek izan zuten protagonismo gehien, eta frontoian egin zen bazkari herrikoian 300 txarteletik gora saldu ziren. Mila boluntario baina gehiagori esker, egun osoan zehar, musika, tailerrak, jolasak eta kultur ekitaldiak etenik gabe aritu ziren herriko hainbat gunetan.

Gazteak

Gazteen artean, Erronka izeneko probarena izan zen eguneko momenturik bereziena. Aurtengo irabazleak honako hauek izan ziren: lehen postuan Usurbilgo Udarregi Ikastola, bigarren Zarautzeko Salbatore Mitxelena Ikastola eta hirugarren Ordiziako Jakintza Ikastola. Bideo lehiaketan, berriz, Laskorain Ikastola tolosarrak eskuratu zuen lehen saria (1.727 like), Jakintzak bigarrena (1.623) eta Salbatore Mitxelenak hirugarrena (1.518). Guztira, 23 ikastolek hartu zuten parte.

Antolakuntzaren esanetan, jaia ez ezik, urte osoko auzolanaren isla izan omen zen atzoko eguna. “Urte osoan egindako lanaren emaitza ikustea benetan hunkigarria izan da”, azaldu zuten Elgoibarko Ikastolako ordezkariek. Boluntarioen lana, komunitatearen babesa eta herriaren parte-hartze zabala goraipatu zituzten.

Salto-saltoka lelopean ospatu zen jaiak mezu garbia zabaldu zuen: euskarara jauzi egiteko garaia dela, norberak banaka zein talde moduan. Leloak poza, energia eta jolasaren espiritua iradoki nahi zituen, eta horixe izan zen egunean zehar antzeman zen sentsazio nagusia. Aldarrikapena eta bizipoza, elkarrekin gozatzeko moduan uztartuta.

Elkarlana

Ekitaldiaren arrakasta bermatzeko helbururekin, elkarlanean jardun zuten Elgoibarko Udalak eta herriko elkarteek. Aitor Elizaran, Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak, ikastolen sarearen izaera berezia goraipatu zuen: “Hirugarren hezkuntza sarea osatzen dugu, biharko euskal herritarrak gaurtik hezten dituen sare eraldatzailea”, aipatu zuen irekiera ekitaldian. “Ez gaituzte bereizten jabetza administratiboek. Hezkuntzaren ikuspegi komunitarioa eta balioetan oinarritutakoa da gure indarra”, gehitu zuen.

Antolatzaileek urtea “berezia” izan dela azaldu zuten. Liburu ibiltariak, horma-irudiak, bideoklipak eta Ikasleen Euskara Batzordea bezalako ekimenek herria erabat aktibatu dutela, eta ohiko ekintzak, Jose Gurrutxaga krosa, Santa Ageda edota Pilota Eguna, sendotu egin direla azpimarratu zuten.

Aurrera begira, Kilometroak 2025 ez da atzoko jaiarekin amaitu, ibilbide berri baten abiapuntu bilakatu baizik. Izan ere, euskararen, aniztasunaren eta herrigintzaren aldeko konpromisoak jarraipena izango baitu. Bildutako baliabideak hiru norabidetan bideratuko direla esan dute elgoibartarrek, eraikinen eta eguneroko baliabideen hobekuntzan, proiektu pedagogiko berrien sustapenean eta komunitatearen arteko harremanak indartzeko estrategietan. “Elkarrekin salto egin dugu, eta jauzi horrek etorkizuneko ateak ireki dizkigu”, adierazi zuten amaieran.