Síguenos en redes sociales:

Kilometroak 2025 Elgoibar Ikastola

'Non eta Mugan’: ikastolek herriari egiten dioten ekarpenaren erakusleihoa

Euskal herriko txoko ezberdinetako gazteak biltzen dituen ekimenak esperientziak elkartrukatu eta elkar ezagutzeko aukera ematen du

'Non eta Mugan’: ikastolek herriari egiten dioten ekarpenaren erakusleihoaJULEN ANSOLA A

Ikasleen arteko esperientzien trukea bultzatu eta ikastolen jaiek herriari egiten dioten ekarpena agerian jartzea da 'Non eta Mugan' egitasmoaren helburu nagusia. Euskal Herriko txoko desberdinetako gazteak elkartzen dituen ekimen honek, ikastolen festak antolatzen dituzten komunitateen lana balioan jartzeaz gain, ikasleen arteko harremanak eta ikuspegi partekatuak sendotzen ditu.

Ekimena 2024an egin zen lehen aldiz. Aurtengoa bigarren edizioa izan da, eta Bastida elkargune gisa hartu da. Bertan, apirilaren 4an, hamalau eta hamasei urte bitarteko ikasleak bildu ziren: bai periferian kokatutako ikastoletakoak, bai 2025eko jaiak antolatzen ari diren ikastoletako ordezkariak.

Bastidan ospatutako topaketan Arabako San Bizente, Bizkaiko Zubi Zahar, Nafarroako Argia ikastoletako eta Iparraldeko Etxepare Lizeoko ikasleek parte hartu zuten. Hauekin batera herrialde bakoitzean aurtengo jaiak antolatzeaz arduratzen ari diren ikastoletako gazteek ere bat egin zuten: Bastida (Assa),Elgoibar,Atarrabia (Paz de Ziganda) eta Galdakao (Eguzkibegi).

Urtean zehar abian jarri dituzten ekintzetako irudi bat, Elgoibar Ikastolako komunitatea protagonista izan dutenak, bereziki ikasleak.

Aisialdiaren esparrua

“Non eta Mugan egitasmoa ikastolek herriari egiten dioten ekarpenaren inguruan hausnartzeko eta hori partekatzeko aukera da”, azaldu du ekimenaren koordinatzaile den Mikel Egibarrek. Aurten, bereziki, aisialdiaren esparruan egiten den lanean jarri dute arreta. “Euskal kultura da egiten dugun ekarpen handiena”, adierazi du Egibarrek.

Bestetik, nazioaren kontzeptua “modu erreal eta presente batean” lantzea ere izan da xedea. Horretarako, Euskal Herri osoko ikastoletako ikasleak batu ziren Bastidan, elkar ezagutzeko eta elkarrekin ikasteko. Periferian lan nola egiten den gertutik ezagutzeko aukera izan zuten, eta ohartu ziren, bai erdigunean bai ertzetan, ikuspegia eta lana partekatua dutela.

Familiak mahai inguruan bildu ziren maiatzean ospatu zen jaian.

Jai giroan gozatzeko eta komunitatea sendotzeko urteroko hitzordua

Urtean zehar hainbat ekimen antolatu dira urriaren 5eko jai handiari bidea irekitzen joateko. Horren adibide da maiatzaren 31n ospatu zen Ikastola Eguna. Haur, gazte zein helduei zuzendutako ekintzez jositako egitaraua prestatu zuten, “festa giroan eta komunitatea indartuz”, azpimarratu dute Elgoibar Ikastolatik. Jolasek, eskulanek, familiako erronkak eta dantzaldiek alaitu zuten eguna. Baita komunitate osoa mahaiaren inguruan bildu zuen bazkariak ere.

Hala ere, egitarauak Kilometroak 2025 jaialdiari eman zion protagonismoa. “Bertan ikusi ahal izan zuten bideoklipa. Abestia ere lehen aldiz jo zuten jendez lepo zegoen Maalako parkean”, gogoratu dute ikastolatik.

Pilota Eguna eta Jose Gurrutxaga krosa

Dena den, aurretik beste ekitaldi batzuk egin ziren. Pilota Egunak zilarrezko ezteiak bete zituen martxoaren 8an. Data esanguratsu hori kontuan hartuta, eta, aldi berean, Kilometroak jaiaren aitzakipean, Pilota Egun bereziago eta osoago batez gozatu ahal izan zen herriko frontoian. Hurrengo hilabetean, Jose Gurrutxaga krosak 700 parte-hartzaile batu zituen kaleetan bere 30. edizioan. Apirilaren 6ko programa borobiltzeko, bazkari herrikoia egin zuten elizpean. 250 lagun elkartu ziren bertan, eta egunaren azken txanpan, soka saltoan amaitu zuten helduek, aurtengo leloarekin bat eginez.