Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak asteazken honetan Bilbon iragarri duenez, Onkologiako Saiakuntza eta Ikerketa Proiektuen Plataforma Bakarra jarriko da martxan, "paziente guztien sarbide ekitatiboa bermatuko duen urrats aitzindaria", eta "sistemak baliabideak erakartzeko eta minbiziaren aurkako borrokan berrikuntza sortzeko duen gaitasuna indartuko du".
Tresna berri horren aurkezpena bat dator onkologian erreferentzia diren Europako adituen taldearen hirugarren eta azken bisitarekin. Aditu horiek, urtebeteko elkarlanaren ondoren, Osakidetzako profesionalei, Osasun Saileko Osasun Ikerketa Institutuei eta pazienteen elkarteei lagundu diete Euskadiko 2025-2030 Plan Onkologiko Integrala egiten eta hobetzen.
Maila goreneko aditu europarren taldeak azken lan-saioa egingo du asteazkenean euskal osasun-sistemako profesionalekin, minbiziaren azpiegitura integralak optimizatzeko programaren esparruan. Programa horretarako Europar Batasunak hautatu du Euskadi, esparru horretan aurreratuta dauden beste 8 herrialde eta eskualderekin batera.
Martinezek lan-saio honen irekieran parte hartu du, Gontzal Tamayo Osasuneko, Eraldaketa Digitaleko eta Osasuneko Emaitzetako sailburuordearekin eta Iñaki Gutiérrez Berrikuntza eta Ikerketa Sanitarioko zuzendariarekin batera.
Saiakuntza klinikoak
Plataforma honen sorrera Euskadiko ikerketa sanitarioaren ildo nagusiaren barruan kokatzen da, onkologian zentratuta dagoena. Gaur egun, Euskadik 140 ikerketa-proiektu aktibo eta 12.000 paziente baino gehiago ditu minbiziarekin lotutako saiakuntza klinikoetan inplikatuta.
Sailburuak azaldu duenez, orain helburua da saiakuntza kopurua eta pazienteen parte-hartzea handitzea, aukera berdintasuna, terapia berritzaileetarako sarbidea eta sortutako datuen kudeaketa aurreratua bermatuz".
"Minbiziak gure herrialdeko heriotza-kausa nagusia izaten jarraitzen du. Plan horrekin eta saiakuntzen plataforma bakar berriarekin, Euskadik urrats erabakigarria eman du Europako ikerketa eta arreta onkologikoaren abangoardian kokatzeko. Ikerketa gehiagok osasun gehiago eta hobea esan nahi du, aukera gehiago eta itxaropen handiagoa pazienteentzat", adierazi du.
Alberto Martínezek nabarmendu du ekimen honekin Euskadik indartu egiten duela Comprehensive Cancer Centres (CCC) direlakoen Europako ereduan duen posizioa. Izan ere, azpiegitura horiek laguntza, ikerketa eta prestakuntza biltzen dituzte, eta nazioartean erreferentzia dira minbiziari osotasunean heltzeko orduan.
Adierazi duenez, parte-hartze horri esker, Euskadi Europako onkologiaren abangoardian kokatzen da, nazioarteko lankidetza indartuz eta bikaintasunean, ekitatean eta berrikuntzan oinarritutako osasun-eredua sendotuz.
Europako topaketa Euskadin
Bi egunez, Europako aditu taldea Gasteizen bildu da astearte honetan eta gaur Bilbon, 2024ko azaroan hasitako aholkularitza amaitzeko, Europar Batasunak minbiziaren azpiegitura integralak optimizatzeko duen programaren esparruan (Comprehensive Cancer Infrastructures).
Bilera horietan funtsezko alderdiak jorratu dira, hala nola ikerketa- eta berrikuntza-estrategiak, pazienteen parte-hartze eta inplikazio zuzena, fase goiztiarretako saiakuntza klinikoak eta ikerketa translazionalari laguntzea, bai eta osasuneko emaitzei buruzko datuen bilketa eta analisia ere.
Hirugarren bisita horrek, Eusko Jaurlaritzak nabarmendu duen bezala, parte hartzeko prozesu bat sendotzea dakar, eta hainbat arlotako bostehun profesional baino gehiago inplikatu ditu, pazienteen eta gizarte-eragileen elkarteez gain, "Osasunaren Euskal Itunaren ildotik, zeinak plangintzarako, asistentziarako, ikerketarako eta irakaskuntzarako eta erakundeen koordinaziorako konpromisoak ezartzen baititu, Osakidetzaren, Osasun Saileko Osasun Ikerketa Institutuen, BIOEF Osasun Ikerketarako Euskal Fundazioaren eta inplikatutako eragile guztien arteko lankidetza indartuz".
Euskadiko 2025-2030 Plan Onkologiko Integrala urriaren 17an aurkeztuko zaie ofizialki osasunaren arloko profesional, elkarte eta eragileei, eta "bat dator osasun-politiketan eta antolaketa-ereduetan beste bultzada bat ematearekin eta Euskadi Europako erreferentziazko Onkologia Zentro Integral gisa onartzeko asmoarekin", adierazi du Jaurlaritzak. Plan horrek konpromiso argiak ezartzen ditu prebentzioan, detekzio goiztiarrean, laguntza-ibilbide integratuetan, ikerketa translazionalean eta profesionalen eta pazienteen protagonismoan