Donostiako Antiguako AEK euskaltegian aurkeztu da gaur Eusko Jaurlaritzaren 2025-2026 ikasturterako euskara ikasteko laguntza programa. Ekimen edo kanpainak “Besarkatu euskara” izango du lelotzat eta helburua nagusia, aurtengo honetan ere, euskararen ikaskuntza sustatzea eta herritar guztientzat eskuragarri egotea izango da. Aitor Aldasoro Hizkuntza Politikako sailburuordeak adierazi duenez, “euskararen ikaskuntza eta erabilera estrategikoak dira Gobernuarentzat, eta bide horretan jarraituko dugu, laguntzen, bideak erraztuz eta ikaskuntza herritar guztientzat eskuragarri jarriz".

Aurten guztira 58,2 milioi euro bideratuko dira euskararen ikaskuntza bultzatzeko. Horien artean, 36,2 milioi euro euskaltegi pribatuentzat izango dira, 14,1 milioi publikoentzat eta 4,86 milioi euro doako ikasketen programarentzat, iaz baino %52 gehiago. Gainera, ikasleek mailak gainditzen dituztenean jaso ditzaketen dirulaguntzetarako ere beste 2,9 milioi euro aurreikusi dira. Aurrekontu hori HABEren bitartez kudeatzen da eta azken urteotan %21 hazi da, guztira 68 milioi eurotik gorako inbertsioa dakarrelarik.

Laguntza hauek isla zuzena izan dute ikasleen kopuruan. A1 mailan, esaterako, %30eko igoera izan da azken urtean: 2023-2024an 4.942 ikasle matrikulatu ziren, eta 2024-2025ean 6.376. Horietatik, %20 etorkinak dira, eta gehienak, %62, A1 mailan matrikulatu dira, baina gero eta gehiago ari dira maila aurreratuetara jauzi egiten. Amaia Irastorzak, Antiguako AEK euskaltegiaren zuzendariak nabarmendu duenez,euskaltegia ate asko irekitzen dituen espazioa da, ikasleek euskararen bidez bizipen berriak, laguntasuna eta aukerak aurkitzen dituzte".

“Matrikula doan izanik, iruditzen zait saiatzeak ez diola inori kalte egiten. Nik argudio hori askotan erabiltzen dut jendea konbentzitzen saiatzeko”

Claire Tonelé - Antiguako euskaltegiko ikaslea

Ikasleak

2025-2026 ikasturtearen aurkezpenean Antiguoko bi ikaslek ere hartu dute hitza, euren esperientzia hurbiletik azalduz. Claire Tonnelé (Frantzia), Donostia International Physics Centereko langilea eta A1 mailako ikaslea. Aurtengoa bigarren ikasturtea izango du euskaltegian. Bere esanetan, Donostiara orain dela bost urte iritsi zenean, zalantzak izan zituen: “Denbora luzez hemen geratuko nintzela argi izandakoan eman nuen izena, lana eta ikasketa uztartzea zaila iruditzen zitzaidalako Donostian geratzeko intentziorik ez banuen”.

Behin erabakia hartuta, gogotsu ekin zion euskara ikasteari, jakin-minak bultzatuta. “Hizkuntza honekiko jakin-min handia dut eta oso polita iruditzen zait. Uste dut lehen urratsa dela gogorrena: hasi eta pixka bat ulertzen hastea. Orain, ilusio handia egiten dit geroz eta gehiago ulertzen joateak”, azaldu du.

Claire Tonelé eta Daniel Garcia Antiguako euskaltegian. Arnaitz Rubio

Haren ondotik, Daniel Garcia (Madril) B1 mailako ikasle eta ikertzailea, hirugarren urtez izango da Antiguako euskaltegiko ikasle. Bilbon master bat burutzen ari zela egin zuen euskararekiko lehen kontaktua: “Lehen aldiz Bilbon izan nuen euskal kulturarekin harremana, kaleetan eta gau giroan. Pixkanaka hizkuntzarekin hartu-emanean hasten zara: kaleetan, hormetan, jendearen artean entzuten duzu. Ia edonon antzeman daiteke”.

Bere bizitzan mugarri izan zen Donostian lan egiteko aukera, eta orduan erabaki zuen ikasketekin hastea. “Orain bai, euskara ikastea lagungarria izango zait, lagunekin hitz egiteko, jarduera kulturaletan parte hartzeko, abestiak ulertzeko edo dendetan euskaraz aritzeko”, pentsatu zuela azaldu du.

“Lexikoa iruditu zait zailena, euskarak hitz berezi asko dituelako, beste edozein hizkuntzaren antzik ez dutenak. Bestetik, horixe da hain zuzen ere gauza ederrenetako bat”

Daniel Garcia - Antiguako euskaltegiko ikaslea

"Merezi du"

Bestalde, Clairek azpimarratu duen beste alorretako bat laguntza ekonomikoena izan da. “Matrikula doan izanik, iruditzen zait saiatzeak ez diola inori kalte egiten. Nik argudio hori askotan erabiltzen dut jendea konbentzitzen saiatzeko”. Danielentzat, berriz, ikaste prozesua “motela” izatea da alorrik konplexuena. Hala ere, bilakaera etengabekoa dela argitu du: “Euskaltegian lana gutxinaka egiten da, poliki-poliki, baina etengabe, eta egunerokoan aguro nabaritzen duzu. Merezi du benetan”. “Lexikoa iruditu zait zailena, euskarak hitz berezi asko dituelako, beste edozein hizkuntzaren antzik ez dutenak. Bestetik, horixe da hain zuzen ere gauza ederrenetako bat”.

Bi ikasleen testigantzek argi erakusten dute Eusko Jaurlaritzak bultzatutako laguntza ekonomikoek eta doakotasun programak zer nolako eragina duten. Diru-laguntza publiko horiei esker, gero eta herritar gehiagok dute euskara ikasteko aukera, eta horrek biziki indartzen du gizartean kohesioa eta integrazioa sustatzeko helburua.