Sexu eta genero aniztasunarekin lotutako gaiei buruzko informazio eta arreta zerbitzu publikoak, Berdinduk, "konpromiso aktiboa" eskatu die euskal herritarrei, udako jaietan emakumeak, LGTBIQ+ pertsonak eta arrazializatutako pertsonak "arriskuan" jarriko dituzten jarrerak prebenitzeko.
Datorren astelehenean Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak hastear daudela eta, EAEko hiru hiriburuetako lehenengoak, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak gogorarazi die herritarrei sexu-orientazioagatik eta genero-identitateagatik egiten diren erasoek bere horretan jarraitzen dutela.
Hori dela eta, prebentzio eta erantzun neurriak eta "erantzukizun kolektiboa" indartzeko deia egin du, "edozein eraso motaren prebentzioa herritar guztien konpromiso aktiboaren mende baitago". "Espazio seguruak eta diskriminaziorik gabekoak sortzea gutako bakoitzaren zeregina da", adierazi du Berdinduk ohar batean.
Protokoloak
Nerea Melgosaren Sailak azaldu duenez, jaietako denboraldian estilo horretako pasarteren bat gertatzen bada, jarduteko hainbat modu daude. Larrialdia bada, 112 zenbakira deitu behar da. Sexu-erasoa jasan duen emakume baten kasuan, 24 orduko krisi-zentroetara ere dei daiteke. Kalte fisikoak edo psikologikoak izan badira, komeni da ospitale edo osasun-zentro batera joatea, agiri bidezko froga gisa medikuaren agiria ezinbestekoa baita salaketa jartzean.
Jai-gune batean egonez gero, udalerri bakoitzean kokatutako puntu moreetara joatea eta haien jarraibideen arabera jardutea gomendatzen da.
Indarkeriazko gertakaria kalean edo establezimendu batean gertatzen bada eta biktima LGTBIQ+ bada, kolektiboaren eskubideen alde lan egiten duen "konfiantzazko" elkarte batera dei daiteke, edo 028 telefonora (Arcoíris zerbitzua). Aurten, urtarrilaren 1etik uztailaren 28ra bitartean 44 diskriminazio-kasu artatu dira. Horietatik 16 LGTBIQ+fobiarekin lotuta daude ( % 37). 2024an, 83 kasu erregistratu ziren guztira, eta horietatik 34 ( % 41) indarkeria mota horri lotuta zeuden.