Maiatzaren 12an ireki zituen ateak MUBIL Center-en egoitza berriak Eskuzaitzetan (Donostia). 25 milioi euroko inbertsioarekin, azpiegitura teknologiko aitzindari hau Europako erreferente bihurtu da, bai bere instalazioengatik, bai enpresen eta zentro teknologikoen arteko lankidetza irekian oinarritutako ekosistemarengatik.
Teknologia eta talentua batzen dituen ekosistema
9.700 metro koadroko eraikinean, mugikortasunaren sektoreko hamar enpresa bildu dira (besteak beste, Battera, Wattson, Veltium eta AVL), baita bi kudeatzaile teknologiko ere (Cidetec eta EPower Labs), guztira 80 profesional kualifikaturekin. Horrez gain, Vicomtech, Cidetec eta Tecnaliaren I+G unitateak ere Eskuzai-tzetan kokatu dira. Instalazioek hiru laborategi dituzte, Europan parekorik ez dutenak: biltegiratze elektrikorako, trakzio elektrikorako eta hidrogeno-pilen azterketarako. Irizar, McLaren edo Iveco bezalako enpresek dagoeneko aukeratu dute zentro hau beren garapen teknologikoak testatzeko, Gipuzkoaren lidergoa sendotuz.
2018. urtean egitasmoa abian jarri zenetik, MUBIL proiektuak helburu argia izan du: kalitatezko enplegua sortzea, berrikuntza-ekosistema sendotzea eta mugikortasunaren sektorearen erronkei aurrea hartzea
Era berean, inaugurazioak agenda bizi bati eman dio hasiera, negozio-aukerak sortzea, balio erantsi handiko enplegua bultzatzea eta ehun produktiboaren eta berrikuntzaren arteko sinergiak sendotzea helburu duten ekintza mordoarekin.
Bisita gidatuak: herritarren eta mugikortasun berritzailearen arteko zubia
Maiatzaren 24an, MUBIL Center-ek herritarrei ateak ireki zizkion bisita gidatuen bidez, lurraldearen etorkizunerako funtsezko azpiegitura hau lehen eskutik ezagutzeko aukera emanez. Azkeneko asteotan, gainera, LHko ikasleak, unibertsitate eta ingeniaritza eskoletako ordezkariak, Gipuzkoako Foru Aldundiko langileak, erakundeetako ordezkariak eta sektoreko enpresak ere bertaratu dira. Jardunaldi horiek MUBILen asmoa jarri dute agerian: teknologia, hezkuntza eta gizartearen arteko elkarrizketa sustatu nahi duen espazioa izatea. Izan ere, ez da soilik saiakuntza-bankua, baizik eta industria, prestakuntza eta garapen jasangarriaren arteko topagune bat.
MUBIL Lab Experience: ezagutza internazionalaren gune
Maiatzaren 29an ospatu zen MUBIL Lab Experience-ren lehen edizioa, mugikortasun aurreratuaren sektoreko 120 aditu internazional bildu zituen foro teknikoa. Besteak beste, AVL, Aston Martin, CAF edo DANA bezalako enpresetako ordezkariek eta ACICAE automozio-klusterreko kideek parte hartu zuten. Bertan, sektoreak dituen erronkak partekatu zituzten, hala nola deskarbonizazioa eta garraio-sistemen digitalizazioa. Ekitaldiak estrategia eta teknologia trukerako erreferentziazko espazio gisa kokatu du MUBIL, Gipuzkoa mugikortasun jasangarriaren nazioarteko lankidetzarako gune gisa finkatuz.
Ateak ireki zituenetik, bisita gidatuak, MUBIL Lab Experience topaketa eta City Science Lab Gipuzkoa ekimena hartu ditu
City Science Lab Gipuzkoa: hiri-antolamendurako ikuspegi aurreratua
Ekainaren 12an jarri zen abian City Science Lab Gipuzkoa, MUBILek MIT Media Lab eta Tecnunekin lankidetzan sustatutako proiektua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Gipuzkoa bihurtu da sare global honetako hamargarren nodo operatiboa, munduko beste hiri aurreratu batzuekin batera. Proiektuak “Gipuzkoa 30 Minute Region” kontzeptua du oinarri: lurraldea datuetan, simulazioetan eta bistaratze aurreratuan oinarrituta planifika-tzea, CO₂ emisioak murrizteko, kohesio lurraldea bultzatzeko eta garapen ekonomiko jasangarria sustatzeko. Ekimenak Gipuzkoa mundu mailako hiri-mugikortasunaren eta lurralde-antolamendu adimentsuaren abangoardian kokatzen du.
Mugikortasun arloko Enpresen Aholku Batzordea
Uztailean zehar eratuko da Mugikortasun arloko Enpresen Aholku Batzordea, MUBILen estrategia-ildoak orientatuko dituen eta zentroaren garapen teknologikoaren eta enpresen arteko lotura indartuko duen organoa. MUBILen lankidetza ikuspegiaren beste adierazle bat izango da, eta mugikortasunaren etorkizunerako lehentasunak definitzeko ekosistemako eragile nagusien inplikazioa bilatuko du. Urteko azken hiruhilekoan zehar, ekintza gehiago antolatuko dira, mugikortasun adimentsua eta berritzailearen arloan Gipuzkoa Europako motor gisa sendotzen jarraitzeko helburuarekin.
2018. urtean egitasmoa abian jarri zenetik, MUBIL proiektuak helburu argia izan du: kalitatezko enplegua sortzea, berrikuntza-ekosistema sendotzea eta mugikortasunaren sektorearen erronkei aurrea hartzea. Zentroaren inaugurazioak eta aste gutxitan gauzatutako ekintzek erakusten dute proiektu honek duen ahalmen eraldatzailea. MUBIL Center ez da soilik azpiegitura bat; baizik eta mugikortasun adimenduaren etorkizuneko erronkei erantzuteko konpromisoa duen apustu sendo bat.