Gazta baten atzean, elikagai bat baino askoz gehiago dago; lurralde oreka eta lehen sektorea mantentzen duten ardiak eta artzainen esfortzua dago eta gutxitan hausnartzen dugu horren inguruan. Euskal Herrian badira oraindik mendia eta lanbidea zaintzen dituzten artzainak, eta horien lana ikusgai egiteko jaio zen Artzai Gazta elkartea 1980ko hamarkadan, artzain-gaztari balioa emateko eta bere nortasuna aitortzeko asmoz. Gaur egun, 90 artzain baino gehiago biltzen ditu Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroan.

Elkartearen helburua argia da: artzaintzan diharduten familien bizimodua duintzea eta lehen sektoretik bizitzea posible dela erakustea. Horretarako, errentagarritasuna ezinbestekoa da: gazta ez da kostuaren azpitik saldu behar, eta lan guztiaren balioa aitortu behar da.

Latxa ardiak, Nafarroako larre batean. N.G

Horretan laguntzen du Artzai Gaztak, laguntza teknikoa, prestakuntza, salmentarako kanalak eta ekitaldiak eskainiz, eta, bide batez, belaunaldi-erreleboa sustatuz. Gazteek nekazaritzan eta abeltzaintzan etorkizuna ikus dezaten, bizibide duin eta bideragarria izan behar du artzaintzak.

Ander Barandiaran, pastor y representante de Artzai Gazta

Ander Barandiaran, pastor y representante de Artzai Gazta Izaro Zubeldia

Gazta bakoitza bakarra da

Artzai Gazta elkarteko kideek artisau eran egiten dute gazta: beren artaldeko Latxa edo Karrantzana ardien esne gordinarekin, familia-ustiategi txikietan eta prozesu osoa euren gain hartuta; jeztea, gaztagintza eta merkaturatzea artzainaren esku daude. Gazta bakoitza bakarra da, baina guztiek dute ezaugarri komun bat: gehienak Idiazabal Jatorri Izendapenaren barruan daude, eta ekoizpenaren %50 inguru suposatzen dute. Horiek bereizteko, Idiazabal zigiluaren ondoan “Baserrikoa” bereizgarria daramate, benetako artzain-gazta dela adieraziz. Gazta hauek ez dira soilik kalitatezkoak: bereziak dira. Esnea ez da garraiatzen, ez da pasteurizatzen eta artzain askok beren arkumeen gatzagia erabiltzen dute koagulaziorako.

Hitz bitan, Artzai Gazta elkartearen ekarpenik handienetako bat da landa eremuaren jasangarritasuna bultzatzea eta artzainaren lana balorean jartzea eta ikusgarri egitea. “Gazta bat ez da soilik produktu bat: bizimodu baten isla da. Lurra, ardiak, jakintza eta kalitatea uztartzen dira Artzai Gaztako gazta bakoitzean. Eta horregatik, gero eta garrantzitsuagoa da kontsumitzaileek jakitea zer dagoen gazta zati baten atzean: profesionalak, lurraldea eta etorkizuna”, adierazi du Belen Landa Artzai Gaztako koordinatzaileak.