Euskal Sagardoak bederatzigarren urtea du aurtengoa. Poliki-poliki bertako merkatuan ari da zabaltzen eta lan zein produktu guztien atzean dagoen errelatoa azaltzen. Mila urtetako lanaren eguneratzea da Euskal Sagardoa, mendeetan zehar gure baserrietan egin eta hobetu diren sagar motak gaur egungo sagardoetan balorean jartzea, mendeetan sagardoa egiteko erabili den modua errespetatu eta gaur egungo makinariara egokitzea; eta noski, mendeetan jaso den jakintzaren azalpen eguneratua izatea.
Ostalariei eta ostalaritzako banatzaileei zuzendutako azalpen dastatzeak eskaintzen ditu Euskal Sagardoak
Euskal Herriko sagastien diseinu berriak aukera ematen die sagardogileei sagarra desberdin jasotzeko: sagar motaz sagar mota iritsi liteke lehengaia upategietara eta horrek sagar mota bakoitzak duen potentziala lantzeko aukera ematen du: barietate bakarreko, biko edo hiruko sagardoak egitea, sagar mota bakoitzari ontze puntu egokia bilatzea, nahasketa kontrolatuak egitea eta, nola ez, horren berri ematea kontsumitzaileei, bai produktuak aurkezteko estrategian eta baita etiketan ere.
Sagardo motak, sagar motak eta elaborazio motak azaltzen hasi dira sagardogileak, bai kontsumitzaileei eta baita saltzaileei ere. Lehen pauso handi bat eman da bederatzi urte hauetan; eta sektorea bizirik dago eta geroz eta produktu gehiago egin eta probatzera emateko prest.

Sagardoak berezko izena du
Azken urteetan, sagardoa edari generiko moduan saldu da kasu askotan, baina geroz eta garrantzia handiagoa du sagardo horrek izen abizenak izateak: Upategiaren izena, Euskal Sagardoa dela adieraztea, eta sagardoaren ezaugarria azaltzeak: barietateak, sagastiak, moduak, kata ezaugarriak...
Azaltzeko eta merkaturatzeko lan honetan ostalaritza da kate begi nagusietako bat, bai historikoki eta baita gaur egun ere. Jende askok uste ez duen arren, taberna, jatetxe eta elkarte gastronomikoetan saltzen da sagardorik gehien eta sektoreak erantzun egin behar die ostalaritzak dituen beharrei aldaketa handiko garai hauetan.
Pasa berri den loraldian sagar asko hartu dute sagarrondoek eta uzta handia izango da iraila-urrian
Hori dela eta, ostalariei eta ostalaritzako banatzaileei zuzendutako azalpen dastatzeak eskaintzen ditu Euskal Sagardoak. Aurkezpen hauetan ostalariek produktuak, eta sektorea egiten ari den lan guztia sakon ezagutzeko aukera dute. Baita produktu guzti hauek beren jatetxe edo tabernetako kartetan izan lezaketen lekua eta modua ere.
Bide horretan, Topa! Gasteiz ekimenaren barruan, ostalariei bideratutako aurkezpen afari bat egin berri da Gasteizko Karmine jatetxean eta bertara Gasteiz eta Arabako ostalariak joan dira nagusiki. Horrelako gehiago egiteko asmoa dago, bai Araban eta baita Gipuzkoan eta Bizkaian ere. Jatorri Deitura handitu heinean baita Nafarroan eta Iparraldean ere.
Produktu desberdin ugari 2024ko uztan
Euskal Sagardoa Jatorri-Deiturak 2024ko uztaren aurkezpena Gasteizen egin du. Ekitaldia pasa den ekainaren 3an izan zen, Sagardoaren Nazioarteko Egunean. Euskal Sagardoa osatzen duten Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 48 sagardogileen 110 sagardo aurkeztu ziren bertan, 150 sagargileren sagarrekin eginak. Uzta txikia izan da kopuruz 2024koa, eta horrek izaera eta gorputz handiko sagardoak eman ditu orokorrean, ahoan luzeak eta lurrintsuak. Guztira, 2,3 milioi kilo bildu ziren eta 1,3 milioi litro Euskal Sagardo egin ahal izan dira.
Sagar mota bakoitzak duen potentziala lantzeko aukera ematen die sagardogileei Euskal Herriko sagastien diseinu berriak
Baina sagardotegi eta sagardo bakoitzak ditu bere berezitasunak. Bide horretan, gauza bereziak merkaturatzen ari dira Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako sagardogileak azken urtetan: lursail jakineko sagardoak, sagar mota jakinekoak, ondutakoak, egurrean garatuak, eta abar. Aurreko urteetako bideari jarraituz, 2024ko uztan dibertsifikazio horretan garatzeko aukera izan du sektoreak eta produktu desberdin asko egin dira.
Eta naturaren zikloak bukaerarik ez duenez, 2025eko uzta sagar arboletan dago dagoeneko. Badirudi sagar asko hartu dutela sagarrondoek pasa berri den loraldian eta uzta handia izango dela iraila-urrian. Baina hura hurrengo uzta izango da eta 2024koa botilan gozatzeko momentua da oraingoa.