Antzina, mutrikuarrek olatuen haustura adierazteko erabiltzen zuten “kardala” hitza, itsasoarekiko lotura estua eta Mutrikuren marinel izaeraren adierazle. Hori da, hain zuzen ere, Mutrikuko Kardala Lanbide Heziketako Eskolaren izenaren jatorria eta funtsa: itsasoarekin harremana duten ezagutzak transmititzea.

Puedes acceder a toda la información del encuentro Datorren gazteria

Prestakuntza espezializatua eta praktikoa

Kardala Lanbide Heziketako ikastetxe integratu publikoen sareko kidea da eta 2004tik eskaintzen du Akuakulturako Goi Mailako zikloa. Euskal Herriko eta Bizkaiko golkoko kostaldeko eskola bakarra da espezialitate honetan. Estatuan lau zentro baino ez daude: Galizian, Katalunian, Andaluzian eta Kanariar Uharteetan. Eskolaren izaera berezi honek ikasleak Euskal Herritik ez ezik, Kantabria, Errioxa edo Aragoitik ere erakartzen ditu. Horregatik, ikasgaiak euskaraz eta gaztelaniaz ematen dira.

Zer da akuakultura?

Akuakultura uretako izaki bizidunen—animalia zein landare—hazkuntza eta ekoizpena lantzen duen arloa da: arrainak, moluskuak, krustazeoak, algak... Kontsumitzen ditugun muskuilu, ostra eta txirla asko akuakulturaren bidez hazten dira gaur egun. Kardalan eskaintzen duten heziketan, gainera, animalien ongizatea ardatz nagusietako bat da.

Aurrematrikula epea zabalik, maiatzaren 23ra arte

www.kardala.eus

Helbidea: Portua z/g - 20830 Mutriku    

Telefonoa: 943 607137

Emaila: komunikazioa@kardala.eus

Instagram: @kardalalhii  

Lan irteera ugari eta espezializatuak

Akuakulturako teknikari batek hazkuntza prozesuak planifikatzen eta gauzatzen ditu. Lan irteerak oso anitzak dira: ingurumen teknikari, laborategiko teknikari, akuakulturako patologia espezialista, industriako teknikari (deribatu eta prestakinetan), akuarofiliako teknikari edo erakusketen diseinatzaile, ugalketa eta gizentze teknikari arrain, molusku eta krustazeotan, eta abar.

Portuan kokatutako instalazioak

Mutrikuko portuan, arrantzaleen kofradiaren egoitzan dagoen eskolak azpiegitura aurreratuak ditu, ur gaziko eta gezako izaki bizidunak hazteko eta ikertzeko: hazkuntza, elikadura eta ugalketari begirako ekipamendu teknologiko eguneratuak izanik.

Prestakuntza erabat praktikoa

Eskolan ematen den prestakuntzaren bi heren praktikoa da. Enpresetara bisitak, ikastetxeen arteko trukeak eta proiektuak sustatzen dira. Aurten, adibidez, ikasleak Senpereko Lycée Saint Christophe, Kataluniako eta Cadizeko IEPAAC eta Zaporito eskoletan izan dira.

Dual eta Erasmus+ aukerak

Ikasleek enpresetan egiten dituzte praktikak, lehen eta bigarren mailan. Bigarren urtean, aukera dute Europako herrialdeetan aritzeko: akuariumetan (Portugal, Irlanda, Italia) eta ikerketa zentroetan (Alemania, Grezia), besteak beste.

Sektorea sendotzeko konpromisoa

Kardalak elkarlanean dihardu hainbat eragilerekin: administrazioa, arrantza saila, unibertsitateak eta enpresak. Helburua: sektorea indartzea eta ikasleentzako aukera berriak sortzea.

Jasangarritasuna ardatz

Jasangarritasuna da bere jardueraren oinarria. Parte hartzen duten egitasmoen artean dago Dabeta-Alburejo proiektua, liza aurata espeziearen ugalketa eta pentsu begetala erabilita hazkuntza optimizatzea helburu duena. Era berean, energia berriztagarriak, digitalizazioa eta ura aurrezteko sistemak erabiltzen dituzte.