Martxoaren 28, 29 eta 30ean, Be! Artzain Kultura Asteburua antolatuko du Berastegiko Udalak hirugarrenez. Tailer ezberdinetan parte hartzeko aukera izateaz gain, hamar gunez osaturiko 2,5 kilometroko ibilbidea eta hainbat hitzaldi antolatu ditu udalak nahi duen edonorentzat.

Jaialdia gertu dagoen honetan, udalak argi dauka: “Ardiek egiten dute Berastegi hain bere, horren txukun”. Izan ere, 1.000 biztanle bizi diren udalerri horretan, 3.000 ardi inguru daude bere lurretan. Aurten ere, ardiak “protagonista” bihurtuko dituzte hiru egunez eta udalerriko alkatearen, Andoni Zurriarainen esanetan: “Asteburu honek artzaintza eta ardi mundua baloian jartzeaz gain, Berastegi mapan kokatzen du”.

Kopuru osoa handia bada ere, alkateak berezitasun bat nabarmentzen du herrian dauden ardien inguruan, izan ere, “Berastegiko 60 etxe ezberdinetan baitaude artalde txikiak”, eta horrek, eragin handia du udalerriaren paisaian. “Berastegi ez da ulertzen ardirik gabe eta artzaintza gure kulturaren parte handi bat da”, gaineratu du.

Artzaintza jendearengana hurbiltzeko ideia paregabea da udalerriak antolatutako asteburua, eta gaur egun artzain den Oier Ugartemendiaren ustetan “lehen sektorea ezin da galdu, paisai eta jakien aldetik asko nabarituko genukeelako”. Be! Bezalako ekitaldiak antolatzeak herri txikiei “asko ematen diela” aipatu du, inguruko herrietan bizi den jende asko jasotzeak “Berastegiri ikusgarritasun handia” ematen diola azpimarratuz.

Udalak hirugarrenez antolatuko ditu asteburu honetan ardi eta artzain munduaren inguruko hitzaldi, azoka eta ibilbide ezberdinak eta, alkatearen esanetan, Be! jaialdiak “etorkizun handia du”. Ugartemendiak, horrelako ekimenek “lehen sektorea ezagutzea, baloratzea eta errespetatzea” eragiten dutela azpimarratu du.

Umeak 2024ko Be! Artzain Kultura Asteburuan ardiak jeizteko tailerrean parte hartzen Iosu Martin

Belaunaldi berriak

Artzain izatea ez da gaur egungo gazte askoren ametsa, eta Zurriarainek argi du lehen sektorearen egoera ez dela “batere erraza”. Hala ere, eta belaunaldi berriak sektore honetara ekartzea geroz eta zailagoa suerta badaiteke ere, “pixkanaka sektore hau indartzea” omen da Be! Artzain Kultura Asteburua-ren helburuetako bat, alkatearen ustetan “sektorearen etorkizuna gazteengan dagoelako”.

“Berastegitar batentzat artzaintzak asko suposatzen du, eta etxetik atera orduko ardiak edonon ikusten dituzu”

Oier Ugartemendia - Artzaina

Ugartemendiak, esate baterako, beti izan du artzain mundua etxetik gertu. 17 urte besterik ez dituen arren, aita 2003az geroztik da artzaina, eta hari laguntzeko prest egon da denbora librea izan duen guztietan. “Aita laguntzera joaten nintzela, traktore gainean edo ukuiluan siestak ere egin izan ditut”, azaldu du.

Artzain gaztearen iritziz “berastegitar batentzat artzaintzak asko suposatzen du, eta etxetik atera orduko ardiak edonon ikusten dituzu”. Herria inguratzen duen paisaiaren eragile nagusia lehen sektorea da gaur egun, baina gazteek, oraindik ere hobetzeko “bultzada bat” emateko aukera dutela iruditzen zaio Ugartemendiari.

EGITARAUA

Ostirala, martxoak 28

14.30. Aurkezpena.

15.00. Izan zirelako gara, garelako izango al dira?. Iraitz Garaiburu eta Oier Ugartemendia artzainekin tertulia.

15.20. Ardi ilea, hondakina ala baliabidea?. Joseba Sanchezen ikerlariaren aurkezpena.

15.40. Gazteak, artzaintzaren oraina eta etorkizuna. Ane Gartziandia Gomiztegi artzain eskolako kidearekin.

16.00. Zein dira etorkizuneko gakoak?. Aritz Ganboa artzainarekin elkarrizketa.

17.30. Luntx irekia parte hartzaile guztientzat.

Larunbata, martxoak 29

9.00. Mondeju ikastaroa. Urepele elkartean.

10.00. Astoekin Gorosmendiko lareetara ibilaldia ardiak eramanez.

15.30/16.30/17.30. Artilearekin ontziak egiten. Kristina Merakiren eskutik.

17.00. Ipuin kontaketa goiko erabilera anitzeko aretoan.

18.00. Gazta dastaketa gidatua. Ordiziako gazta kofradiak gidatuta.

Igandea, martxoak 30

10.00 – 14.00. Artzain Kultura ibilbidea.

11.00 eta 13.30etan. Gazpio Gaztandegira bisita.

12.30 – 15.00. Azoka gastronomikoa.

13.30 – 15.00. Erromeria

Jatorria

Jaialdiaren jatorria azterketa antropologiko batetik dator. Josu Ozaetak, burutu zuen ikerketa-lanean, liburu bat idazteko nahikoa material bazegoela ikusi zuen, eta hori izan zen lehen urratsa. Ozaetaren obra udalak sustatu zuen, eta argitaratu ostean, lanean jarraitzeko aukera bazegoela konturatu ziren. Udalak ‘artzain mahai’ bat sortu zuen Berastegiko artzain zenbaitekin, sektorearen zer alderdi indartu behar ziren aztertzeko. Bilkura hartan, gazta eta arkumea izan ziren balioan jarri nahi izan zituzten bi produktu nagusiak. Horrela erabaki zuen Udalak 2023an, urtean zehar lehen sektoreari bultzada emateko antolatzen dituen ekitaldien parte izatea.