Haurren ahotsekin ongi dabilen euskarazko diktaketa-sistema berria garatu du Orai NLP adimen artifizialeko zentroak. Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, Seaskako Integrazio Batzordeak eta Nafarroako Sortzen Elkarteak bultzatu dute proiektua, Langunek aholkularitzan parte hartu du eta, ‘Euroeskualdeko hiritartasuna’ deialdiko eta SPRIren diru-laguntzak ere baliatu dituzte.
Oraiko hizketa teknologien arduradun Igor Leturiaren esanetan, “sistema hau oso baliagarria izango da desgaitasun motorrak dituzten haur eta gaztetxoen ikasketa-prozesuan”. Tekleatu beharrik izan gabe eta testua hizketa bidez diktatuta, sistema berri hau erabiliz euskarazko idazlanak egin ahal izango dituztela esan du. “Euskaraz esandakoa transkribatu egiten du, eta hizketa bidezko komandoak erabiliz egin daitezke aldaketak edo zuzenketak”, gaineratu du.
Gaur egun, ikasle guztien inklusibitatea lortzeko bidean, hizkuntza eta hizketa teknologiak oso erabilgarriak izan daitezke. Nolanahi ere, horietako gehienak ez daude euskara erabilgarri, eta ez daude, gainera, haurren ahotsetarako prestatuta. Horregatik, Langune, Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkartearen helburua azaldu du Lohitzune Txarola lehendakariak: “Hizkuntza-teknologiak bizitzako esparru guztietara zabaltzea eta teknologiaren inklusibitatea lortzea; besteak beste, kontuan hartzen dugu beti, behar bereziak dituzten haurrek teknologia erabiltzeko zer nolako zailtasunak dituzten”.
Euskarazko hizketa testu bihurtzeko, Orai NLPk gaur egunera arte garatutako tresnak haurren ahotsetara egokitu eta eredu neuronalak entrenatu ahal izateko, Euskal Herri osoko zenbait ikastola eta eskola publikotako 479 ikasleren ahotsak grabatu dituzte: 70.000 grabaketatik gora egin dira.
Martxan jartzea falta
Nahiz eta garatuta dagoen, oraindik ere azken urratsa falta da tresna erabiltzaileengana iristeko. “Plataforma garatuta dago, baina ez da ordenagailuan instalatuta soilik dabilen zerbait. Hizketa-teknologietako eta adimen artifizialeko tresna hauek sare neuronaletan oinarritzen dira eta sare neuronal horiek ordenagailu ahaltsuak behar izaten dituzte”, azaldu du Oraiko ikertzaileak. “Plataforma bera hainbat haur edo gaztek alde berean erabiltzekotan, horrek azpiegitura bat eskatzen du, zerbitzariak behar dira horretarako. Une honetan eskalagarritasuna da gure erronkarik handiena”, gaineratu du.
Orain arte lortutako emaitzarekin pozik agertu dira proiektuaren sustatzaileak: “Oso interesgarria eta polita izan da prozesua. Hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialaren aplikazio oso baliagarria da, dibertsitate funtzionala duten haurrei euskaraz ikas dezaten laguntzeko tresna bat sortu baitugu”.
“Plataforma bera hainbat haur edo gaztek alde berean erabiltzekotan, horrek azpiegitura bat eskatzen du, zerbitzariak behar dira horretarako. Une honetan eskalagarritasuna da gure erronkarik handiena”
Itxaporentsu
AskHezi proiektua, behar bereziak dituzten umeen gurasoek eskatuta jarri zen martxan, eta oso itxaropentsu daude aurkeztutako tresna berriarekin: “Ikasketa-prozesu bat beharko dute gure seme-alabek tresna nola erabili, komandoak ikasi eta sistema probatzeko. Baina oso aukera ona zabaltzen zaigu euskarazko ikasketa-prozesuan aurrera egiteko”, azaldu du proiektuaren bultzatzaile izan den Gabriel Martiarena gurasoak .
Proiektua aurrera ateratzeko jasotako lankidetza eskertu nahi izan dute AskHeziren sustatzaileek: “Euskal Herriko hiru lurralde administratiboetako sare publikoko eta ikastoletako hainbat ikastetxek bultzatuta, lankidetzan aritu gara behar bereziren bat daukaten haurrek euskaraz ikasteko duten eskubidea bermatzeko helburuarekin”.
Halaber, garrantzi handia eman diete euskarazko diktaketa-sistema hau garatu ahal izateko jaso dituzten diru-laguntzei: Euroeskualdearen Akitania Berria – Euskadi – Nafarroa programak bi urtez lagundu du proiektua, eta Eusko Jaurlaritzak ere diruz lagundu du SPRIren Adimen Artifizial Aplikatua deialdiaren bitartez.