Elur arrosaren fenomenoa ikertzen ari da Euskal Herriko Unibertsitateko zientzialari talde bat Antartikan; zehazki, aldaketa klimatikoak eragindako CO2 kontzentrazioa handitzeari landare espezieek nola erantzuten dioten aztertzen ari dira.

EHUko iturriek jakinarazi dutenez, euskal unibertsitate publikoko hainbat ikertzaile 2024-2025 ekitaldiko Espainiako Kanpaina Antartikoan parte hartzen ari dira, Popeye proiektuaren baitan, “aldatzen ari den munduari Antartikako florak nola erantzuten dion ulertzeko”. Beatriz Fernandez-Marin, Jose Ignacio Garcia, Irati Arzac eta Enara Alday zientzialariek osatutako taldea Livingston uhartean ari da lanean, Juan Carlos I.a Base Antartiko Espainiarrean.

Beraz, historian estreinako aldiz, tokian bertan ari dira ebaluatzen CO2 kontzentrazioa handitzearen aurrean landare espezieek nola erantzuten duten. Mikro-algek eragindako elur arrosaren fenomenoa eta “ezkutuko prezipitazioak” aztertzen dabiltza, baita lainoak eta elur horizontalak Antartikako lurreko ekosistemetan duten eragina ere. EHUko iturriek diotenez, ikerketa hori “funtsezkoa” da klima aldaketak Antartikako biodibertsitatean izango dituen ondorioak aurreikusteko eta, muturreko baldintzak gorabehera, egokitzeko mekanismo eraginkorrak garatu dituzten espezieen ulermena hobetzeko. Ezagutza hori erabilgarri izan daiteke beste ekosistema batzuetan eta oso baliagarria interes ekonomiko handiko laboreen hobekuntzan.

Espainiako Gobernuko Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak eta Espainiako Ikerketa Agentziak finantzatutako Popeye proiektuarekin jarraipena ematen zaie aurrez burututako beste zenbait ikerketei, hala nola BBVA Fundazioaren laguntzarekin sustatutako Droplet proiektuari. Antartikako espedizioa otsaila eta martxoa bitartean egiten ari dira eta, bero-tze globalaren testuinguru honetan, handik ekarritako emaitzek argitasuna ekar diezaiokete tundra antartikoaren etorkizunari.