Sare sozialek obesitateari buruzko informazio negatiboa edo oso negatiboa ematen dute
Donostia – UPV/EHUren ikerketa bateko emaitzetan jaso denez, Euskadiko hamar pertsonatik ia 7en ustez, sare sozialek obesitateari buruzko informazio negatiboa edo oso negatiboa ematen omen dute; eta hamarretik 9k diote plataforma guzti horiek gorputzen arteko konparazioa sustatu egiten dutela.
Martxoaren 4an, asteartea, Gizentasunaren aurkako Borrokaren Mundu Eguna dela eta, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Meidaiker ikerketa taldeak inkesta bat egin die 850 pertsonari, gizentasunak komunikabideetan eta sare sozialetan duen islari buruz herritarrek duten pertzepzioa ezagutu nahian, eta bide batez ‘lodifobiari’ buruz ere galdetu dute.
Ondorioek erakutsi dutenez, sare sozialek obesitateari buruzko informazio negatiboa edo oso negatiboa ematen dutela ( %69,6) uste du gure gizarteak; ehuneko hori % 57,3ra jaisten da komunikabide tradizionalen kasuan.
Sare sozialen artean, inkestatuen % 60ren arabera, Instagram omen da irudi negatiboena erakusten duena, gainerako plataformak oso atzean utzi dituelarik. TikTok agertzen da obesitatearekin lotutako gorroto diskurtso gehien identifikatu dituzten bigarren sare soziala, %20,5ekin; ondoren, Facebook ( % 19), YouTube ( %10,7) eta X (%16,5).
Emaitzek erakusten dutenez bada loturarik, pertzepzio negatibo horren eta gorputz-irudiari eta edertasun-estandar nagusiei ematen zaien garrantziaren artean.
EHUk azpimarratu duenez, inkestatuen %68ren iritziz sare sozialetan ikuspegi estetikoa omen da nagusi, eta komunikabideetan, aldiz, ehuneko hori %60ra jaisten da.
Gainera, %90 erabat edo nahikoa ados agertu da plataforma horiek gorputzen arteko alderaketa handiagoa sustatzen dutela onartzerakoan.
% 82ren ustez, telebistako publizitateak eta komunikabide inprimatuek batere errealista ez diren edertasun-estandarrak islatzen omen dituzte.
Zehazki, prentsa arrosak eta entretenimendu programek obesitatea modu sentsazionalistan tratatzen dutela erantzun dute inkestatuen % 80k. “Ikuspegi horrek, gainera, genero kutsu nabarmena du”. Galdetutako pertsonen %80k ezbairik gabe onartu dute, egungo edertasun estandarretara egokitzeko presio sozial handiena emakumeek pairatzen dutela.
Publizitatearen eragina
Dietetikako produktuen edo ariketa programen publizitateak maiz presionatzen dituela dioten emakumeen kopurua gizonena halako bi da ia-ia ( %45 eta %26, hurrenez hurren).
Ikerketatik jasotako ondorioetan aipatu dutenez, gizentasunari lotutako irudi negatiboak pertsona lodienganako estigmatizazioa ekartzen omen du, eta horren adibide aipatzen ditu 2023ko abenduan Itziar Castro aktorearen heriotzaren ondorengo eztabaidak.
Duela gutxi, Lalachus komiko ezaguna Urtezaharreko kanpaien emanaldirako aukeratu izanak sortutakoa ere.
Pertsona lodien aurkako gaitzespen horrek badu izenik, lodifobia, komunikabideetan gero eta presentzia handiagoa duena, inkestatuen %82,7k aitortu baitu termino hori noizbait entzun edo ikusi duela.
Inkesta egin zaien pertsonen %47k dioenez, gizentasuna erantzukizun indibidualeko afera dela iruditu arren, irtenbide kolektiboak eta instituzionalak behar direla proposatzen dute, esate baterako elikagai osasungarriak merkatzea, kontzientziazio kanpaina gehiago sustatzea, eta elikagai ultraprozesatu eta azukretsuei buruzko legeria zorroztea.