Asier Lizarralde eta Ane Munin Lizagasar sagar-tokiaren (www.lizagasar.com) proiektuan atzean dauden bi gazte elgoibartar dira. Orain bost urte hasi ziren forma ematen gaur egun Azkue auzoan gauza-tzen ari diren egitasmoari. Argi zuten proiektuak baserriaren munduari lotuta egon behar zuela, eta are argiago sagar mundua izan beharko lukeela jardueraren ardatz nagusia, Asier Lizarralderen familian errotuta zegoen sagardoa egiteko tradizioari jarraipena emateko asmoarekin.
Hori dela eta, ez da harritzekoa Lizagasar sagar-tokiaren proiektuaren lehen urratsak Azaola baserrian ematea.
Lizarraldetarren familiaren baserria Elgoibarko Sallobente auzoan dago eta sagarrondoak izan ditu betidanik. Garai batean, Asierren osaba arduratzen zen sagarrak bildu eta sagardoa egiteaz, baina duela urte batzuk utzi egin zuen lan hori. Sagarrak lurrean usteltzen ikusteak Asierri bultzatu zion sagarrondoen fruitua aprobetxatzera galdu aurretik. “Koadrilakoekin hasi nintzen baserrira joaten sagarrak batzera sagardoa egiteko. Aitzaki horrekin bazkariak eta afariak ere egiten genuen oso giro onean”.
Afizio zena, ogibide
Lehenengo uztan 200 litro sagardo lortu zituzten, hurrengoetan 500 eta 1.000. Prentsa bat eraman zuten baserrira lana errazteko eta, pixkanaka, Lizarralde sagardoaren munduan sartzen joan zen, hasieran afizio zena ogibidea bihurtzeko lehen pausoak emanez. Bide horretan Ane Munin ezagutu zuen eta elkarrekin ekin zioten Lizagasar sagar-tokiaren proiektua zutik jartzeko ibilbideari.
Bost urte pasa dira lehenengo pausoak eman zituztenetik. Lehenengo erronketako bat betebehar burokratikoei aurre egitea izan zen. “2019 hasi ginen tramite burokratikoak egiten. Urte bat baino gehiago eman genuen paperen artean. Hori alde batera utzita, lan asko egin behar izan dugu azkenengo lau urte hauetan Lizagasar eraiketzeko eta horretan jarraitzen dugu”, esan zuen Lizarraldek. Bere jarduerari hasiera emateko Karakateko magalean egin zuten eraikuntza txikia haunditzen joan da, eta gaur egun tamaina handiko bi eraikin ikus daitezke Lizagasarreko lursailean. Bertan eraldatzen dute batzen duten sagarra, bai Elgoibarren eta bai beste herri batzuetan dituzten sagastietan. ”Hiru hektarea eta 2.300 sagarrondo ditugu hemen, Lizagasarren, eta beste hiru hektarea Plaentxian, Elosun, Azkoitian, Azpeitian eta Arroan. Sagasti zaharrak edo abandonatuak ziren, eta berreskura-tzea erabaki genuen”, komentatu zuen Ane Muninek.
15 sagar mota
Guztira 15 sagar mota ezberdinekin egiten dute lan, baina ez dute kontuan hartzen zer motatakoak diren prentsara botatzerakoan. “700 litro prestatzen ditugu egunero eta hori egiteko prentsan sartzen dugu egun horretan jaso diugun sagarrak. Berdin zaigu sagarra mota batekoa edo bestekoa den, eta zer sagastitik datorren. Dena batera prentsatzen dugu”. Lan egiteko modu honek bezero ezberdinen eskakizunei erantzuteko aukera ematen dio Lizagasarri. “Zortzi kupel ditugu eta bakoitzean dagoen sagardoak bere berezitasunak ditu, betetzeko prentsatu dugun sagarren moten arabera. Kupel bateko sagardoa mikatzagoa izan daiteke, bestekoa gozoagoa, lehorragoa edo freskagarriagoa. Hori ez da arazo bat guretzat. Kontuan eduki behar da era guztietato sagardozaleak daudela. Batzuei motatako sagardo bat gustatuko zaie, beste batzuei bestelakoa, eta gure upaitegian topatu ahal izango dute euren gustukoa den sagardoa”.
Produktu ekologikoa
Lizagasarrek produktu ekologikoaren aldeko apustu serioa egin du hasieratik, eta hori agerian geratzen da sagarra tratatzen duen moduan, produkzioaren erritmoa naturaren eskuetan utziz. “Ahal dugun sagar gutxien edukitzen dugu Lizagasarren; sagastia da gure biltegia. Azkenengo asteak oso haizetsuak izan dira eta hori lagungarria da gure lanarentzat: zuhaitzetik botatzen du sagarra era naturalean, eta guk aprobetxatzen dugu bilketa egiteko, badakigulako sagarra bere heldutasunera heldu dela. Prozesua motela da, gogorra eta egunero adi egon beharra eskatzen duena, baina mesedegarria da sagardoaren kalitatearentzat, heldutasunera iritsi diren sagarren aroma guztiak hartzen dituelako”.
Naturarekiko apustu horrek sagardoari bere heldutasunera heltzeko Lizagasarren ematen zaion denboran ikus daiteke ere. “2023 urteko uzta aurtengo Gabonetan aterako dugu. Egiten dugun sagardoa urtebete egoten da upaitegian. Ardoaren moduan tratatzen dugu. Normalena izaten da urtean egindako sagardoa edatea, baina guk ez dugu saltzen urteko sagardorik. Nahiago dugu sagardo zaharragoa saltzea”.
“Haizea lagungarri dugu gure lanean. Sagarra lurrera botatzen duenen badakigu heldutasunera heldu dela eta une egokian dagoela sagardoa egiteko”
Lizarraldek eta Muninek argi dute bezeroarekiko gertutasuna dela bere jardueraren oinarrietako bat. Martxan jarri duten etxez etxeko banaketa sistema horren adibide garbia da. “Telefono dei bat edo whatsappeko mezu bat nahikoak dira guk enkargua etxera eramateko. Sei sagardo botila behar dituztela Elgoibarko Urazandiko edo Arregitorreko auzoetako etxe batean? Abisua jaso eta afalostean eramaten dugu mandatua etxeraino. Banaketa sistema bera egiten dugu Eibarren eta Soraluzen ostegunetan. Beste herri batzuetara salgaien banaketa egiten ditugu ere, baina kasu hauetan garraio enpresen bitartez bidaltzen ditugu enkarguak, baina egia da %98ko bezeroak ingurukoak direla”, esan zuen Lizarraldek.
Sagardoa ez da Lizagasar sagar-tokiak eskaintzen duen produktu bakarra. Lizarraldek eta Muninek sagarraren beste deribatuekin lan egiten dute: sagar-zukua, sagar purea, marmelada, ozpina edo sagardo-pattarra. Sagarraren zukuarekin egindako gozokiak ere aurkitu daitezke Lizagasarren. “Bizkotxoak eta magdalenak egiten ditugu. Magdalenen berezitasuna da esnerik gabe eginak direla. Probak egiten ibili gara eta lortu dugu. Gabonetaro jarriko ditugu salmentan, baina aurreratu dezaket oso gozoak daudela”, azaldu zuen Anek.
Ekintzailetza eta bisita gidatuak
Hasiera guztiak gogorrak dira eta Lizagasar eraikitzeko proiektua ez da salbuespen bat. Zailtasun horiek irailean eta udazkeneko lehen hilabeteetan areagotzen dira. Sagarra jasotzeko eta prentsatzeko garaia da, sagardoaren eta sagarretik eratorritako beste produktu batzuen oinarria izango den zukua lortzeko. Astelehenetik igandera bitarteko asteko lanaldiak izaten dira, atseden-egunik hartu gabe. Hala ere, ilusioari eusten diote, eta ilusioak proiektu berrietan murgiltzera bultzatu die Asierri eta Aneri. Horietako bat sagardotegira bisita gidatuak dira, sagarra eta sagardoaren mundua ardatz dituena. “Bisitatzen gaituztenek sagastian zehar ibiltzeko eta gure upeltegia bisitatzeko aukera izango dute gure lana ezagutzeko. Egiten ditugun produktuak dastatu ahal izango dute, ere: sagardoa, sagar-zukua, marmelada eta sagar-purea, txorizo egosia baserriko ogiarekin, sagar-gozokia Egotzako ahuntz-gaztarekin, sagar-zukuzko madalenak kafearekin, sagardo-pattarra,...”.
Lizagasarrak eskaintza zabala du, eta sagardoaz aparte, sagar-zukua, sagar-purea, marmelada, ozpina, sagar-pattarra eta gozokiak egiten ditu
Azoketan parte hartzea Lizagasarreko produktuak ezagutarazteko helburuarekin da denbora asko kentzen dien beste betebehar bat Ane eta Asierri, baina hala ere beti topatzen dute aukera herrian antolatzen diren ekitaldietan laguntza eskaintzeko. Horietako bat Lizagasarreko Erronka da, Azkue-San Rokeko Lizagasarreko sagarrondoen arteko trail lasterketa, eta beste bat Karakateko Igoera. Baina hauek ez dira Asier eta Anek bultzatzen dituzten ekintza bakarrak. Bi gazte hauen ekintzailetzak ez du mugarik eta hasi dira gaueko moda desfile bat prestatzen Lizagasarren.