Larunbat honetatik urriaren 18ra bitartean Kontxako hondartzan ikusgai egongo den instalazio artistiko iragankor batek zeharkaldi arriskutsuetan murgiltzen diren migratzaileen "tragedia isilari" buruz gogoeta egitera gonbidatuko du behatzailea.

Jakiunde, Euskal Herriko Zientzien, Arteen eta Letren Akademia, da ekimen honen bultzatzailea, Donostiako San Telmo Museoan demografia eta migrazioari buruz antolatu dituen jardueren atarikoa, Zurrumurruen Aurkako Euskal Sarearekin (ZAS!) batera.

Eskularru-moldeak

EskuBideak, Iruña Cormenzana artistaren lana, "itsasoaren aurrean hondarretan ainguratutako eta erreskatatutako ehunka eskularru-molde" jartzean datza, eta horretarako "industria-hondakinetatik datorren lehengaia erabiliko du", ingurumenaren inguruko hausnarketa eta berrerabilpenaren garrantzia ere azpimarratuz.

"Nolabaiteko paralelismoa sortuko da herrialde hartzaileen behar demografikoak betetzeko lehengai gisa biztanleria iristen zaien herrialdeekin. Kontua ez da banakako istorioak kontatzea, ezta tragediari aurpegiak jartzea ere. Helburua arazoaren garrantzia ikusaraztea da, estatistika hotz eta ikaragarriena", azaldu du artista nafarrak Jakiundek bidalitako ohar batean.

Iruña Cormenzanaren obra urriaren 12an inauguratuko da 16:30ean Kontxako hondartzan eta Kukai Dantza taldeak emanaldia eskainiko du.

Jakiundek migrazioari buruzko bi ekitaldi antolatu ditu San Telmon. Lehenengoa, mahai-ingurua, urriaren 15ean izango da, eta bigarrena, egungo prozesu demografikoei buruzko solasaldia, 22an.