Azkenaldian, zientzia arloko ikasketek indar handia hartu dute, baita Lanbide Heziketan. Nabaritu duzue ikasle kopuruan?
-Iñaki Pakea: Orokorrean eta Gipuzkoa mailan, kimika arloko Lanbide Heziketako ikasketetan ikasle kopuruan igoera handia egon da, gehien bat Donostiako Miramon Parkean bioteknologiako enpresa berrietan lanpostu asko sortu direlako. Nahiz eta gure zikloak industria kimiko orokorragora zuzenduak dauden, enpresa mailan oraindik bide luzea dugu egiteke, izan ere, ez gara laborategira eta bata zurira mugatzen. Orain ezagunagoak gara, bai produkzioko enpresetan bai ikerkuntza zentroetan, eta horrek lan aukerak handitzea dakar, eta ondorioz ikasle kopurua egonkortzera.
Noiztik eskaini dira Tolosan kimikagintza zikloak?
-I.P: Ikasketa hauek hamar urte inguruz eskaini dira. Esan beharra dago Tolosa paperaren erreferente izan dela, 1818. urtean lehenengo paper fabrika ireki zenetik. 1965. urtean, berriz, Paper Eskola deritzon ikastetxea sortu zen eta orduz geroztik irakaskuntza eta paperaren erlazioa estua izan da. Azpimarratu beharra dago, gainera, otsailaz geroztik Paper Eskola Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuaren egituraren parte dela.
"Industria mailan kimika oso zabaldua dago eta edozein produktu lortzeko beharrezkoa da kimika arloko ezagutzak menperatzea. Ateak irekitzen dizkiegu gure ikasleei arlo honetako enpresetan lan egiteko, lanpostu egonkorrak lortzeko aukera baitute”
Kimika arloko zein ikasketa eskaintzen dituzue gaur egun?
-Mentxu Aiertza: Erdi mailako kimikako teknikari zikloa eta goi mailako kimika industrialeko zikloa.
Eta ziklo hauen ezaugarri nagusia zein da?
-M.A: Gertuko erlazioa dugu irakasle eta ikasleen artean, eta ikasle bakoitzaren profilera egokitzen gera. Gainera, oso ziklo praktikoak dira eta tutoretza pertsonalizatua egiten dugu.
Zergatik aukeratu ziklo hau eta ez beste bat?
-M.A: Industria mailan kimika oso zabaldua dago eta edozein produktu lortzeko beharrezkoa da kimika arloko ezagutzak menperatzea. Hori horrela, arlo honetako enpresetan lan egiteko ateak irekitzen dizkiegu gure ikasleei, lanpostu egonkorrak lortzeko aukera baitute. Gainera, laborategian eta produkzio plantan lan egiteko aukera dute, oso moldaerrazak direlako. Hori guztia lortzeko ikasketatan produktu bat lortzeko prozesuan zentratzen gara, eta horrek ikasleen motibazioa handitzen du. Produktu hauek xanpua, papera, pintura, garagardoa eta beste hainbeste dira.
Lan merkatuan duen irteerari buruz, zein lanbide egin di-tzazkete ziklo hauetako tituludunek?
-M.A: Bai bata zuriarekin eta bai produkzio lanetan molda daitezke gure ikasleak. Gure inguruan dauden sektore kimikoko eta antzekoetan lan egin dezakete: papera, pinturak, elikadura. Gainera energia sortzeko instalazioetako eta eragiketa osagarrien instalazioetako operadoreak edo teknikariak izan daitezke (galdarak, labeak, hozteko sistemak…), elektrizitatea sortzeko instalazioen gainbegiratzaile ere, eta gero eta garrantzitsuagoak diren ura trata-tzeko instalazioetan operadore edo teknikari bezala lan egin dezakete.
Zein enpresa motatan bukatzen dute zuen ikasleek?
-M.A: Papera eta kartoia, pinturak, plastikoak, lubrikante eta grasak, kolak.…
Ikasketak burutzen dituztenean, klaseak izateaz gain, zein aukera gehiago eskaintzen dituzue?
-I.P: Lehenengo ikasturtean udaberrian hiru asteko praktikak egiten dituzte enpresa batean, eta bigarren ikasturtean DUAL modeloan ikasketak eta lan mundua uztartzeko aukera ere badute. Erasmus+ proiektu bidez praktikaldia atzerrian egiteko aukera dute eta nahi izan ezkero, ingeleseko errefortzu klaseak ere eskaintzen ditugu.
Interesa duen ala zalantzak dituen norbaiti zer esango zenioke?
-M.A: Kimika laborategi batek edo produkzio prozesu batek kuriositatea pizten badizu anima zaitez: taula periodikoa ez duzu buruz ikasi behar, oso ikasketa praktikoak dira.