Igartza Saria urtero banatzen den literatura-beka da. Aurtengo edizioan, Ane Zubeldiaren Datorren udan ez gara hemen biziko izan da irabazlea. Sariaren helburua euskal literatura babestu eta zabaltzea da, idazle gazte berrien lana sustatuz.
Nahiz eta lehenengo urteetan 6.000 euroko diru-laguntza eman, aurreko edizioetako kalitatea lagun, aurtengo diru-laguntza handitzea lortu dute 10.000 eurotaraino.
Ekimena Beasaingo Udalak antolatzen du, CAF enpresaren babesarekin eta ELKAR argitaletxearen laguntzarekin. Aurtengo edizioan 16 lan aurkeztu dira; idazleek 35 urtez azpikoak izan behar dute, eta horien artetik lan bakarrak jasotzen du urteroko beka.
Asteazken honetan, goizeko 11:30etan, Ane Zubeldia idazlea eta sariaren antolatzaileak Donostiako alde zaharreko Elkar liburutegian bildu dira prentsa-aurrekoa eskaintzeko. Bertan, irabazlea sakonean ezagutzeko aukera aproposa eskaini dute.
Ane Zubeldia ezagutzen
Ane Zubeldia izen artistikoa duena, literatura eta idaztea maite dituen Hondarribiko neska gaztea da. Normalean poesia idatzi arren, argitaratu behar duen Datorren udan ez gara hemen biziko proposamena hainbat ipuinetan oinarritzeko asmoa du, nahiz eta oraindik "osatuta" ez izan. Horietan, gai ezberdinak jorratuko ditu, esplizituki azaldu gabe, irakurleari haiei buruzko irakaspena edo ideia sortzen utziz.
Zubeldiak, gainera, lotura estua du artearekin, literaturaz gain musikaren eta dantzaren arloetan ere esperientzia nahikoa baduelako. Aurrez aipatu legez, bere sorkuntzetarako izen artistikoa erabiltzen du, bere benetako izena Ane García delarik. Abizen aldaketa hori bere amonen abizenekin lotuta dago, eta aldarrikapen gisara erabiltzen du, idazleak azaldu duenez, Zubeldia abizena zuenak ezin izan zituelako idazle nortasuna eta grina garatu.
Argitalpena 2026an
10.000 euroko diru-laguntzarekin Zubeldiak urtebete izango du bere proposamen literarioa garatzeko, beraz, 2026. urtearen hasieran argitaratuko da. Iazko irabazle izan zen Irati Irizarrek, 2025eko otsaila eta martxoa bitartean argitaratuko du bere literatur proposamena.
Sari banaketa ofiziala asteazken arratsaldean egingo da, 19:00etan, Beasaingo Igartza jauregian.