Burujabetza desagertzear omen zegoen, globalizazioaren ondorioz. Ez zen desagertu, noski, eta globalizazioaren gaur egungo krisian, indartsu ageri zaigu kontzeptu eta praxi politiko gisa. Iraultza teknologikoak estatuen arteko lehia basatia berpiztu du, eta potentzien arteko eragin-eremuak birmoldatzen ari dira. Eragin-eremu horiek finkatzeko orduan, subiranotasunaren muinean dauden galdera klasikoak mahaigaineratu zaizkigu berriro ere: nork agintzen du non eta nortzuen gainean? Eta, mundu garaikidean, ezinbesteko beste galdera bat gehitu behar zaie aurrekoei: nola agindu?
Iraultza betean murgilduta gaude: iraultza teknologikoa, energetikoa, zientifikoa, klimatikoa, ideologikoa… Ziurgabetasuna barreiatu da. Eta ziurtasun bila, gertuko esperientzietara jotzen dugu: lurraldea, komunitatea, iragana, tradizioa… Kezka pertsonal eta kolektiboak baretzeko komunitate lekutuak behar ditugunez, eremu birtualetatik eta “hodeietatik” lurrera dator subiranotasuna. Lurraldera eta gertuko komunitatera itzultzeko joera horrek, ordea, norabide ideologiko desberdinak har ditzake. Nabarmena da nazioaren eta burujabetzaren ideiak bueltan direla mundu osoan (inoiz inora joan baziren...), baina zer printzipio, balio eta oinarriren gainean dator itzulera hori?
Izan ere, subiranotasuna modu desberdinetan uler daiteke. Kontzeptu hori gizarte jakin batean nola ulertuko den, zein motatako portuan ainguratuko den, hori ez dago aldez aurretik finkatuta. Urte luzez “suberanista” kontzeptuaren ulerkera jakin bat izan da nagusi, baina orain “portu ideologiko” desberdinetan ainguratzen hasi da: gaur egun, “suberanista” bezala defini daitezke AEBetako trumpista bat, Aliança Catalanako kide bat, Euskal Herriko sindikalista edo gizarte mugimenduetako kide bat, edo Eskoziako ekintzaile independentista bat.
Beren burua subiranistatzat jotzen duten eragile, mugimendu eta norbanakoek, beraz, oinarri zeharo ezberdinak dituzte, eta, kasu askotan, erabat kontrajarriak. Ñabardurak ñabardura, bi joera nagusi soma daitezke munduan. Batetik, “portu subiranista erreakzionarioa” deitu dezakeguna. Burujabetzaren ontzia eskuinaren portuan ainguratu baita herrialde askotan: AEBak, Alemania, Frantziar Estatua, Espainiar Estatua, Hungaria... Joera horrek tokian tokiko aldaerak ditu, planteamendu kontrajarriak ere badira haien artean, baina zenbait diskurtso eta praktika partekatzen dituzte: indibidualismoa, estatu sozialaren higadura, xenofobia, migrazioaren kriminalizazioa, sekurokrazia, anti-feminismoa, neoinperialismoa... Bestetik, “portu subiranista aurrerakoia”. Estaturik gabeko nazio gehienetan izaera aurrerakoia hartu izan du, orain arte, burujabetzaren aldeko mugimenduak: zuzenbide estatu sozialean sakontzea, merkatuaren lege basatiari mugak jartzea, burujabetza politikoaren eta eskubide sozialen arteko lotura, genero zapalkuntzaren kontrako borroka, multilateralismoa, identitatearen ikuspegi dinamiko eta barneratzailea... “Portu” horretan ere, noski, tokian tokiko aldaerak daude.
Otsailaren 28an, larunbatez, hori dena aztergai izango dugu Gure Eskuren II. Konferentzia Subiranistan, Bilboko Bizkaia Aretoan, “Burujabetza eta naziogintza lehian XXI. mendean” izenburupean. Gaur egun, euskal herritarrok behar-beharrezkoa dugu burujabetza, aurrean ditugun erronkei aurre egiteko. Argi dago, halaber, Euskal Herriko mugimendu subiranista anitz eta zabalak herritarren eskubideetan oinarritutako eredua duela, bultzaka datorren olatu erreakzionarioaren ikuspegi itxi eta baztertzailetik urrun. Badugu, hala ere, beste herri batzuetako esperientziatik zein gaur egungo geure errealitatetik abiatuta, zertaz hausnartu. Besteak beste, elkarrekin jarduteko komeni delako aldez aurretik elkarrekin pentsatzea.
Eta horretan lagunduko digute konferentziako hiru mahaitan parte hartuko duten hizlariek: lehenengoan, kazetarien txandan, Jurdan Arretxe, Maite Ubiria eta Jon Olanok abagunearen analisia egingo dute, Ane Urkiriren gidaritzapean; bigarrenean, Zelai Nikolas Gure Eskuko zuzendaritzako kideak elkarrizketa egingo dio Xavier Antich Kataluniako Omnium Culturaleko lehendakariari, eta hirugarrenean, burujabetzaren aldaerez arituko dira Vicent Flor soziologo valentziarra, Michel Cahen historialari frantziarra eta Malen Dominguez soziologo eta Nagore Calvo King’s College London-eko irakasle titular euskal herritarrak, Pili Kaltzada kazetariak dinamizatuta.
Horregatik guztiagatik, II. Konferentzia Subiranistan parte hartzeko gonbita egin nahi dizuet (izenaeman.gureesku.eus helbidean eman dezakezue izena). Konferentziak Euskal Herrian burujabetzaren eta naziogintzaren esparruan ari garen eragile, mugimendu eta norbanakoen bilgunea izateko bokazioa du. Gure Eskun argi dugu garai historiko honek burujabetzaren bidean jauzi bat egin beharra eskatzen duela, eta hori egiteko, funtsezkoak direla lankidetza eta akordio zabalak. Beraz, gogoeta egin dezagun elkarrekin, elkarrekin jardun dezagun. Otsailaren 28an izango dugu hitzordua, Bilboko Bizkaia Aretoan.